}

Lurrazalak lehenengo urteetako oxigenoa xurgatu zuen

2001/08/06 Astobiza, Amaia

Teoria berri baten arabera, Lurraren lehenengo 400 milioi urteetan lurrazalak bakterioek sortutako oxigenoa xurgatu zuen.

Lurraren historiaren lehenengo bi mila milioi urteetan, atmosferan ia ez zegoen oxigenorik. Gero, oraindik guztiz argitu barik dauden arrazoiengatik, oxigenoaren maila igotzen hasi zen. Duela gutxi, atmosfera aztertzen diharduen zientzialari-talde batek aldaketa horren arrazoia aurkitu duela azaldu du. Haien ustez, bakterioen garapenak Lurreko gasen orekaren aldaketa eragin zuen; ondorioz, metano-kantitatea txikitu eta oxigeno-maila handitu egin ziren.

Bakterioak sortu zirenetik 400 milioi urte inguru igaro arte, atmosferako oxigeno-maila oso txikia izan zen. Egindako ikerketek, ordea, ez dute horren arrazoia argitu. Orain arte onartuen egon den teoriaren arabera, sumendietako gasen konposizioa aldatu egin zen eta, azkenean, atmosferako gasekin erreakzionatzean, oxigeno gutxiago kontsumitzen zuten. Hala ere, azkeneko urteetan egindako ikerketek hankaz gora jarri dute teoria hori.

Orain, bakterioen teoria nagusitu da. Bakterioek, hildako materia deskonposatzen dutenean, metanoa askatzen dute. NASAko David Catling zientzialariaren eta bere lankideen arabera, askatutako metanoa atmosferaren goialdean metatzen zen; hor, eguzki-energiaren eraginez, metanoa deskonposatu eta karbonoa eta hidrogenoa sortzen ziren. Hidrogenoa, bietan arinena, espazioan zehar hedatu zen. Hidrogeno-galera horren ondorioz, Lurreko elementuen oreka aldatu egin zen eta, handik 400 milioi urtera, oxigeno-maila igo egin zen.

Zergatik igaro zen horrenbeste denbora? Catling eta bere lankideen ustez, lurrazala, hasieran, oxigeno guztia xurgatzeko gai zen. Baina, duela 2.300 milioi urte, lurrazaleko arrokak estutzen eta deformatzen hasi ziren, eta, horren ondorioz, ezin izan zuten bakterioek sortutako oxigeno guztia xurgatu. Orduan, oxigenoa atmosferan metatzen hasi zen eta, apurka-apurka, gaur egun ezagutzen dugun atmosfera eratu zen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia