}

Logan mendiaren sekretu klimatikoak

2002/11/28 Elhuyar Zientzia

Logan mendian klima-aldaketaren aztarnak aurkitu dituztela esan dute zientzialari kanadarrek. Logan mendia, 5.959 metro, Kanadako tontorrik garaiena da eta Yukon probintzian dago, lurraldearen mendebaldean. Tontor-aldea beti dago elurtua eta haraino joan dira ikertzaileak, 5.300 metrora, bertako glaziarraren izotzak arakatzera. Glaziarraren izotz-geruzak datatu eta aztertu dituzte, eta azken 300 urteetako elurteen berri jakin dute.

Datu horien arabera, 1700etik 1850era gutxi gorabehera elur-kantitate bera pilatu zen urtero. Baina, geroztik, kantitate hori nabarmen handitu da, batik bat azken hamar urteetan. Eta ikertzaileen ustez klima aldatzen ari delako gertatu da hori. Hau da, garai batetik hona elur gehiago egiten du Kanada mendebaldeko atmosfera berotzen ari delako. Aire beroak hezetasun handiagoa ekartzen duenez, geroz eta elur gehiago egiten du neguan.

Logan mendian bildutako datuak klima aldatzen ari dela adierazten duten beste hainbatekin bat datozela esan dute ikertzaileek, besteak beste El Niño fenomenoan behatu direnekin. Baina denak ez datoz bat. Beste askoren ustean, ebidentzia horiek ahulegiak dira klima-aldaketaren inguruko baieztapen irmoak egiteko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia