}

Lehoi-tamarin urrekararentzat irtenbide itxaropentsua

2001/04/04 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Lehoi-tamarin urrekara desagertzear dauden primateetatik arrisku handiena duenetako bat da. Primate txiki bat da, kilo-erdi baino gutxiago pisatzen du eta 36 cm luze da. 6 edo 8 senidez osatutako taldetan bizi dira, 15 urte bete arte bizi daitezke eta kumeak binaka jaiotzen dira.

Beraien azken gordelekua den Brasilgo euri-oihan atlantikoan, 1.000 tamarin bizi dira eta espezieak bizirik iraun dezan gutxienez 2.000 izan beharko lirateke. Hala ere, azken 30 urteetan izan den kopururik handiena da, 1970. urte inguruan 200 tamarin basati baino gutxiago bizi baitziren oihanean, hau da, espeziea desagertzeko zorian zegoen.

Animalia-kopurua murriztearen arrazoi nagusia beren bizilekua pixkanaka desagertzen dela da. Izan ere, orain Rio de Janeiro estatuko euri-oihanean bizi dira, baina garai batean, oihan hori askoz handiagoa zen eta Egiptok adinako azalera zuen. Gaur egun, aldiz, orduko oihanaren % 7 besterik ez da geratzen eta tamarinen berezko bizilekuaren % 2 baino gutxiago dago bere hartan, inolako aldaketarik gabe.

Munduko Basa Bizitza Fundazioak (WWF) Brasilen aurrera eraman zuen lehen egitasmoa lehoi-tamarin urrekarak salbatzekoa izan zen eta, orain, 39 erakunde eta 140 zoo biltzen ditu. 1984tik, zootan jaiotako 147 tamarin askatu dira inguru basatian eta horietako gehienak ondo egokitu dira eta kumeak izan dituzte. Horrela, populazio basatiari 320 animalia gehitu zaizkio denbora horretan. Gainera, 12 animalia-talde eremu txiki eta isolatuetatik eremu zabalagoetara mugitu dituzte, han elikagaiak lortzeko aukera gehiago dituztelako.

Bestalde, animaliei jarraipena egiteko, irrati-lepokoak jartzea probatu zuten, baina ikertzaileek hildako animalien seinaleak jasotzen zituztela ikusi zuten. Adibidez, behin baino gehiagotan sugeren baten urdailean aurkitu zuten irratia, tamarin bat jan ondoren han gelditu zelako.

WWFko kide baten ustez, gero eta gehiagotan harrapariek talde osoak harrapatzea lortzen dute. Dirudienez, erbinudiaren antzeko mustelido batek tamarinek gaua igarotzen duten gordelekuetatik aterarazten ikasi du eta tamarinen etsai handienetako bat bihurtu da.

Tamarinak bizi diren 14 eremu txiki lotzeko 13 korridore egitea da WWFren hurrengo asmoa. Horrela, asko zabalduko litzateke eremu horietako tamarinen habitata. Gainera, mesedea ez litzateke tamarinentzat soilik izango.

Euri-oihan atlantikoan 2.000 tximeleta-mota baino gehiago bizi dira eta hektarea bakar batean 450 zuhaitz-mota daude. 680 hegazti-espezie daude, horietatik 199 ez dira beste inon bizi. Bestalde, arriskuan dauden beste ugaztun batzuk ere bizi dira oihan horretan, esate baterako, tximino armiarma mota bat eta nagi-espezie bat.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia