}

Loditasunaren atzean, elkarrengandik urrun dauden bi generen elkarrekintza

2014/03/14 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

loditasunaren-atzean-elkarrengandik-urrun-dauden-b
IRX3 generik gabeko saguak sagu normalak baino argalagoak ziren gantzetan aberatsa den dieta emanda ere Arg. Lexicon Genetics

Obesitatean zer genek eragiten duten argitzeko bidean urrats bat eman dute, Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera. Aurretik, genomako elkarrekintza orokorrak aztertzeko ikerketetan ikusia zuten gene bat, FTO delakoa, obesitatearekin lotuta dagoela. Ikerketa horietan, halaber, zehaztu zuten gene horren eskualde ez-kodetzaileko eremu jakin baten (introi baten) aldaerak zirela horren erantzuleak; alegia, horiek dituztenek joera handiagoa dutela obesitatea izateko. Orain, nazioarteko ikertzaile-talde batek argitu du genomako zer eskualderi eragiten dion FTO genearen introi horrek. Hain zuzen, IRX3 genearen espresioari eragiten diola ikusi dute, FTOtik ehunka mila base-parera dagoen gene bati.

“Gure datuek garbi adierazten dute IRX3 geneak gorputzaren masa eta konposizioa kontrolatzen eta erregulatzen duela”, dio Marcelo Nobrega Chicagoko Unibertsitaeko irakasle eta ikerketaren egileetako batek. Hortaz, “FTO genearen eta obesitatearen artean loturarik badago, gene horrek IRX3ri eragiten diolako da”, argitu du. Elkarrekintza hori, gainera, gizakietan, saguetan eta zebra-arrainetan behatu dute.

Ondorio horretara iristeko, FTO genearen bi aldeetara dauden milioi bat base-pare aztertu zituzten, eta bertako promotoreen erantzuna behatu. Promotoreek geneen espresioa aktibatzen duten eremuak dira, eta ikertzaileek ikusi zuten obesitatearekin lotzen zuten FTO genearen introiak ez zuela inolako eraginik FTO genearen promotorean. IRX3 genearen promotoreari erreparatzean, ordea, frogatu zuten introi horren aurrean erantzuten duela; hain zuzen, gene horren espresioa areagotzen du.

IRX3 genearen funtzioa egiaztatzeko asmoz, gene hori gabeko saguak diseinatu zituzten, eta haien metabolismoa eta gorputz-egitura aztertu zituzten. Bada, ikusi zutenez, saguok sagu normalak baino argalagoak dira, % 30 inguru, gorputzean gantz gutxiago metatzen dutelako. Gantzetan aberatsa den dieta emanda ere, sagu eraldatuek ez zuten pisurik hartzen, ezta gantz gehiago metatzen ere. Dieta hori sagu normalei ematean, berriz, pisua bikoiztu egin zuten.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia