Lentejuelazko soinekoa Lurrarentzat
2006/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Lurra eguzkitik babesteko estalki bat jartzea proposatu du Arizonako Unibertsitateko Roger Angel zientzialariak. Steward behatokian egiten du lan Angelek, eta, haren ustez, posible da Lurraren atmosfera are gehiago berotzea galaraztea, estalki babesle baten bidez. Estalkia bilioika disko txiki eta arinez osatuta legoke.
Zenbat disko beharko liratekeen, nolakoak izan beharko luketen eta orbitan nola jarri ere kalkulatu du Roger Angelek. Kalkulu horiek egiteko, NASAren laguntza izan du; izan ere, uztailean NASAren Kontzeptu Aurreratuen Institutuaren diru-poltsa bat irabazi zuen ikerketa aurrera eramateko. Litekeena da inoiz ez gauzatzea proiektua, baina ideia originala behintzat bada, eta, dirudienez, baita eraginkorra ere.