Liztor alpetarra, erreskaterako prest
2007/04/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Gidatutako helikoptero arruntek bi eratako oztopoak dituzte, altura handietan aritzeko. Batetik, airearen dentsitatea ez da nahikoa hegal birakarien igoerari eusteko. Gainera, oxigeno gutxiegi dago erregaiaren eta airearen nahaste egokia lortu eta gas-turbinak edo pistoizko motorrak funtziona dezan. Bestetik, gidariak osasun-arazoak izango lituzke garaiera horietan.
Everest mendian hiltzen diren mendizale gehienek Heriotzaren Zona deitzen zaion eremuan galtzen dute bizia. Heriotzaren Zona gutxi gorabehera 7.300 metro eta Everesten tontorra (8.484 metro) bitartean dago. Gizon-emakumeen gorputza ezin da egokitu garaiera horretara; hortaz, inork behar baino denbora gehiago ematen badu han (orduak beharrean, egunak), gorputzaren funtzioak hondatzen joaten dira, konortea galtzen du, eta, azkenean, hil egiten da.
Heriotzaren Zona baino beherago ere, mendizaleek osasun-arazoak izaten dituzte, ez badira behar bezain ondo egokitu garaierara. Odolean oxigeno gutxi izateak buruko mina, goragalea, ondoeza, nekea, koordinazio-galera eta halakoak eragiten ditu lehenik. Ez bada neurririk hartzen, biriketako edo garuneko edema izateko arriskua dago.
Egoera horretan dauden mendizaleentzat, hil ala bizikoa da lehenbailehen jaistea menditik, mediku-tratamendua jaso ahal izateko. Baina jaisteko modu bakarra dago: espedizioko kideek eta sherpek lagunduta. Haien laguntzarekin, Everesteko kanpamentu nagusira jaisten dira, 5.364 metrora; han, lehen tratamendua jasotzen dute, eta gero Katmanduko ospitalera eramaten dituzte. Kontua da hori egiteko egunak behar direla, eta denbora kritikoa dela halako egoeretan.
Alpine Wasp
Zeelanda Berrian garatu duten helikopteroarekin, erreskateak orain arte baino seguruagoak eta azkarragoak izatea espero dute. Sei urte behar izan dituzte Alpine Wasp edo Liztor alpetarra garatzeko, eta azkenean lortu dute 9.000 metrora piloturik gabe era seguruan ibiltzen den helikoptero bat egitea.
Bi gaixo edo zauritu hartzeko lekua du, eta motorra eta hegalak bereziki diseinatuta daude garaiera eta orografia horietan aritzeko. Motorra diesela da, ez du suhartzerik behar, tenperatura baxuetan ondo dabil, iraunkorra da, eta ohikoak baino % 35 eraginkorragoa da. Horrez gain, darabilen erregaia merkea da, eta ez oso sukoia. Helikopteroa gidatzeko, berriz, bi era daude: bat lurretik aginduak emanaz, eta, bestela, aurrez programatuta.
Orain probak egiten ari dira, eta 2008ko denboraldirako prest izango dute. Gainera, Erreskatea Everesten Fundazioa erreskate-lanetarako base bat egiten ari da Nepalgo Namche Bazar herrian, Everestetik 35 km-ra. Helburua da alde batetik, erreskateak erraztea, eta, bestetik, hango biztanleen bizimodua hobetzea. Hori bermatzeko, nepaldarrak ere parte hartzen ari dira proiektuan.
Bestalde, fundazioak web gune bat du, eta, gune horretan, asmo guztien berri emateaz gain, proiektua aurrera eramateko diruz laguntzea eskatzen dio jendeari. Laguntzaileen artean hainbat pertsona ezagun daude, besteak beste, Peter Hillary, Zeelanda Berriko mendizalea, Everesten bitan izana eta Sir Edmund Hillaryren semea.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia