Lurrikarek ibaiak ureztatzen dituzte
2003/03/19 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Aditu batzuen ustez, arroken barneko ura da ibaietara isurtzen dena. Hipotesi baten arabera, lurrikarak arrokak konprimitu eta zukutu egiten ditu; beste baten arabera, berriz, lurrikarak pitzadurak sortzen ditu arroketan eta horietatik isurtzen da ura.
Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaileek, aldiz, ez dute uste arrokak direnik uraren iturria. Hainbat esperimentu egin ondoren, ura lurretik irteten dela ondorioztatu dute. Lurrikara indartsu batek urez asetako lurra astintzen duenean, poroak trinkotu eta ura azaleratu egiten da nonbait.
Ikerketak Kalifornian egin dituzte, Sespe errekan. Eskualde hori Estatu Batuetako aktiboenetakoa da sismikoki. 48 lurrikara handi erregistratu dira sismologoak errekaren emaria kontrolatzen hasi zirenetik, 1928tik, alegia.
Errekaren emari-aldaketen segimendua egiteaz gain, ikertzaileek lurrikarak sortu dituzte laborategian lurrak nola erantzuten duen jakiteko. Emaitzen arabera, Richter-en eskalan 6tik gora neurtzen duten lurrikarak bakarrik izango lirateke ibaien ur-emaria handitzeko gai.
Geologo batzuen ustez, ordea, ideia egokia izan arren, lurrean pilatutako ura ez da ibai handien emaria aldatzeko aski. Ondorioz, akuiferoen segimendua ere egitea proposatu dute. Izan ere, lurrikara handien ondoren akuiferoen ur-mailan jaitsiera adierazgarriak ikusi izan dira.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia