Liraina, deigarria eta mozkortia: GURBITZA
1995/11/01 Terés, Joxepo Iturria: Elhuyar aldizkaria
Espezie honen familiari, ahabia aztertu genuenean, errepaso bat eman genionez, gurbitza generoa ezagutzen hasiko gara. Orokorrean, zuhaiska edo zuhaitz hauek urte osoan berdeak izaten dira eta fruitu modura, baia biribil deigarri bat izaten dute. Arbutus generoaren barruan ezagutzen diren 25 bat espezie Ipar hemisferioan kokatzen dira. Espezie horietatik guztietatik, gurbitza ( Arbutus unedo ) gure artean aurkitzen den bakarra da, penintsulan ere, bera bakarrik aurkitzen delarik.
Gurbitza zuhaiska edo zuhaitz txiki bat da, 5 metrotara irits daitekeena eta salbuespenetan 10etik gora. Enborraren azala arre-gorriska edo arre-griseska, ezkatatan eta luzetarako zirrindatan askatzen dena. Puja gazteak gorriskak izaten dira. Hostoak bakunak, larrukarak, luzanga-lantzeolatuak, ertzean finki zerratuak edo ia-ia osoak. Orokorrean, berde biziak gainaldean lustredunak eta azpialdean zurbilagoak. Loreak berriz, panikula terminaletan zintzilikatzen dira, zuriskak izaten dira, askotan berdez edo arrosaz tindatuak. Fruitua, baia biribil bat da eta 2-2,5 cm-ko diametroa du, hasieran berde-horiska da eta heltzerakoan gorri-laranja. Udazkenean eta negu hasieran loratzen da eta aurreko urteko fruituak era berean heltzen direnez, oso itxura polita hartzen du. Baia hauek jan daitezke, baina asko janez gero eta oso helduak daudenean alkohol pittin bat izan dezaketelako, buruko mina eta mozkorraldia ere eragin dezakete.
Gurbitzak klima biguna behar du eta edozein lurzoru-motatan aurki dezakegu. Euskal Herriko parte gehienetan sakabanatuta dago. Kostaldean ugariagoa izanik, artadi, harizti eta karraskaletan kokatzen da bereziki eta askotan, horien ordezko komunitateetan ere bai. Artelatza dagoen puntuetan ere ugari izaten da eta zenbaitetan, sail dezenteak eratzen ditu. Egurra erregai gisa erabili izan da, kalitate oneko ikatza ematen duelarik.
Sendabelar gisa ere erabilia izan da. Erromatarrek zuhaitz sakratutzat zuten eta sorginak uxatzeko eta ume sorginduak sendatzeko erabiltzen zuten. Baiak jangarriak direla esan dugu eta konfitura, likorra eta ozpina egiteko erabili ohi dira, astrigente-propietateak dituztela adieraziz. Hostoek eta azalak taninoak dauzkate eta beherakoaren eta disenteriaren sendagarritzat hartu izan da. Loreak transpirazioa hobeagotzeko eta sustraiak berriz, hemorragien kontra ere erabili dira.
Familia: erikazeoak |
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia