Loreen lurrinen lapurrak
2001/04/22 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Inguru hauetan ez bezala, perfumeak sortzeko usain gozoaren bila ibiltzen diren ikerlarientzat udaberriak 12 hilabete ditu eta, beraz, ez pentsa irakurle, gaurko gaia irudipen eskasaren adibide denik. Gabon inguruan merkaturatzen diren perfume horiek urte osoko lan delikatu eta ez erromantikoa eskatzen dute.
Lore berriak atzematea izaten da lehen lana. Baina nola egiten dute lurrina bere horretan laborategira eramateko? Beharrezkoa al da usain gozoa bezain preziatua den lorea hondatu gabe usain konposatuak identifikatzea? Era horretako galderei erantzunez, usainen munduan murgildu eta perfumeen historia ezagutzeko gonbita da honakoa.
Urrundik ekarritako usain gozoz (edo imitazioez) osatuak daude gaur egun erabiltzen diren perfumeak. Hori, bere horretan, ez da aurkikuntza, urrun zer den definitzen ez den bitartean behintzat. Dena erlatiboa denez, ulertzekoa da urrun esatean exotiko zaizkigun irla eta eremu babestu zoragarri horietan pentsatzea, azken finean, egia baita, maiz, lore berrien bila eremu babestu zoragarrietara joaten direla. Baina, ez, hori ez dago hain urrun. Urrun espazioa dago eta hori perfumeetarako erabiltzen diren landareek ongi dakite (bidaia egiteko parada eduki dutenek behintzat).
Zientziako beste hainbat asmakizun bezala, loreek lurrean eta espazioan ez dutela lurrin bera botatzen kasualitatez deskubritu zuten. Susmoren bat edo beste edukiko zuten hala ere, perfume-industrian ezaguna den Overnight Scentsation arrosa espaziora bidali zutenean. 1998an izan zen hori, hain justu ere, Discovery espazio-ontziak urte horretako urrian eginiko bidaian. John Glenn- astronauta izan zen lorea zaintzeko ardura hartu zuena. Braja Mookherjee adituak esan duenez, "espazioan lorearen usain gozoa determinatzen duten molekulen proportzioa aldatu egiten da.
Lurrean, arrosa horrek landare-usain markatua dauka eta mikrograbitatean, berriz, lore-usainak indarra hartzen du, landare-usainaren kalterako". Baina espazioan eta lurrean usain desberdina badu, nola egin zuten espaziotik lurrera usaina batere aldaketarik eragin gabe jaisteko?
Nola harrapatzen da?
Lore bakoitzak jariatzen duen usaina oso aldakorra da. Edozein faktoreren eraginez aldatzen denez, espazioan edo laborategitik urrun dauden eremu babestuetan atzemandako usaina bere horretan garraiatzen ikastea izan da lurringileen buruhaustea. Izan ere, gauza bat bidaia luzeak egin eta usain berriak aurkitzea da eta oso bestelakoa usain hori bera, nola edo hala, laborategira eramatea.
Badirudi, nahikoa dela usaina darion lorea pote batean sartu eta itzulerako bidea hartzea, baina ez. Usaina darion substantzia bat pote batean sartuz gero, substantzia eta askatzen dituen molekulen artean oreka bat ezartzen da eta potea irekitzean ez da hasierako substantziaren usaina atzematen. Gainera, 1988an Braja Mookherjee-k frogatu zuen moztutako loreak ez duela moztu aurretiko usain bera motatzen. Beraz, potearen eta substantzia kimikoen arteko oreka baino lehen ere usaina –gutxi bada gutxi– aldatu egiten da.
Baina aditu horrek egin dituen ikerketen emaitzak adierazpen hori baino haratago joan ziren. Landareen arteko elkarreraginak frogatzera iritsi zen. Adibidez, mertxika eta arbeletxekoa edo arrosa eta jasmina elkarren ondoan jarriz, perfume berriak jariatzen dituzte. Elkarren artean hitz egingo balute bezala... Gainera, loreek eguneko orduaren eta loraldiaren zahartzearen arabera jaurtitzen duten usaina aldatu egiten da.
Hori guztia ikusirik, seguru aski lorea ez hondatzeko nahiak bultzatuta baino gehiago usaina bere horretan laborategiraino eraman ahal izateko xedearekin, usaina harrapatzeko headspace deituriko teknika garatu zuten. Teknikak lorea moztu, puskatu eta bere ingurutik urrundu gabe, usaina batere aldatu gabe harrapatzeko balio du.
Teknika kontuz ibili beharrekoa baina, aldi berean sinplea da. Lehenik, lorea kanpai-forma duen kristalezko ontzi batean, kontu handiz, sartu behar da. Garrantzitsua da ontziaren forma lorearen formari egokitzea zauri txikiena ere saihestu ahal izateko. Ondoren, ontzia itxi eta loreak jaurtitzen duen usaina, gutxi gorabehera ordu betez, ponpa baten bidez xurgatzen da analisia egiteko behar diren 10-50 mikrogramo molekula aromatiko jasotzeko. Azkenik, aire perfumatua iragazki batetik pasatzen da molekulak harrapatzeko. Laborategira heldu aurretik disolbatzaile organiko batekin garbitu behar da. Nahitaezkoa da hortik ateratzen den likidoa ontzi garbi batean sartu eta laborategira heldu artean leku fresko batean mantentzea.
Teknika horren ekarpen nagusia, dudarik gabe, loreari batere kalterik egin gabe usaina harrapatu ahal izatea da. Baina, dirudienez, perfumegileentzat hori ez zen nahikoa. Kanpai-forma duen ontziarekin lorearen atal guztiek jaurtitzen duten usaina harrapatzen zen eta hori molekula berriak aurkitzeko ez zen aski. Zehaztasun gehiagoren bila duela hamar bat urte, ideia berdina mantenduz, teknika berria diseinatzen hasi ziren. Gaur egun, kanpai-forma xiringa batek ordezkatzen du. Horrela, petalo edo lorezil batek jariatzen duen lurrina soilik harrapatzen da eta hori usain gozoaren konposatuak kimikoki sintetizatzeko bidean ikaragarrizko aurrerapausoa izan da. Ordura arte ihes egiten zuten usainak harrapatzea lortu da, adibidez, jasminaren osagai nagusietakoa den jasmona.
Lurrin gehiago eta merkeago
Teknika hori garatu aitzin, perfumegileek 500 bat substantzia natural eta 3.000 bat substantzia sintetizatu besterik ez zituzten erabiltzen perfumeak egiteko. Eta, noski, hori perfume berriak diseinatzen jarraitzeko nola edo hala gainditu beharreko muga zen. Gainera, molekulak harrapatzeko erabiltzen ziren teknikak ez ezik, laborategietan erabiltzen ziren gainerakoak ere ez ziren batere egokiak. Disolbatzaileengatik eta nahastearen osagaiak bereizteko berotze-prozesuagatik, usainaren molekulek aldaketa handiak jasaten zituzten. Horrela, jasotzen zen molekulak hasierakoarekin zerikusirik ez izatera ere iristen ziren.
Gaur egun, berriz, aurrerapen teknikoei esker, lurrinak harrapatzeaz gain, estraktu naturalen oso antzekoak diren konposizio sintetikoak egiten dira. Kontsumitzailearen poltsikoek igarri ez badute ere, perfumegileek gero eta gehiago lan egiten dute askoz ere merkeagoak diren substantzia horiekin. Ez da harritzekoa, 4.000 dolar (20.000 libera, 500.000 pezeta) balio dituen kilo bat jasmin ateratzeko, 700 kg lore behar direla jakinda.
çUsainen munduan osteratxo bat eginda ezinezkoa da perfume ezagunen konposizioa ezagutzea (hori sekretua da), baina, behintzat, lore koloretsuen, jaurtitzen duten usain gozoen eta perfumeen edertasunaren atzean dagoena jadanik ez da sekretua.
Besorik ezean lurrinarekin defenditzen
Animaliok intsektuak eskuei, buztanei edo zangoei esker uxatzen ditugu. Landare gaixoek, berriz, haize bortitzaren laguntzarik ezean ezin izaten dute halakorik egin. Okerrena, ordea, intsektuen elikagai preziatuenak, hain justu ere, landareen orri zabalak direla da. Baina landareak ez dira besoak gurutzaturik egoten (ez dute besorik eta) eta behar dutelarik ateratzen dute beren arma. Besteak beste, punta zorrotzeko arantzak eta usain erakargarriak erabiltzen dituzte intsektu gogaikarri horiek gainetik kentzeko. Beren edertasuna zalantzan jarriko lukeen zerbait egitera ausartuko ez balira bezala, intsektuak uxatzeko ez dute kiratsik jariatzen.
Intsektu batek erasotzen dituenean, intsektuaren larben parasitoak erakartzen dituen usaina jaurtitzen dute. Adibidez, tabako-landareak, kotoiak edo artoak Heliothis virescens intsektuek erasotzean, Cardiochiles nigriceps liztor-mota bat erakartzen duen lurrina jaurtitzen dute. Dirudienez, beste intsektu batek erasotuz gero, usain berezi hori aldatu egiten da.
Lorearen usain gozoek ez dituzte perfumegileak bakarrik erakartzen!
Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia