Lurrikara misteriotsuak
2001/03/27 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
1812 eta 1813 urteetan Missouriko New Madrid hirian Estatu Batuetan inoiz izan diren hiru lurrikararik bortitzenak bizi izan zituzten. Geologoen artean adostasuna erabatekoa ez bada ere, badirudi hirurek Richter eskalan 8,0-ko magnitudea gainditu zutela eta Mississippi ibaiaren bidea ere aldarazi zutela. Geroztik, milaka lurrikara gertatu dira New Madrid inguruan, baina inoiz ezin izan zaie azalpen zehatzik eman.
Standford Unibertsitateko Mark Zoback ikertzaileak urteak daramatza New Madriden gertatzen denari azalpen bat bilatu nahian eta antzinako glaziarrekin loturiko teoria bat plazaratu berri du. Izan ere, haren ustez, New Madrideko faila-sistemak berak bakarrik ezin azal dezake hainbeste lurrikara. Zoback-ek bi faktore hartzen ditu kontuan New Madrideko fenomenoa azaltzeko. Batetik, gunearen ezaugarri geologikoak eta, bestetik, antzina eskualde haiek estali zituzten glaziarren presioa.
Ezaugarri geologikoei begira, New Madrid rift izatera iritsi ez zen gune baten gainean dagoela azpimarratzen du Zoback-ek. Rift-ak lurrazal kontinentalean sortutako sakonune luze eta estuak dira eta gertakizun sismiko eta bolkanikoak ohikoak dira sakonunean zehar. Rift-aren eboluzioaren ondorioz, kontinentearen apurketa gerta daiteke, adibidez, Ekialdeko Afrikako Rift Valley-en bezala. New Madriden rift-a ez zen gainazaleraino iritsi eta kontinentea ez zuen bitan apurtu, baina lurrikaretarako oso aproposa den tentsio-puntu nabarmena utzi zuen han. Hala ere, Zoback-en ustez, tentsio-puntua egotea ez da aski lurrikarak eragiteko, beste eragile batek parte hartzen du prozesuan: glaziarrak.
Antzinako glaziarrak
Orain 20.000 urte arte izotz-geruza erraldoi batek estaltzen zuen Ipar Amerika eta haren pisua hain zen handia, ezen kontinenteak behera egin zuen, mantuan hondoratu zen. Glaziazioa amaitu zenean eta izotzak atzera egin zuenean, kontinentea gora egiten hasi zen berriz ere eta oraindik horretan dirau. Fenomenoa aski ezaguna da geologoentzat, Norvegia, Suedia eta Kanadako Hudson badian ere gauza bera gertatzen ari baita. Izan ere, mantua oso likatsua da eta denbora asko behar du aldaketa bati erantzuteko.
Zoback-en ustez, lurrazalaren goranzko mugimendu hori izan daiteke New Madridek lurrikarak eragiten dituen faktorea. Goranzko mugimendua gehi guneko tentsioa omen dira hain lurrikara bortitzak gertatzeko arrazoia. Zoback-ek prozesua irudikatzen duen eredua eraiki du eta, haren ustez, eredua joan den urtarrilean Indian gertatu zen lurrikara azaltzeko baliagarria izan daiteke. Horregatik, Indiako glaziarrak ikertzeko asmoa agertu du, han ere ereduak balioko balu, teoria sendo baten aurrean egongo baikinake.
Plaka kontinentalen erdialdean gertatzen diren lurrikarentzat azalpen egokia bilatzea oso lagungarria izan daiteke, besteak beste, plaken mugetan gertatzen diren lurrikarek baino askoz eremu zabalagoan eragiten dutelako. Plaken erdiguneko geologia dela-eta, uhin sismikoak oso urrutira heda daitezke. Adibidez, New Madridekoak mila kilometro ekialdera ere nabaritzen dira.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia