}

Lehorreko harraparien muga

2007/01/19 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia


Lehorreko ugaztunetan, haragijale handiena hartz polarra da. Eta nekez agertuko da handiagorik. Biologoen kalkuluen arabera, 1.100 kilotik gorako harrapari batek arazo metaboliko handiegiak izango lituzke bizi ahal izateko. Antza, orain arteko datuek baieztatu egiten dute kalkulu hori; inoiz neurtu den hartzik handiena 1.002 kilokoa zen.

Harrapari pisuagoek oso animalia handiak harrapatu beharko lituzkete, baina harrapaketa horren gastua ez luke konpentsatuko harrapatutakoak. Harrapari txikietan ez da hori gertatzen.

Oro har, hogei bat kilotik beherakoak animalia txikiak janda bizi daitezke, baina, muga horretatik gorakoek beren neurriko harrapakinak edo handiagoak behar dituzte. Zenbat eta harrapari handiagoak izan, orduan eta harrapakin handiagoak behar dituzte. Baina horrek muga bat du: energiaren muga. Ehizan gastatutako energia baino gehiago berreskuratu behar da harrapatutakoa janda. Biologoen esanean, tona batetik gorako harrapariek nekez lortzen dute hori.