Lurraren isla Ilargian
2006/04/09 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Adibidez, Eguzkia sartzen ari denean, eta Ilargia ilgoran denean, Ilargi betearen irudi lausoa nabaritzen da batzuetan. Behar bada, oraintxe izan den ilgoran ikusi duzu zuk ere, eta agian ez diozu galderarik egin zure buruari. Ikuskizunaz gozatu duzu eta kito. Bada, XVI. mendean, Leonardo da Vinci k jakin nahi izan zuen zerk eragiten duen argitasun misteriotsu hori.
Gaur egun nahiko erraza da erantzuna: Lurrak sortzen du ilbetearen irudi ahula. Izan ere, Eguzkia Ilargian sartzen denean, Ilargia ilundu egiten da, baina ez guztiz, artean bai baitago zeruan distira sortzen duen beste argi-iturri bat, Lurra alegia. Hain zuzen, ilbeteak Lurra baino 50 aldiz distira handiagoz argitzen du Lurrak Ilargiaren gaua.
Leonardo, gizon argia
Duela bost mende, ordea, irudimen handia behar zen susmatzeko Lurraren distirak argitzen zuela. Egin kontu: ez zekiten Lurrak Eguzkiaren inguruan biratzen zuenik ere, Leonardo hil ondoren argitaratu baitzuten Kopernikoren teoria. Baina Leonardok irudimen handia zuen; handia baino gehiago, ikaragarria.
Pintore ona zen, eta marrazki zoragarriak egin zituen. Horietako askok zientziarekin zerikusia zuten. Batzuk erabat fantastikoak ziren, garai hartan gauzatu ezinak, hala nola, makina hegalariak, urpekoa, helikopteroa edo robota. Beste marrazki batzuen bidez, naturaren zenbait fenomenok eta giza gorputzak nola funtzionatzen duten azaldu zuen. Harentzat, zientziaren alderdi guztiak ziren interesgarriak: ingeniaritza, matematika , anatomia, biologia, arkitektura, geologia, mekanika, fisika... eta astronomia.
Hala, 1510. urtearen inguruan, Leicester kodexean, izenburu bitxiko orri bat idatzi zuen: ”Ilargiari buruz: ez dago gorputz solidorik airea baino arinago denik”. Han azaldu zuen Ilargiak atmosfera eta itsasoak dituela. Haren ustez, itsasoei zor die Ilargiak hain islatzaile ona izatea. Horretaz gain, idatzi zuen Eguzkiaren argiak Lurrean jo eta itsasoek sortutako islaren ondorioz ageri dela Ilargian distira berezi hori ilgoran. Diagrama batez lagundu zuen azalpena.
Leonardo oker zegoen bi gauzatan. Batetik, Ilargiak ez du itsasorik, eta, bestetik, itsasoak ez dira Lurraren distiraren sortzaile nagusiak, hodeiak baizik. Hain zuzen ere, ozeanoek jasotzen duten eguzki-argiaren % 10 besterik ez dute islatzen; lurrak % 10-25 islatzen du, eta hodeiek, berriz, % 50 baino gehiago. Elurrak eta izotzak hodeiek baino argi gehiago islatzen badute ere (% 40-90), sarritan elurtutako eremuak hodeien pean egoten dira; beraz, hodeiek islatutako argiari zor dio Lurrak bere distira.
Aukera ederra
Ilargitik, Eguzkia baino 4 aldiz zabalagoa ikusten da Lurra, eta Ilargi beteak baino 50 aldiz distira handiagoa du.
(Argazkia: NASA)
Ilberrian, Lurretik ez da Ilargia ikusten; orduan, Ilargian lurbetea da, hau da, Lurrak distira osoz argitzen du Ilargia. Ordutik aurrera, gauetik gauera, hasieran mehe-mehea baina gero eta beteago ageri da zeruan. Ondo begiratuz gero, Lurraren distirari antzemateko garaia da.
Gainera, azken urteotan zientzialariak arreta bereziz ari dira aztertzen Lurrak egiten duen isla Ilargian, Lurrak zenbat argi islatzen duen kalkulatzeko asmoz. Izan ere, berotze globalarekin erlazionatuta dago. Kontua da zientzialariak konturatu direla Lurraren distira batezbestekoa baino % 10 handiagoa dela apirilean eta maiatzean. Hortaz, hodeiek eragozten ez badute behintzat, sasoi aproposa da hau Lurraren distira bilatzeko Ilargian. Aitzakia ederra Ilargiari begira egoteko!
7K-n argitaratua.