Lulin kometa berdea, gertutik
2009/02/19 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia
Lulin kometa Lurrera gerturatzen ari da. Hilaren 24an egongo da Lurretik hurbilen; 61 milioi kilometrora igaroko da. Giza eskalan, urruti samar. Eskala kosmikoan, ez hainbeste. Distira handia egingo duela aurreikusi dute NASAko adituek. Begiz ikusteko mugan egongo da, baina prismatikoekin erraz ikusiko da. Goizaldeko hiruak aldean izango da kometa ikusteko sasoi ona.
Berdea da Lulin, eta haren atmosfera osatzen duten gasei zor die kolore hori. Izan ere, zianogenoak (kometa askotan dagoen gas pozoitsua) eta karbono diatomikoak distira berdea hartzen dute eguzki-argiarekin argitzen direnean.
Taiwanen izan zuten kometa honen berri lehenengo aldiz, 2007ko uztailean. Quanzhi Ye zientzialariak egiaztatu zuen kometa bat zela, Chi-Sheng Lin 19 urteko gazteak Lulin behatokian lortutako irudietan oinarrituta.
Irudia: Jack Newton
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia