}

Leihoak adimendun bihurtzen dituen material bat asmatu dute

2016/08/26 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

leihoak-adimendun-bihurtzen-dituen-material-bat-as
Argia eta beroa kontrolatzen duten estalkia sortu dute. Arg. Cockrell Ingeniaritza Eskola

Leihotik sartzen den argitasuna eta beroa kontrolatzen duen material bat asmatu du nazioarteko ikertzaile-talde batek. CICenergiGUNEko Ikerbasqueko ikertzaileek ere parte hartu dute ikerketa horretan, eta emaitzak Nature Material aldizkarian argitaratu dituzte.

Azaldu dutenez, estalki bat da, orain arteko kristal adimendunak baino eraginkorragoa eta merkeagoa, eta malgua denez, edozein azaletara egokitzen da. Gainera, beroa eta argitasuna modu bereizian kontrolatzen ditu; hala, argiari sartzen uzteko aukera dago, beroa kanpoan utzita, edo alderantziz. Erantzun dinamikoa du, beraz.

Era horretako materialak egiteko, metal oxidoak erabiltzen dira, egoera amorfoan. Normalean, tenperatura altuan ekoizten dira; horrela, 3 dimentsioko egitura amorfo bat eratzen dute atomoek. Estalki berria sortzeko, niobio oxidoan oinarritu dira, eta giro-tenperatura erabili dute prozesuan. Horren bidez, atomoek kateak osatzen dituzte, dimentsio bakarrean, eta horrek ematen dizkio ezaugarri berezi horiek materialari.

Ikertzaileen esanean, estalkia aproposa da eraikinen energia-beharrak murrizteko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia