}

Lesbianek eta emakume bisexualek arrisku handiagoa dute bihotzeko osasun-arazoak izateko

2023/05/17 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

lesbianek-eta-emakume-bisexualek-arrisku-handiagoa
Arg. American Heart Association

Lehenengo aldiz, osasun kardiobaskularrean sexu-identitatearen araberako desberdintasunak topatu dituzte: ikusi dute emakume bisexualek eta lesbianek emakume heterosexualek baino osasun txarragoa dutela. Gizonezkoen kasuan, berriz, gayek eta bisexualek heterosexualek baino osasun kardiobaskular hobea dute, batez beste.

Frantzian egin dute ikerketa, 170.000 pertsonarekin. Parte-hartzaileek euren burua definitu zuten lesbiana, gay, homosexual edo heterosexual gisa. Eta zortzi faktore neurtu zituzten: dieta, jarduera fisikoa, loaren kalitatea, pisua, erretzea, eta azukrearen, kolesterolaren eta presio arterialaren mailak. Lesbianek eta emakume bisexualek dietan, presio arterialean eta erretzeko ohituretan dute alde handiena emakume heterosexualekiko. Journal of the American Heart Association aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.

Baldintzatzaile sozialak ere ebaluatu dituzte ikerketa honetan, eta ondorioztatu dute, hein batean bederen, bizi-baldintzek azal ditzaketela osasun-kondizioetan ikusitako desberdintasuna; hala nola pobreziak, lan-baldintza txarrek, buru-osasuneko erronkek, diskriminazioak eta osasun-sistemako esperientzia txarrek.

Ikertzaileek nabarmendu sexu-identitate minoritarioetako pertsonen gaixotasun kardiobaskularraren prebentzioa eta arreta hobetzeko, ezinbestekoa dela pertsona horiek osasun-arreta on bat jasotzeko dituzten oztopoak ezagutu eta gainditzea; eta lesbianak eta emakume bisexualak lehentasunezko talde bihurtu beharko liratekeela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia