}

Lurraren nukleoaren anisotropia argituta

2008/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Lurraren nukleoaren anisotropia argituta
2008/03/01 | Elhuyar
(Argazkia: Science)

Lurraren nukleoan dagoen burdinaren egitura nolakoa den argitu du Uppsala Unibertsitateko talde batek. Burdina da nukleoaren osagai nagusia, eta, duen egituraren ondorioz, nukleoak portaera anisotropikoa du. Hau da, zein norabide hartzen den kontuan, propietate batzuk edo beste batzuk ditu. Adibidez, nukleoa zeharkatzen duten soinu-uhinak edo uhin sismikoak % 3-4 azkarrago pasatzen dira ipar-hego norabidean doazenean ekuatorearekiko paraleloan doazenean baino.

Talde suediarrak proposatu du burdinak gorputzean zentratutako kubo-egitura duela; hau da, kubo bakoitzaren erpinetan burdin-atomo bana jartzen da, eta kubo bakoitzaren erdian beste atomo bat kokatzen da. Kuboen orientazioa ere berezia da: kuboaren diagonala Lurraren errotazio-ardatzarekiko paraleloa da.

Molekulen dinamikaren simulazioen bidez frogatu dute egitura eta orientazio horiek posible egiten dutela neurtu dutena bezalako anisotropia gertatzea.

Ez zen horrelakorik gertatzen orain arte ematen zuten azalpenarekin. Azalpen horren arabera, burdinak hexagono-itxurako kristalak eratzen zituen, eta kristal horiek orientazio jakin bat hartzen zuten. Baina azalpen horrek arazo bat zuen: Lurraren nukleoan dauden presio- eta tenperatura-kondizioetan, burdin-hexagonoek oso portaera isotropikoa dute.

1
240
2008
3
012
Geologia
Berriak labur
7

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia