Lurraren erlojuak
2006/03/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Berez, ez du zaila ematen. Normalean, jalkinak geruza horizontaletan jartzen dira, bata bestearen gainean, eta gaineko geruza azpikoa baino gazteagoa izaten da. Hain juxtu, horizontaltasunaren legea eta geruzen gainjartzearen printzipioa deitzen zaie, hurrenez hurren. 1669an azaldu zituen Steno izeneko naturalista batek, eta, sinpleak diren arren, oso baliagarriak dira geruzak kronologikoki ordenatzeko.
Alabaina, hainbat fenomenok hautsi egiten dute Stenoren printzipioa: lurrikarek, erupzioek, tolesturek... Halakorik gertatu bada, beti geratzen dira arrastoak, eta horiexek bilatzen dituzte geologoek. Arrasto horiek polaritate-irizpideak dira, eta horri esker jakiten dute aldaketarik egon ote den.
Adibidez, oinatzei begiratuta jakiten dute zer geruza zegoen gainean zapaldu zen garaian, ezinezkoa baita azpikoa zapaltzea. Ur-tantak edo arraildura-markak ere gainazalean daude beti. Beste era bat hutsuneen betegarrietan oinarritzen da. Hutsune bat dagoenean, eta ez bada osorik betetzen, betegarria beheko aldean egoten da beti; hala, arroka sortu ondoren, betegarriaren kokapenak adierazten du zein den beheko aldea. Betekin geopetalak deitzen zaie horiei.
Hala eta guztiz ere, lege guztiek bezala, gainjartzearen printzipioak ere baditu salbuespenak. Besteak beste, ibaien terrazak eta kobazuloak aipatu dizkigu Murelagak. Izan ere, ibaien ertzetan beheko geruzak dira gazteenak, ibaiak beti lurrean sartzen baitoaz. Kobazuloetan, berriz, gerta daiteke zuloa jalkinez betetzea eta, guztiz bete denean, erreka sortzea azpitik. Gero ura desagertzen bada, azpiko zulo hori ere bete egiten da, eta, nahiz eta azpian egon, gainekoa baino gazteagoa da.
Erlatiboa, absolutua
Salbuespenak alde batera utzita, geruzen gainjartzearen printzipioa oso baliagarria da geruzak denboraren arabera ordenatzeko. Hala ere, ez du adierazten geruzen adina. Horregatik, datazio-metodo erlatiboa da, ez absolutua.
Fosilek ere balio dute datazio erlatiboak egiteko, garai bakoitzak izaten baititu berezko fosilak. Arkeologoek, esaterako, industria, hau da, gizakiak egindako tresneria, baliatzen dute garaiak bereizteko: Madeleinealdia, Solutrealdia... Kultura horiek berezko industria batekin definitzen dira.
Hala ere, kontuan izan behar da industria ez dela sinkronikoa, ez dela une berean sortzen eta garatzen Europa osoan. Aitzitik, leku batean sortu eta besteetara hedatzen denerako, denbora igarotzen da. Horrek arazoak sortzen ditu datazioak eta korrelazioak egitean.
Arazoak arazo, estratigrafiaren bidez geruzak kronologikoki ordenatu ondoren, fosiletan oinarrituta bakoitza bere garaian koka daiteke. Baina horrekin ezin da adina zehaztu; horretarako, datazio absolutua erabili behar da.
Zenbat eta arroka gazteagoak izan, orduan eta errazagoa da datazio absolutua egitea. Hain zuzen ere, duela 50.000 urte baino gazteagoa bada, eta materia organikoa badu, karbono-14aren metodoa erabiltzeko aukera dago. Eta horixe da, hain juxtu, metodo errazena, bai eta erabiliena ere. Gainera, errore txikia du: ehun urte ingurukoa edo are txikiagoa.
Isotopo erradioaktiboak
Kontua da izaki bizidunek, bizi diren artean, inguruan dagoen karbono-14a xurgatzen dutela. Hiltzen diren unetik bertatik, ordea, karbono-14a desagertzen hasten da. Desagertzeko-erritmoa ezaguna denez, gelditzen den karbono-14a atmosferan dagoenarekin alderatuta jakin daiteke aztarna noizkoa den.
Karbonoaren isotopoek ez dute balio bakarrik adina kalkulatzeko. Adibidez, oreinen fosilen karbono- eta nitrogeno-isotopoei erreparatzen die Murelagak jakiteko zer jan zuten animalia horiek. Dietari esker, garai hartan zer klima zegoen ondorioztatzen du Murelagak.
Karbono-14ak muga bat dauka, ordea: ez du balio 50.000 urte baino lehenagoko arrokak datatzeko, denbora-epe horretan, aztarnek zuten karbono-14 ia guztia desintegratuta baitago.
Bestalde, arroketan ere egin daitezke isotopoetan oinarritutako datazioak. Arroketan uranioaren, rubidioaren, potasioaren, eta beste zenbait elementuren isotopoekin egiten dute lan. Horien erdibizitza karbono-14arena baino askoz ere handiagoa denez, egokiak dira duela 50.000 urte baino zaharragoko arrokak datatzeko.
Hala, desintegrazio-erritmo motela duten isotopoekin milioika urte egin daiteke atzera. Karbono-14 isotopoaren erdibizitza 5.730 urtekoa da; hau da, 5.730 urtean, fosilak duen karbono-14aren erdia galtzen du. Aldiz, uranio-235a berun-207 bihurtzeko prozesuak 700 milioi urteko erdibizitza du; eta uranio-238tik berun-206 sortzeko prozesuak, berriz, 4.500 milioi urtekoa. Errorea ere neurri horretakoa da; alegia, 3.000 milioi urteko datazioetan, milioi bat edo besteko errorea egon daiteke.
Iraganaren detektibeek arrokaren adinaren arabera aukeratzen dute zer isotopotan oinarritu datazioa. Zenbat eta zaharragoa izan arroka, orduan eta erdibizitza luzeagoa duen isotopoa neurtu behar da. Aipatutakoez gain, rubidio-estrontzioa, potasio-argona, uranio-torioa eta beste sistema batzuk erabiltzen dituzte.
Magnetismoa
Nolanahi ere, ikertzaileek metodo bat baino gehiago erabili ohi dute arroka berean, kalkulua ahalik eta zehatzena izan dadin. Murelagak, esaterako, paleomagnetismoa erabiltzen du batzuetan. Lurraren eremu magnetikoaren polaritate-aldaketetan oinarritzen da metodoa, eta, haren esanean, datazio erlatiboaren eta absolutuaren nahaste bat da.
Gaur egun, polo negatiboa Ipar polo geografikotik hurbil dago, baina, 10.000-25.000 urteko epealdietan, polaritate hori trukatu egiten da. Polaritate-aldaketa aldi berean gertatzen da planeta osoan, beraz, orokorra da. Hala, arrokak burdina edo beste mineral magnetiko bat badu eta galdatutako material baten gainean badago, minerala beti orientatzen da polo magnetikorantz.
Beraz, mineralaren orientazioak polaritatea adierazten du, eta erraz ikusten da gaur egungoarekin bat datorren edo ez. Horrek, berez, ez du adierazten arroka noizkoa den, polaritate-aldaketak ziklikoak baitira, baina, gainjarritako hainbat geruzatan polaritatea neurtuta, zutabe paleomagnetiko bat osatzen dute paleontologoek. Kode-barra moduko bat da, eta beltzez eta zuriz adierazten dira gaur egungo polaritatea duten tarteak eta aurkakoa dutenak.
Hurrengo pausoan, ozeanoko hondoetatik ateratzen diren arroka bolkanikoenarekin parekatzen dute zutabe paleomagnetikoa. Izan ere, ozeanoko dortsaletako arroka bolkanikoetan, isotopoekin datazio zehatza eginda dago, eta, beraz, erreferentzia gisa erabiltzen dira. Horretaz gain, fosilez ere baliatzen dira, polaritate-aldaketak 'ainguratzeko'; hau da, jakiteko gutxi gorabehera non kokatzen den datatu nahi den zutabe paleomagnetikoa dortsaletako erreferentzian.
Metodo konplexua da, baina Murelagak, adibidez, horren bidez datatu ditu Bardeako aztarnategiak. Hala ere, batzuetan arazoak egoten dira, adibidez, errekaren batek zati bat eraman duenean, edo ur-fluxuak orientatzen dituenean mineralak, eta ez magnetismoak. Halako kasuetan izan ezik, metodo baliagarria da paleomagnetismoa, eta denboran oso atzera joateko aukera ematen du, 100 milioi urte baino gehiagoko arrokak datatzeko ere balio baitu.
Eraztunak eta beste
Zuhaitzen enborrek ere badute barra-kode bat: eraztunak edo hazkunde-lerroak. Eta horiek ere balio dute datazioak egiteko. Eraztunetan oinarritutako teknikari dendrokronologia deitzen zaio, eta hazkunde-lerroak klimarekin eta denborarekin erlazionatzean datza.
Hain zuzen ere, hemengo zuhaitzei urtean eraztun bat sortzen zaie. Beste leku batzuetan, aldiz, ez da hala gertatzen. Adibidez, oihan tropikaletan landareak etengabe hazten dira, eta uda oso lehorra izaten duten lekuetan, berriz, gerta daiteke eraztun bat baino gehiago sortzea urte berean. Horregatik, ez dute balio dendrokronologia erabiltzeko.
Latitude hauetan, ordea, zuhaitzak gehiago hazten dira udan neguan baino. Hazkuntza-garaiaren hasierako eta bukaerako zura desberdina izaten denez, posible da eraztunak bereiztea. Halaber, eraztunek zabalera desberdina izaten dute hazkundeari eragiten dieten faktoreengatik (tenperatura, poluitzaileak...). Hortik informazio gehigarria lortzen dute, adibidez, nola joan den aldatzen eguraldia denboran zehar.
Zutabe paleomagnetikoekin egiten den bezalaxe, eredu batekin alderatu behar da eraztun-sekuentzia. Horrela, ainguratu egiten da, kronologian kokatu. Bestalde, zuhaitz biziekin hasita, eta hildako egur zatiekin gainjarriz, kronologia luze bat lor daiteke. Hala, dendrokronologia erabilita datatu den enbor zaharrenak 7.000 urte ditu.
Dama bati ez omen zaio galdetu behar zenbat urte dituen, baina denboraren detektibeek eskura dituzten trikimailu guztiak erabiltzen dituzte Lurraren adina asmatzeko!