Lezetxikin neandertalak oso berandura arte bizi izan zirela baieztatu dute
2023/02/07 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Lezetxiki kobazuloko (Arrasate) giza aztarnak berriro aztertuta, baieztatu dute neandertal gazteenen artean daudela. Zehazki, 32.000-57.000 urte dituztela kalkulatu dute. Diego López Onaindia Bordeleko Unibertsitateko ikertzaileak zuzendu du azterketa, eta American Journal of Biological Anthropology aldizkarian argitaratu dituzte ondorioak, irekian.
Artikuluan gogorarazi dutenez, Lezetxikin Jose Migel Barandiaranek egindako lehen indusketetan, bi hagin aurkitu zituen. Jose Mari Basabe Pradok neandertalenak zirela ondorioztatu zuen, eta hala sailkatu ziren. Orain, Lópezek hagin horiek gaur egungo teknikekin aztertzeko aukera izan du, eta iraganeko lan-koadernoak ere kontsultatu ditu. Lan horri esker, haginak zuzen datatzeaz gain, Lezetxikiko aztarnak erreferentziazkoak izatea lortu du.
Izan ere, Lópezen esanean, nazioartean Lezetxikik ez dauka merezi duen lekua. Ezaguna da industria litikoarengatik eta faunagatik, baina giza aztarnak ez dira ezagunak. “Frantziako nire lankideek, adibidez, ez zekiten neandertalen bi hortz eta antzinagoko humero bat zeudenik. Eta guk ikerketa konparatiboa egiten dugu; horretarako, noski, ondo ezagutzen diren aztarnak behar ditugu, haiekin konparatzeko aztertzen ditugunak. Hortaz, ikerketa honek balio izan du neandertal-hagin horiek ezagutarazteko eta haien ezaugarriak jakinarazteko”. Horrenbestez, hurrengo ikerketetarako informazio baliotsua lortu dute. “Gainera, oso ondo kontserbatuta daude”, zehaztu du.
Kronologikoki datazioa zehazteaz gain, zer motatako haginak diren ere argitu du Lópezek. Izan ere, Lópezek azaldu du 4. premolartzat zutena 3. premolarra dela. “Zuzenketa txiki bat da, baina datu-baseetarako oso garrantzitsua da; estatistikarako dena aldatzen du”. Hortik abiatu zen ikerketa. Mikrotomografia konpunterizatuaren, morfometria geometrikoaren eta halako tekniken bidez, ehunen azterketa egin dute, eta beste neandertal batzuen piezekin, Paleolitoko gizaki modernoenekin eta Neolitokoekin alderatu dituzte. Horrela berretsi dute, zalantzarik gabe, Lezetxikikoak neandertalenak direla.
Neandertal gazteenen artean
Lópezi arkeologiaren historia ere interesatzen zaionez, lan-koadernoak kontsultatzeko baimena eskatu zuen, eta hor ikusi zuen III maila estratografikokoak direla, nahiz eta literaturan IV mailakoak direla azaltzen den. “Ez hori bakarrik: seguruenik III mailako goiko geruzetakoak; hau da, berrienak. Eta geruza hori oso garrantzitsua da, musteriarraren eta auriñaziarriaren aztarnak daudelako. Erdi Paleolitoaren eta Goi Paleolitoren arteko muga da hori, eta Goi Paleolitoan gertatu zena da gure leinua, gizaki modernoa, Europara eta neandertalak desagertzen hasi zirela”.
Kronologia gehiago fintzeko, juxtu geruza berean aurkitutako animalia-fosilak topatu beharko lituztekete, haiek zuzenean datatzeko, eta horrela jakiteko noizkoak diren haginak. “Ezin ditugu zuzenean datatu, horretarako hortzak suntsitu beharko genituzkeelako, eta, noski, ezin dugu ondare hori galdu. Baina, behintzat, neandertal esan dezakegu gazteenen artean daudela”.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia