Liztor asiarra erle-ehizan
2013/02/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Arturo Goldaracena (Entomologoa, Neiker-Tecnalia)
"Vespa velutina, antza, kiwi-kargamentu batean iritsi zen Bordelera. Merkantzia guztiak aztertzen ez badira eta dakarten fauna eta flora zaintzen ez bada, Europa espezie inbaditzaileen bazar handi bat bihurtuko da."
Julian Urkiola (Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko presidentea)
"Hiru bat zentimetro luze da, eta erregina 3,5 izan liteke. Zazpi milimetroko eztena du. Liztor europarraren (Vespa crabro) eta asiarraren arteko aldea kolorea besterik ez da. Asiarrak hanka-muturrak horiak ditu, eta bizkar gaineko segmentuetan beltz gehiago du europarrak baino. Bizkarra beltza du. Europarrak, aldiz, kaoba-kolorekoa du. Bi liztorrek jaten dituzte erleak, europarrak eta asiarrak. Baina asiarrak hamar mila aldiz gehiago jaiotzen dira, eta desoreka handia ekarri du horrek."
Arturo Goldaracena (Entomologoa, Neiker-Tecnalia)
"Nire ustez, erlea ez da inoiz desagertuko, gizakiak hazitako intsektu bat baita. Eta polinizazioa desagertuko da? Ezta ere. Polinizazioa beste lanik egiten ez duen milaka intsektu dago ekosisteman. Beste kontu bat da erleak desagertzeak zer arazo ekonomiko eragingo dituen."
Julian Urkiola (Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko presidentea)
"Erlauntzara bueltan datorren erlea nekatuta eta kargatuta dator; hori da liztorrarentzat harrapakinik politena. Lepotik eusten dio erleari, eta zuhaitz-izkinara eramaten du; ordurako ito du. Han, jaten hasten da, burutik; guk otarrainxkak jaten ditugun bezala, zurrupatu egiten du. Gero, erlearen burua moztu, eta bota egiten du. Eta tripa barrutik hasten da jaten. Barruko eztia, eta jan lezakeen guztia jaten du. Bukatzeko, bizkar gainetik moztu, hegalak eta hankak moztu, eta trontzorik onena habiara eramaten du, Erreginak eta kumeek jan dezaten."
--> Julian Urkiolari Norteko Ferrokarrila irratsaioan egindako elkarrizketa
--> "Ekosistemari ziztada" erreportajea, Teknopolis telebista-saioan, argazkiak egin ziren eguneko irudiekin
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia