Lumadun dinosauroa
2001/04/26 Elhuyar Zientzia
Goiko irudi ikusgarria ahatearen tamainako dinosauro batena da. 130 milioi urte ditu eta orain urtebete aurkitu zuten Txinako ipar ekialdean. Fosila arroka batean zegoen harrapatuta eta ia osorik dago, baina fosilaren kontserbazio-egoera paregabeak baino zirrara handiagoa sortu du izaki hark beharbada lumak zituela ikusteak. Natur Zientzien Museo Amerikarreko Mark Norrel paleontologoak dioenez, buru osoaren bueltan eta sorbaldan harizpi txikiak ditu dinosauroak eta, hurbiletik begiratuz gero, lumek izaten dituzten ezaugarri berberak bereiz daitezke, besoen atzealdean dauden harizpietan bereziki. Baina pterodaktiloak ez bezala, ez dirudi honek hegan egiteko gaitasuna zuenik, lumak gorputza epel gordetzeko zituen nonbait. Norell-en arabera, fosil hau izan daiteke hegaztiak ez ziren dinosauroen eta hegaztien ahaide hurbilena, orain arte ezagutzen direnen artean behintzat. Baina beste paleontologo asko ez daude ados. Harizpi horiek edozer gauza izan daitezkeela argudiatzen dute horiek, algak, ileak eta beste hamaika gauza.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia