}

Linotipiak aspaldi hil ziren

1988/10/01 Oilarra, A. Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gauza jakina da inprenta-munduak azken 20-30 urteotan itzelezko iraultza izan duela. Garai bateko linotipia zokoratua gelditu da. Fotokonposizioa izan zen lehenbiziko aldaketa eta orria muntaturik ematen dizun ordenadorea da azkena. UEUko Informatika-Sailaren barnean, egungo egunkariak nola egiten diren azaldu zuten.

Orlando Elorrieta eta Xabier Erauskinek klasean esan zutenez, prozesu honetan lehenengo fasea informazioaren bilketa da; teletipo eta telefaxaren bitartez egiten dena. Informazioa lortuz gero, erredaktoreek (bakoitzak duen pantailan) idazten dute albistea. Erredaktore bakoitzak du bere kodea, pantaila horretan idatziriko informazioa babestua egon dadin. Gertatzen dena zera da: kode hori gogorarazteko, kazetariek zenbait gauza berezi erabiltzea.

Prozesuari jarraituz, honako hau azaldu zuten: Egunkariaren delegazio bakoitzean dute ordenadore bat zentralekora konektatuta. Erredakzioan (idaztean) testu-prozesadore bat erabiltzen dute, horrek dituen abantailez baliatuz.

Idazmakina batean bezalaxe idazten da eta gero, kontroleko karaktereen bidez, letra-tipo eta gorputza (hau da, tamaina) aukeratzen dira, nahiz eta idazterakoan dena berdin egiten den, Artikulu guztiak ordenadoreetan sartuta daudenean, denak makina zentral batera bidaltzen dira nola agertu behar duten eta beste agindu guztiak ipinita. Beraz, makina horrek egunkarian agertuko diren moduan idazten ditu testuak; lehen letra berdinaz idatziriko testu berberak.

Prozesu honetan azken aldian beraiek nabaritu duten aldaketarik handiena, muntaiari dagokiona da. Lehen, eta kasu batzuetan orain ere bai, artikuluak argazki-paperean idazten ziren (zutabe baten zabaleraz gutxi gorabehera) eta muntailariek horiek moztu eta egunkariko orrialde batean pegatzen zituzten.

Baina gaur egun orrialde osoa ateratzen da egina. Artikulu bat idazteko ehunen bat eredu dauzkate eta, horren arabera, egunkariko arduradunek testu bakoitza nola aterako den erabakitzen dute.

Ordenadorea erabiltzeak baditu bere abantailak. Artikuluen luzera kontrolatzen da. Lehengo maketatzaileek gorriak ikusi behar izaten zituzten bitartean, gaur egun ordenadoreek egiten dute guzti hori. Esate baterako artikulua laburregia bada, lerro artean espazio handiagoa uzten du dena berdinduta gera dadin.

Edo, aldiz, luzeegia bada, ez dela sartzen esaten du eta orduan moztu egin beharko da. Prozesua amaitzeko orrialde horren argazki bat ateratzen da eta negatiboa (aluminiozko plaka) errotatibara eramaten da handik egunkaria ateratzeko. Hau da egunkariak daraman prozesua.

Beraz, egunkariaren kaleratzearen prozesua asko arindu dela argi dago; gauza gehienak ordenadoreen bidez egiten bait dira. Arintze hau, batez ere maketazio-arloan gertatu da azken aldian.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia