}

Lovelocken azken hitza. Gaia hipotesiaren aitak eztabaida sortu du

2004/06/20 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Ipar Amerikako indiarra inguruaren parte zen. Ez zen naturaren lekukoa edo behatzailea; natura zen. Gainera, ez zen lurraren jabea, baizik eta alderantzizkoa; lurra bera zen indiarraren jabea. Baita otsoarena ere, eta bufaloarena eta zuhaitzarena eta beste edozein bizidunena. Eta horren arabera bizi ziren horiek guztiak.
Karbono dioxidoa isurtzeari utzi behar diogu, berotegi-efektuari aurre egiteko.

Filosofia hori ez zetorren bat europarrenarekin. Europarra lurraz jabetu zen. Izan ere, bi kulturek, europarrak eta indiarrak, topo egin zutenean, eremuaren jabetza izan zen elkar ulertzeko arazo nagusietako bat. Gizaki zuriak hesiak jartzen zituen lur-eremuetan, eta bere egiten zituen. Gero, paperean idazten zuen eremuaren jabea zela, eta, handik aurrera, beste gizakiek errespetatu egin behar izaten zuten zentzugabekeria hori. Denek: bai zuriek bai eta indiarrek ere. Europarren zentzugabekeriak irabazi zuen filosofien arteko borroka.

Indiarren ikuspuntua, ikuspuntu galtzailea, zentzuduna zen. Lurra hor dago, eta gizakia lur horretan bizi da; are gehiago, lur horren parte da.

Aurrera egin baino lehen, irakurle, badaezpada gogoratu beharko dugu zu eta biok zentzugabekeriaren jarraitzaile sutsuak garela; gurea den lurra guretzat nahi dugula, eta horrela izatearen alde gaudela, nahiz eta, batzuetan, maila teorikoan aldarrikatzen dugun indiarren filosofia.

Mendebaldeko gizartean ez gara teoria hori aldarrikatzen lehenak. Esate baterako, Platonek idatzi zuen Lurra planeta izaki biziduna izan zitekeela. Baina ezin da esan ideia horrek arrakasta handirik izan duenik. Bai, zabaldu zen mendebaldeko gizartean, baina kontzeptu oso teoriko gisa. Azken batean, jabetza pribatuan oinarritutako gizarte batean nekez egingo du aurrera horrelako ideia batek.

James Lovelock, Gaia hipotesiaren sortzailea.

Lurra biziduntzat hartzea egokia da ekologiaren ikuspuntutik. Gogoeta ekologikoa dakar, bai biosferarekin–bizidun guztiekin–, bai atmosferarekin dugun harremana aztertzen baitu. Kontzientzia ekologiko hori 1960ko hamarkadatik aurrera garatu zen, eta, hain zuzen ere, urte haietan ari zen James Lovelock planeten eta biziaren arteko harremana aztertzen. Lovelock Marteko ustezko bizia aztertzen ari zen NASArentzat, baina lan hartan egindako gogoetak Lurraren kasuan aplikatzen hasi zen.

Lurreko atmosfera oso berezia da, batez ere inguruko planetenarekin alderatuta. Izan ere, atmosfera hori, ikastolan ikasi genuenez, nagusiki nitrogenoz eta oxigenoz osatuta dago. Jakina, konposizio kimiko hori bizia izatearen ondorioa da; hau da, Lurrean bizia dagoelako dugu oxigenoa airean, eta atmosfera analizatuta jakin lezake espaziotik etorritako batek Lurrean bizia dagoela. Lovelockek argi zeukan hori guztia; are gehiago, uste zuen bizia desagertuz gero atmosferaren konposizioa aldatu egingo litzatekeela, ez lukeela iraungo. Oxigenoak, adibidez, Lurra oxidatuko luke eta airetik desagertuko litzateke.

Dena dela, badaude beste hainbat gas Lurreko atmosferan, oso proportzio txikietan. Horietako bat karbono dioxidoa da. Karbono dioxidoa oso ugaria da inguruko planeten atmosferan; Artizarraren atmosfera trinkoa eta Marteren atmosfera mehea karbono dioxidoz osatuta daude. Lurrean, oso karbono dioxido gutxi dago atmosferan, baina, giza jardueraren ondorioz, gas hori ugaritzen ari da.

Lurraren jabe bihurtu dugu; zatikatu egin dugu gurea dela esateko.

Gaur egun, onartuta dago karbono dioxidoa ugaritzen ari dela, berotegi-efektua ari dela gertatzen, eta hori planeta berotzen ari dela. Lurra ez da bakarra; Artizarrean berotegi-efektua ikaragarria da, eta azala batez beste 464 graduan dago. Zalantzarik ez dago, han bizia izateko probabilitatea oso txikia da.

Jakina, Lurra ez da egoera horretara iritsiko, besteak beste, ez delako iritsiko Artizarrak bezain atmosfera trinkoa izatera. Dena dela, karbono dioxidoaren kontzentrazioa handitzea arazo larria da. Lovelock horretaz jabetu zen, eta hala esan zion Margareth Thatcher presidenteari arazo horretaz oso jende gutxi arduratzen zen garai batean.

Lovelocken ekarpen nagusia Lurra biziduntzat hartzen duen teoria hori jasotzea eta zientzia-azterketa baten ikuspuntutik garatzea izan zen. Gaia hipotesia izena eman zion. Gaia hipotesia 1980 inguruan plazaratu zuen, eta, geroztik, klasiko bilakatu da ekologian.

Orain, Lovelockek 84 urte ditu, eta ospe handiko zientzialaritzat hartzen dugu. Ez dago zalantzarik. Horregatik harritu da jende asko duela bi aste The Independent egunkarian argitaratu duen artikuluarekin.

Zuzen dabil Lovelock? Energia nuklearra da alternatiba bakarra?

Artikulu horretan, James Lovelock ospetsua, ekologisten eredu hori, energia nuklearraren alde agertu da. Harrituta utzi ditu ekologistak, zientzialariak eta beste hainbat aditu. Dena dela, esan behar da ez direla aitona zahar baten burutazio eroak, ondo pentsatutako kontu bat baizik. Lovelocken ustez, berotegi-efektuari azkar aurre egiteko aukera bakarra energia nuklearra dugu. Eta arrazoia oso sinplea da: energia nuklearrak ez dakar karbono dioxidoaren isurketarik.

Ez dago beste alternatibarik? Ezta bat ere? Greenpeacek eta beste hainbat talde ekologistak azkar erantzun dute. Haiek energia berriztagarrien aldeko apustua egiten dute, besteak beste, planetaren berotzea konpontzen hasteko irtenbide egokiena direlakoan. Baina, gaur egun, energia berriztagarriek ez dute ematen gu guztiak hornitzeko adina energia. Arazo konplexua, ezta?

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia