Lurpeko urekin ekoitzitako elikagaiak kontsumitzen ditu munduaren gehiengoak
2017/03/29 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Berriztatzen ez diren lurpeko urekin ekoitzitako elikagaiak kontsumitzen ditu munduko populazioaren gehiengoak. Ondorio hori atera dute elikagaien nazioarteko merkataritzak lurpeko uretan duen inpaktua neurtzeko egin duten azterketa batean. Nature aldizkarian argitaratu dute lana.
Lurpeko uren %70 inguru nekazaritzarako erabiltzen da gaur egun, eta, ondorioz, akuiferoen ur-maila asko ari da jaisten, batez ere, eremu idorretan. Gainera, akuifero horietako askotan ura ez da berritzen, eta agortzeko bidean daude, beraz. Horrek, ingurumenean dituen eraginez gain, arriskuan jartzen du elikagaien ekoizpenaren iraunkortasuna ere. Bada, Naturen argitaratu berri duten lan honetan kalkulatu dute zenbat lurpeko ur ez-berriztagarri kontsumitu zen, 2000tik 2010era, nazioarteko merkataritzan mugitutako elikagaiak ekoizteko.
Kalkulu horien arabera, denbora horretan erabilitako lurpeko ur ez-berriztagarrien %11 esportatutako elikagaiak ekoizteko erabili zen. Eta ur horren bi herenak hiru herrialdek egindako esportazioetan joan ziren: Pakistan %29, AEB %27, eta India %12. Batez ere, garia eta arroza ekoizteko erabili zuten ura herrialde horiek.
Horrez gain, ikertzaileek ikusi dute munduko populazioaren gehiengoa duten herrialdeek inportatzen duten elikagaien gehiengoa lurpeko ur ez-berriztagarriak erabiltzen dituzten herrialdeetatik inportatzen dutela. Eta azpimarratu dute zenbait herrialdek inpaktu bereziki handia dutela, bi gauzak egiten dituztelako: lurpeko ur ez-berriztagarriekin ekoitzitako elikagaiak esportatu eta inportatu. Herrialde horien artean daude AEB, Mexiko, Iran eta Txina.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia