Leonidak, inoiz baino ikusgarriagoak
2001/11/13 Elhuyar Zientzia
Eguraldia lagun izanez gero, leonida ederrak ikusi ahal izango dira datorren asteburuan. 1999. urtea ikusgarrienetakoa izan zen eta, aurten, orduan baino hamar bider meteorito gehiago eroriko dela kalkulatu da. Dena dela, Euskal Herrian ez omen da intentsitate handiko emanaldirik izango.
Leonidak Tempel-Tuttle kometak utzitako arrastoa dira. Tempel-Tuttle kometak Eguzkiaren inguruan egiten du bira. Izarrera gerturatzen denean, hautsa eta gasa isurtzen ditu eta materiazko oso hodi dentsoak sortu. Lurra hodi horietan zehar igarotzen denean, ozar-izarrak gertatzen dira. Hodien adinaren eta Lurrak nondik zeharkatzen dituen arabera, ozar-izarren intentsitatea aldatu egingo da. Badago aldi bat non meteorito-ekaitz bortitzak gertatzen diren, eta, hain zuzen, aurten gertatuko dela iragarri da: azaroaren 18an Lurrak hiru hodi dentso zeharkatuko omen ditu. Ekaitzak Australia eta Asia ekialdetik ikusiko dira hobekien eta astronomo asko hara hurbilduko dira neurketak egitera.
Izan ere, ozar-izarrek alde iluna ere badute. Sateliteak kalte ditzakete eta, horregatik, interes handia dago fenomeno horiek zehatz-mehatz ezagutzeko. Adibidez, hodien dentsitatea eta masaren banaketa jakinda, sateliteak babesteko estrategia egokienak diseinatu ahalko lirateke. Orain arte, ekaitzak aurreikusteko ezintasuna oztopo handia izan da, ikerketak planifikatzeko modurik ez baitzegoen, baina 1999. urtean probatutako iragarpen-eredu batek arrakasta handia izan zuen. Ereduari esker, aurten datu-andana jasoko dutelakoan daude astronomoak. Baina astronomoak ez zaretenok, zerura begira jarri eta ikuskizunaz gozatu. Leo konstelaziora begiratu, handik iritsiko baitira meteoritoak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia