}

Leihotik botako dute astronauta-jantzia

2006/02/02 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Bihar, otsailak 3, ISS espazio-estazioko astronautek jantzi zahar bat botako dute estazioaren leihotik. Lehendik zabor gutxi dago eta espazioan! Ez ote zaie trabatuko estazioaren zatiren batean, edo mauka bat sartuko nik ez dakit zer tututan, eta dena pikutara joango.

Astronauten asmoa, dena den, ez da jantzi zaharra begi-bistatik kentzea, ez. Astronautak pertsona serioak dira, eta egitasmo serioak gauzatzen dituzte. Hortaz, haien esanean, astronauta-jantzi zaharra leihotik botatzeak badu arrazoi serio bat: satelite bihurtuko dute.

Hiru bateria, irrati-transmisore bat eta tenperatura neurtzen duen sentsore bat jarri dizkiote jantziari, eta SuitSat izenez bataiatu dute. Hala, irrati bidez, Lurretik edonork jaso ahal izango du jantzitik igorritako seinalea. Alegia, han goian dagoen tenperaturaren berri izan dezake edozein irrati-amateurrek, SuitSat-i esker.

Ikasleak aitzakiatzat hartuta, NASAk eskoletarako egitasmo bat prestatu du, irakasleak eta ikasleak seinalea bilatzera animatzeko. Telebista-irudi bat ere igorriko du jantziak, baina NASAkoek ez dute esan nahi zer den; asmatzen duen ikastetxeak sari bat jasoko du.

Aipatzekoa da Errusiako astronautek izan zutela astronauta-jantzia satelite bihurtzeko ideia