}

Lorategiko mikroorganismoek ongarri minerala ekoizten dute

2001/03/09 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Estoniako ikerlari batzuk landareei fosforo-ongarriak emateko era berezi bat asmatu dute. Diotenez, mikrobioek lurreko konposatu fosforodunak landareek bereganatzeko gai diren substantziatan bihurtzen dituzte.

Landareek fosforoa behar dute, zelularen metabolismo energetikoan parte hartzen duelako. Lurreko fosforoa, ordea, burdinarekin, aluminioarekin eta kaltzioarekin batera, gatz disolbaezin moduan egoten da, beraz landareek ezin dute asimilatu. Landareek fosforo-konposatu disolbagarriak besterik bereganatzen ez dituztenez, ekoizleek ongarri fosforikoakerabili behar izaten dute, baita lurra berez fosforoan oso aberatsa den tokietan ere.

Estoniako Tallinn-eko Unibertsitate Teknikoko eta Kimika Orokor eta Aplikatuaren Institutoko zientzialariek irtenbide berri bat aurkitu dute. Hainbat mikroorganismoek jariatzen duten azido organikoei esker, lurreko fosforo disolbaezina landareentzako erabilgarriak diren konposatu fosforikoetan bihurtzen da. Ikertutako mikroorganismo-mota bakoitzak abiadura batetan egiten du eraldaketa eta eraginkorrenak onddoak direla ikusi dute. Tenperatura baxuetan gertatzen zena jakitea ere garrantzitsua zen, hazkunde-garaiaren hasieran sarritan hotza egin dezakeelako. Baina 5 °C-tan ere onddoek ez dute aktibitatea galtzen.

Ikertzaileen ustean, azterketa horiek aurrerapauso handia dira, mikroorganismoek lurrak duen fosforoa eraldatu besterik egiten ez dutenez, ongarri ekologikoak direlako. Ondorioz, ez dago lurrari fosforoa gehitu beharrik eta, bide batez, ekoizpen-sistema merkatu egiten da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia