}

Lineo eta taxonomia: mugarri bat zientziaren historian

2025/03/01 Zabaltza Pérez-Nievas, Xabier - Gaur Egungo Historiako irakasleaUPV/EHU Iturria: Elhuyar aldizkaria

Karlos Lineok naturaren izaki guztiak antolatzeko ahaleginetan eman zuen bizitza osoa. Suediar naturalista handi honek ez zituen animalia- eta landare-espezieak bakarrik izendatu. Mineralak eta beste anitz gauza ere sailkatu zituen, ustezko giza arrazak barne. Aurreiritziak aurreiritzi, beti latinez, gaurko biologiaren adar guztietan erabiltzen den taxonomiaren eta primatologiaren sortzailea izan zen.

Karlos Lineo (1707-1778) taxonomiaren aitaz hitz egiten hasi aitzin, haren izena zehaztea komeni da, gaizki eman ohi baita. Suedieraz Carl Linnæus bataiatu zuten, baina, 1761az geroztik, aitoren seme bilakaturik, Carl von Linné deitu zioten. Latinez, europar ikasi guztiek ulertzen zuten hizkuntzan idatzi baitzituen lanik gehienak, Carolus Linnæus sinatu zuen 1761 arte, eta Carolus a Linné, orduz geroztik. Euskaltzaindiak haren deitura euskaraz ‘Lineo’ dela erabaki zuen 2017an. 

1. Karlos Lineo (Carl Linnæus edo Carl von Linné, 1707-1778). Alexander Roslinek 1775ean eginiko potreta.

Zaila da Lineok zientziaren historian izan duen eragina handizkatzea. 1735ean hamabi orrialdeko liburuxka bat eman zuen argitara: Systema Naturæ, Naturaren Enperadoregoko hiru erresumak, hots, animaliak, landareak eta mineralak, sailkatzeko saio bat. Banaketa hirukun hori ez zen haren ideia izan, XVII. mendeko alkimistek zabaldu baitzuten. Lineok animalien artean sartu zuen gizakia, baina luzaz laugarren erresuma bat egon zen indarrean: Regnum Hominale, hain zuzen ere. Systemaren hamabigarren edizioak (1766-1768), hil aitzin agertu zen azkenak, 2.400 orrialde dauzka, hiru liburukitan. Hamargarrena, 1758koa, zoologia modernoaren abiapuntutzat jotzen da, horretantxe ezarri baitzituen animaliendako izen bikunak, generoaz eta espezieaz osatuak. Botanikarena 1753an, Species Plantarum haren liburuan, kokatu izan da. Erresumaren eta generoaren artean klasea eta ordena paratu zituen. Platonenganaino gibel egiten duen tradizio baten oinordeko, kategoria horiek ere ez zituen Lineok asmatu, baina modu sistematikoan erabili zituen. Egotzi izan zaizkion hitz batzuk («Jainkoak sor, Lineok xeda») inoiz ahoskatu ez bazituen ere, Adan berri baten gisan ikusten zuen bere burua, izaki guztiak, bizidun zein bizigabe, izendatzen tematurik. Beti latinez, 7.700 landare-­espezieri eta 4.400 animalia-espezieri eman zien izendapen zientifikoa.

Lineok zioenez, espezieak Jainkoak sortu ditu eta finkoak dira: ezin dira agertu, aldatu edo iraungi. Ez zuen eboluzioaren teoria ezagutu, Darwinek eta Wallacek 1858an argitaratu zuten eta. Hala ere, bere azken urteetan susmatzen hasi zen espezie batzuk hibridazioaren bidez sor zitezkeela. Gureari dagokionez, 1758an, Systema Naturæ liburuaren hamargarren edizioan, Homo sapiens izen bikunaz bataiatu gintuen, nahiz eta Homo diurnus esapidea ere agertu bertan. Haren ustez, sei barietatetan gaude banaturik. Haietarik, lau kontinentean kontinentekoak eta kolorean kolorekoak dira. Homo sapiens americanus gorria da eta ohituraren arabera antolatzen da. Homo sapiens europæus zuria da eta legeen arabera antolatzen da. Homo sapiens asiaticus horia da eta iritziaren arabera antolatzen da. Azkenik, Homo sapiens afer beltza da eta apetaren arabera antolatzen da. Baina beste bi barietate badira. Homo sapiens ferus zelakoaren barruan ustezko haur basatiak sartu zituen; adibidez, 1719an Pirinioetan aurkitu omen zituzten biak. Lineoren aburuz anormalak direnek osatzen dute Homo sapiens monstrosus: (Laponiako) Alpeetako ipotxek, Patagoniako erraldoiek, barrabil bakarreko hotentoteek (khoekhoeek, alegia), buru handi eta konikoko txinatarrek, Kanadako buru zeihar eta zapalduko amerindiarrek eta, Europan, gerruntzearen ondorioz sabelaldea argaldurik daukaten neskek. 

Areago. Homo sapiens edo Homo diurnus ez zen izan 1758an deskribatu zuen giza espezie bakarra. Jacob de Bondt nederlandar sendagilearen eta Nils Matson Kiöping suediar bidaiariaren irudimenezko kontaketak sinetsirik, Homo troglodytes edo Homo nocturnus espeziea ere ezarri zuen. Pentsatu ohi denaz bestera, ez zen txinpantzea edo bonoboa, ez eta, hau hain garbi ez dagoen arren, hiru orangutan-­espezieetako bat ere. Seguruenik, gaurko Indonesiako emakume bilodunen eta gizon-­emakume albinoen irudi desitxuratua da. Hori gutxi izanen ez balitz bezala, aipatu egileez gain, Ulisse Aldrovandi italiar naturalistari eta Pierre-­Louis Moreau de Maupertuis frantses filosofoari jarraikiz, Homo caudatus hirsutus edo ‘gizaki buztandun eta biloduna’-ren berri eman zuen. Kasu horretan, Itsaso Gorriaz bi aldeetako babuinoaz ari zen, antzinako Egipton sakratua izan zenaz, goititurik eta gizatiarturik. 1760an Simia generoan sailkatu zituen alegiazko bi giza barietate horiek. 1771n hiru giboi-espezie Homo lar taxonean sartu zituen. Luteranismoan hezirik, Lineok uste osoa zuen Jainkoa arrazionala dela eta, horren ondorioz, ezin dela espezie bakarreko generorik egon. Gainera, haren garaian, Scala Naturæ edo ‘izatearen kate handia’-k sapa handia zuen. Antzinatetik garatuz joan zen paradigma horren arabera, Jainkoa izakien gailurrean dago eta lau elementuak (lurra, ura, airea eta sua, hurrenkera horretantxe), oinarrian, betiere goitik beherako eta etenik gabeko sailean, «Naturak ez du jauzirik egiten» eta. Horregatik gizaide-­espezie bat gutxienez behar zen gizakiaren eta beste animalien artean. Halaber, animalien eta landareen artean, polipoak daude, eta landareen eta mineralen artean, koralak (eta Jainkoaren eta gizakiaren artean, bederatzi aingeru-ordena).

2. Systema Naturæ liburuaren hamargarren edizioko lehen liburukiaren azala (1758).

Ikusi denez, gizakien sailkapena arrazakeriaz eta bestelako aurreiritziez beterik dago. Izan ere, ikuspegi guztiz eurozentrikotik ‘Ilustrazioa’ iritzi zaion arren, oso garai iluna izan zen Lineorena. Afrikarren bahiketa, salerosketa eta esklabotza legezkoak ziren eta mundu osoaren kolonizazioa gauzatzen ari zen. Hori dela eta, haren jarrera aintzat hartzekoa da, esan bezala, espezie bakar batean bildu zituelako hezur-haragizko gizaki guztiak. Lineoren ondoren bizi izan ziren egile anitzek espezie batzuetan banatu zituzten. Are urrunago joan ziren Ernst Haeckel 1889an eta Giuseppe Sergi 1911n, espezie batzuetan ez ezik genero batzuetan ere sailkatu baitzituzten. Haeckelen kasua bereziki deigarria da, goi-mailako zientzialaria izan zelako. Harexek izendatu zuen 1866an Biziaren hirugarren erresuma Animalia eta Plantæren ondoren: Protista, zelula (nukleodun) bakarreko organismoak.

1735ean, Lineok, Systema Naturæren lehen edizioan, Animalia erresumaren barruan, Quadrupedia klasea (‘lau hankakoak’) ezarri zuen, izena Aristotelesengandik harturik, eta, horren barruan, Anthro­pomorpha ordena (‘giza itxurakoak’), izena John Rayrengandik harturik. Ordenak hiru genero biltzen zituen, Homo eta Simia haien artean. 1758an, liburu beraren hamargarren edizio ospetsuan, Mammalia (‘ugaztunak’) birbataiatu zuen klasea eta Primates (‘lehenak’ Naturaren izakien hierarkian) ordena. Biek, oso aldaturik, indarrean diraute. Izan ere, espezie anitz atzeman dira hiru mende honetan. Gainera, azken hamarkadetan, iraultza bat gertatu da organismoen sailkapenean, ikerketa molekularrak direla medio. Horien ondorioz, taxonomiak kladistikaren arauetara egokitu behar izan du eta espezieak ugaldu egin dira. Lineoren garaian ez bezala, orain espezieak ez dira ageriko ezaugarrien arabera sailkatzen, haien arteko harreman genetikoen arabera baizik. Zehazki, Homo sapiens delakoaz gain, suediarrak 32 primate-espezie deskribatu zituen zuzentasunez, 2016 arte aitorturiko 505en artetik. Dena dela, saguzarrak eta kolugoak, hark ordena horretan jarri zituenak, ez dira primateak (nagiak antropomorfoak ez diren bezala). Azaldu denez, beste zenbait espezie haren buru sineskorrean eta harena bezalakoetan baizik ez dira existitu. Orobat, haren garaiko ikertzaile gehienen antzera, ez zituen orangutanak eta txinpantzea (eta bonoboa) bereizi. Bitxitasun gisa, gehituko dut Henri-Marie Ducrotay de Blainville frantses zoologoak, Lineoren imitatzailea zenak, ugaztun-ordenak multzokatzeko Secundates, Tertiates eta Quaternates kategoriak sortu zituela 1839an. Erran gabe doa ez zuela inolako arrakastarik ukan.

3. Gizaide-espezieak, Lineoren ustez (Anthropomorpha, 1760). Ezkerretik eskuinera: emakume bilodun desitxuratua; babuino sakratu zutitu eta gizatiartua; txinpantzearen, bonoboaren eta orangutanen arteko nahasketa; eta, zuzena den bakarra, Borneoko orangutana.

Lineok ez zizkien latinezko izen bikunak animaliei eta landareei bakarrik aplikatu. Onddoekin eta organismo mikroskopiko batzuekin ere saiatu zen. Haiendako guztiendako, duda-mudatan, Regnum Neutrum edo Regnum Chaoticum iradoki zuen 1767an. Gehienak Fungi erresuman sartu zituen Robert Whittakerek 1959an. Oihartzun bat ere izan ez zuen arren, Lapides edo ‘harri’-ekin ere erabili zituen Lineok izen bikunak, haren iritziz, Naturaren hirugarren erresuma osatzen dutelako. Sailkapenekiko obsesioaren adierazgarri, beste anitz kontutarako ere eratu zituen taxonak, hala nola sendagai, eritasun eta elikagaietarako. Horiek izen bikunik gabe, baina betiere latinez. 

Biologian izaniko iraultzaren ondorioz, Lineoren sistema osoa kordokatu egin zen. 1990ean Carl Woese, Otto Kandler eta Mark Wheelis mikrobiologoek hiru regio edo ‘domeinu’ eraiki zituzten ohiko erresumen gainean. Landareak, animaliak, protistoak eta onddoak, zelula-nukleoa daukatenak, Eukaryota domeinuan kokatu zituzten, Édouard Chattonek 1925ean plazaraturiko kontzeptua berreskuraturik. Gero protistoak supertalde batzuetan banatu ziren. Beste bi domeinuak, zelula-nukleorik ez daukatenez osatuak, hauexek dira: Bacteria, Herbert Copelandek 1938an erresuma gisa antolatu zuena, eta Archæa, Woesek berak eta George Edward Foxek 1977an deskribatu zituzten organismoak biltzen dituena. Mikroskopikoak izanik ere, arkeoak hurbilago daude eukariotoengandik bakterioengandik baino. Hiru regioetan latinezko izen bikunak erabiltzen segitzen da. Izaki bizidun guztiak taxon bakar batean batzeko Lee Barker Waltonek Bionta terminoa proposatu zuen 1930ean.

Kritikak gorabehera, Lineoren taxonomia antidoto bat izan liteke gure zibilizazioaren antropozentrismoaren kontra. Azken batean, haren antolakuntzan, Imperium Naturæko milioika espezieetako bat besterik ez da Homo sapiens. Izan ere, homo (‘gizakia’) eta humilis (‘apala’) hitzek jatorri bera dute, biak *dhghem- (‘lurra’) aitzinindoeuroperazko errotik baitatoz. ‘Gizon’ hitzari dagokionez, aitzineuskarazko *zoni eta gaurko euskarako ‘zohi’ hitzei loturik egon liteke. Hori horrela, ‘gizakia’k euskaraz eta humano/humain/uman-ek gure erdaretan ‘Lurreko bizilaguna’ besterik ez dute esan nahi, planeta osoa baita Giza Herria, beste bionteekin partekatzen duguna.

Eskertzekoak

Gunnar Brober zena (Lunds universitet, Suedia), Raymond Corbey (Universiteit Leiden, Herbehereak), Aulus Gratius Avitus (Schola Latina Universalis, Erresuma Batua) eta Colin Groves zena (National University, Australia).

Bibliografia

[1]    Barsanti G. 2005. Una lunga pazienza cieca. Storia dell’evoluzionismo. Einaudi, Turin.
[2]    Blunt W. eta Stearn W.T. 1971. The Compleat Naturalist: A Life of Linnaeus. Viking Press, New York.
[3]    Corbey R. eta Theunissen B. (ed.). 1995. Ape, Man, Apeman: Changing Views since 1600. Leiden University, Leiden.
[4]    Frängsmyr T. (ed.). 1983. Linnaeus: The Man and His Work. University of California Press, Berkeley.
[5]    Groves C. 2008. Extended Family: Long Lost Cousins. A Personal Look at the History of Primatology. Conservation International, Arlington.
[6]    Koerner L. 1999. Linnaeus: Nature and Nation. Harvard University Press, Cambridge/Londres.
[7]    Janson H.W. 1952. Apes and Ape Lore in the Middle Ages and the Renaissance. Warburg Institute, Londres.
[8]    Linnæus C. Hainbat lan erabili dira, Systema Naturæ gehienbat. Lehen edizioa 1735ekoa da. Hamargarrenak bi liburuki dauzka: lehena (1758) animaliez eta bigarrena (1759), landareez, hirugarrena, mineralez, ez baitzen argitaratu. Hamabigarrena, hiru liburukitan, 1766-1768koa da. Lineo hil eta gero, Gmelinek hamahirugarren edizioa argitaratu zuen (1788-1793).
[9]    Lovejoy A.O. 1936. The Great Chain of Being: A Study of the History of an Idea. Harvard University Press, Cambridge.
[10]    Pulteney R. 1781. A General View of the Writings of Linnæus. T. Payne and B. White, Londres.
[11]    Roberts J. 2024. Every Living Thing: The Great and Deadly Race to Know All Life. Random House, New York.
[12]    Rowe N. eta Myers M. (ed.). 2016. All the World’s Primates. Pogonias Press, Charlestown.
[13]    Zacharias K.L. 1980. The Construction of a Primate Order: Taxonomy and Comparative Anatomy in Establishing the Human Place in Nature (1735-1916). Ph.D. Dissertation, Johns Hopkins University, Baltimore.