Lurraren eraztunak
1991/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Saturno, Urano eta Neptuno planetek bezalaxe, badirudi Lurrak ere garai batean satelite-sistema zuela. Ondorio horretara iritsi da Kopenhage-ko Kaare Rasmussen astronomoa. Sistema hori dirudienez 2.800 urtetan hamasei etapatan desagertu zen. Astronomo danimarkarra K.a. 800. urteaz gero 1750. urterarte Lurrera erori diren meteoritoak aztertzen aritu da. Meteorito-erorketa eta garaia adierazten dituen kurba eginda, erorialdiak eta erorketarik gabeko aldiak txandaka agertzen dira.
Kaare
Rasmussenen arabera, sekuentzia hori kometak edo asteroideak Lurraren grabitazio-eremuak aldika harrapatzen dituela onartuta ulertzen da. Objektu horiek gure planetaren inguruan orbitatzen dute eta airearen marruskaduraz poliki-poliki lurrindu egiten dira. Egoera horretan meteorito-erorketa gutxi izaten da eta ongi eratutako eraztun-sistema egoten da.
Denbora igaro ahala eraztunak ahuldu egiten dira atmosferan, partikulak gero eta gehiago berotu eta azkenean erre egiten direlarik. Egoera horretan berriz, astronomoek meteoritoen erorketa asko detektatzen dituzte. Rasmussenek dioenaren arabera, azkeneko eraztunak duela berrehun urte inguru eratu ziren.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia