}

Lurra behatuz

1995/12/01 Millet Mendibil, Miren Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zientziak beti baieztapen-modura eman dizkigu eta guk sinesmen osoz hartu izan ditugu. Baina, gai izango al ginateke gu zenbait galderari erantzuteko? Adibidez, nola azaldu Lurra, gure planeta, ez dela laua, nahiz eta gure zentzuek horrela adierazi? Ondorengo hausnarketa hauen bidez funtsezko galdera batzuei buruz pentsatzeko abagunea proposatzen dizuegu.

Gaur egun Lurra biribila denik ez du inork zalantzan jartzen, batez ere sateliteek bidalitako argazkiak ikustean. Hala ere, kontutan hartu behar da aurrerapen teknologiko horien beharrik ez dugula hori baieztatzeko; aski da gure inguruko fenomenoak aztertzea erantzun horiek aurkitzeko. Begira diezaiogun gure Lurrari une batez...

Lurraren itxuraz

Itsaso aldean, maiz ikusiko zenuten untziren bat horizontean urruntzen. Arreta handiz begiratuz gero, desagertzen ikusten den lehen atala bere kaskoa da, masta soilik ikusten delarik guztiz desagertu arte (ikus 1. irudia).

Objektuen itzala aztertzea Lurraren lautasunaren hipotesia baztertzeko eskura dugun beste modu bat da. Bi makilen itzalak egun eta ordu berean neurtzen baditugu elkarrengandik urrun dauden leku desberdinetan, luzerek berdinak izan beharko lukete, Lurra laua izanez gero. Ez da ordea, horrela gertatzen. Behaketa horretan garbi azaltzen denez, itzalak neurri desberdinekoak dira. 2. irudian ikus daitekeenez, Lurra biribila delako azal daiteke fenomeno hori.

Lurrean beha dezakegunaz gain, zeruari so egitean ere baieztapen honen argibidea erraz aurki dezakegu.

Antzinako itsasgizonak urrun joaten ziren arrantza egitera edota beste herrialdeak ezagutzera. Bidaia horietan laguntza paregabea eskaintzen zieten izarrek, horiei esker norabide zuzena jarraitzea lor zezaketelako. Itzultzean, lur aberatsen berri ematen zuten eta baita, izar berriena ere. Nola liteke? Lurra laua dela onartuz gero, ezinezkoa litzateke behaketa desberdinak egitea, ortzearen agerpenak berdina izan beharko lukeelako edonon gaudelarik ere. Adibidez, Iparralderantz abiatzean, hegoaldeko izarrak gero eta beherago ikusten ditugu eta iparraldekoak berriz, gero eta altuago.

Fenomeno astronomikoek betidanik piztu izan dute gizakiaren jakinmina. Horien artean eklipseak dira erakargarrienetakoak. Ilargia eta Eguzkiaren azalak orban ilun batez estalita ikustea Jainkoaren zigortzat hartzen zen antzinean. Denboraren poderioz, sinesmen horiek gainditu egin dira eta gaur egun badakigu Lurra edo Ilargiaren itzalek eragindakoak direla fenomeno horiek.

Lurrak, Eguzkiaren eta Ilargiaren artean jartzen denean, Ilargiaren azalean proiektatzen du bere itzala.

Noizbait erreparatu al diozue itzal horren formari? Ilargi eklipsean zehar, disko biribil bat hedatzen ikusten dugu Ilargiaren azaletik. Itzal hori Lurrak sortzen duena izanik, horren itxura somatzen dugu.

Lurraren mugimenduez

Errotazio-higidura

Gure adiera duen beste fenomeno bat, gure inguruko izar eta planeten higidura da. Egunero ikusten ditugu ekialdetik ateratzen eta mendebaldetik sartzen. Nola iritsi Lurraren beraren higidura ondorioztatzera?

Demagun Lurrak ez duela bere ardatzarekiko biratzen; astroen higidura Lurraren inguruan kalkula genezake orduan, haien distantzia ezagutuz gero.

Ortzeko edozein objektuk, Eguzkia eta Ilargia barne, 24 ordutan bira oso bat (360°) ematen dio Lurrari. Beraz, ordubetean hamabost graduko mugimendua egingo luke. Ilargiari dagokionean, Lurrerainoko distantzia 384.000 km-koa da eta geometrian oso ezaguna den formula bat erabiliz, Ilargiak izango lukeen abiadura kalkula genezake (ikus 3. irudia):

S = x R

S = 384.000 x 15 x þ / 180 =100.531 km


Ilargiaren abiadura, orduko 100.531 km-koa izango da.Ilargia izarren artean mugitzen ikusten dugu. Horrek izarrak Ilargiaren atzean daudela esan nahi du. Ilargia izar horien gainean proiektatzen badugu lurreko leku ezberdinetik eta ordu berean, izar ezberdinak estaltzen dituela ikusiko dugu (ikus 4. irudia). Beraz, izarrak Ilargia baino askoz atzerago daude. Izarren bat 100 aldiz urrunago dagoela suposatzen badugu, haren abiadura Ilargiarena baino 100 aldiz handiagoa izango da. Eta izarrak askoz ere urrunago baldin badaude abiadura horiek ematea ezinezkoa izango da. Hurbilen dagoen izarra 9,5 bilioi km-ra dago; bere abiadurak argiarena baino handiagoa izan beharko luke eta dakigunez, hori ezinezkoa da. Horra hor baieztapena.

Lurra bere ardatzarekiko biratzen ari dela azaltzeko, beste fenomeno batzuk ere kontutan har daitezke. Dorre batetik objektu bat botatzen badugu, ez da higidura bertikala soilik izango eta hegoekialderantz desbideratuko zaigula ikusiko dugu: abiadura zenbat eta handiagoa izan, orduan eta handiagoa izango da desbideraketa. Fenomeno hori bi azelerazio-mota desberdinen ondorioa da. Azelerazio zentrifugoaren ondorioz, hegoalderantz desbideratuko da Ipar hemisferioan eta iparralderantz Hego hemisferioan. Coriolisen azelerazioaren ondorioz bestalde, ekialderantz desbideratuko da bi hemisferioetan.

Lurraren errotazio-higidura dela medio, objektua bi azelerazio horien menpe higituko da: bat azelerazio zentrifugoa eta bestea Coriolis-en azelerazioa (ikus 5. irudia). Orain arte bertikalki higitzen den objektu bat aipatu dugu, baina horizontalki mugitzen den objektuak ere antzeko desbideraketa jasaten du. Denok ikusi izan dugunez, urez betetako bainontzi bat hustutzerakoan zurrunbilo bat sortzen da. Zergatik? Lehen aipatu dugun Coriolisen azelerazioa da horren arrazoia. Azelerazio horrek Iparraldeko hemisferioan eskuinerantz desbideratzen du horizontalean mugitzen den objektua eta ezkerrerantz Hego hemisferioan.

Fenomeno horrek haize eta hodeien higidura orokorra zehazten du. Presio gutxiko gunea sortzen denean, haizea erdialdera abiatzen da, baina Coriolisen azelerazioaren eraginez haizea osatzen duten molekulak eskuinerantz desbideratzen dira, erlojuaren orratzen kontrako higidura sortuz. Errotazio-higidurak sortzen duen eragina ulertzeko beste bide on bat penduluaren oszilazioak dira.

Lurrak birarik emango ez balu, eta pendulua hasieran eki-mendebaldeko norabidean (A puntuan) askatuko bagenu (ikus 6. irudia), A eta B puntuen artean oszilatzen arituko litzateke etengabe. Penduluak beti plano berean oszilatzeko joera du inongo perturbaziorik jasaten ez duen bitartean. Baina A eta B puntuen artean oszilatzen uzten badugu, Ipar hemisferioan eskuinerantz desbideratuko da, hau da, Lurraren errotazio higidurak penduluaren oszilazio-planoa erlojuaren orratzen norabidean biraraziko du eta bestaldera Hego hemisferioan. Horrek pendulua bere oszilazio-planotik desbideratzen duen indar bat dagoela adierazten digu. Indar hori Coriolisen azelerazioak sortutakoa da, hain zuzen.

Foucault izan zen 1851n, 67 metroko pendulu batez Parisen fenomeno hori azaldu zuen lehena. Saiakuntza hori Lurraren errotazio-higiduraren froga paregabea duzue.

Translazio-higidura

Zalantzarik gabe Lurra Eguzkiaren inguruan biraka ari dela esango digu edonork. Alabaina, nola dakigu hori? Zein motako froga behar dugu hori baieztatzeko? Zein fenomenok pentsarazten digu hori horrela dela? Kopernikoren garaian, zerua akats gabea zela sinesten zuten, hots, planetek eta izar guztiek higidura zirkularrak osatzen zituztela eta Lurraren inguruan biraka zebiltzala uste zen.

Uste horretan ordea, bazegoen argitu beharreko fenomeno asko. Adibidez, Martitzplaneta behatzean, haren argia zenbaitetan indartsuagoa eta beste batzuetan ahulagoa zela ikusten zuten; hori ezinezkoa litzateke Lurretik distantzia berera eta orbita zirkularrean higituz gero.

Martitzen mugimendu atzerakoia ere ulergaitza gertatzen zitzaien. Horren arabera, ortzian Martitz planeta bere norabidean atzera higitzen dela dirudi (ikus 7. irudia). Fenomeno horiek argitzeko teoria bitxiak postula ditzakegu (garai horretako zientzilariek hasieran egin zuten bezala), baina, fenomeno horien azalpenik onena eta errazena, Lurrak Eguzki inguruan orbitatzen duela kontutan hartzea da.

Lehenago esan dugunez, Ilargiak ortzian toki desberdinak estaltzen ditu. Gugandik gertuen dagoen izar bat behatzen badugu Lurrak Eguzkiaren inguruan egiten duen orbitan urrun dauden bi puntu desberdinetatik, gertuen dagoen izar hori atzerago dauden izarretan proiektatzean, leku desberdinetan azaltzen dela ohartuko gara, Ilargiaren kasuan gertatzen den antzera.

Ticho Brahe fenomeno hori ulertzen eta behatzen saiatu zen. Fenomenoa ulertuz Lurraren translazio-higidura demostratzera iritsiko zela garbi ikusi zuen. Aitzitik, Ticho Brahe ez zen angelu horiek neurtzeko gai izan, bere tresnek zehaztasun-maila txikiegia baitzuten. Beraz, ez zuen baliagarritzat jo Lurra Eguzkiaren inguruan biraka ari denaren teoria.

Gaur egun erabil daitezkeen tresnak askoz ere zehatzagoak dira eta angelu horiek neur daitezke. Fenomeno hori neurtzeko behar dugun zehaztasuna 8 kilometrora 25 pezetako txanponaren diametroa ikusteko beharko genukeena da.

Arestian aipatu dugun izarra atzeko izarretan proiektatzerakoan, sortzen duen efektua elipse txiki baten parekoa zela konturatu zen Bradley astronomoa (ikus 8. irudia). Halaber, berak elipse txiki horretan teorikoki kalkulatutako puntuetan ez zela izarra agertzen konturatu zen Bradley. Beraz, bazegoen oraindik aztertu gabeko beste fenomeno bat: Aberrazioaren fenomenoa izenaz ezagutzen dena.

Demagun Palomar mendiko teleskopioarekin ari garela lanean. Teleskopioak 25 m-ko luzera du. Argia 300.000 km segundoko abiaduraz higitzen dela badakigu eta beraz, argia teleskopioaren puntatik gure begietaraino ailegatu arte Lurra 2,5 mm higitu da, (30 km segundoko abiaduraz higitzen baita Eguzkiaren inguruan). Guk izarra ikusterako beraz, teleskopioa ortziaren beste puntu batetara zuzenduta dago (ikus 9. irudia).

Aberrazioa da Lurra etengabeko higiduran ari denaren baieztapen ukaezina. Horrek azaltzen digu bestalde, zer dela eta Bradleyren behaketak eta kalkulu teorikoak ez zetozen bat. Orain arte aurkeztu eta azaldu diren kezkak gizakiak berez duen jakinmina asetzen ahalegindu izanaren ondorio dira. Gaur egun hori guztia horrela dela badakigu; nolanahi ere, gure ingurua behatuz eta ezagutuz irits gaitezke fenomenoak ulertzera.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia