Lurzorutik atmosferara uste baino gehiago
2005/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Suteetan eta erregai fosilak erretzean sortzen diren nitrogeno-oxidoak oso poluitzaileak dira. Izan ere, lurretik gertu dagoen ozonoaren eragileetako bat dira. Ozono hori, berriz, kaltegarria da osasunarentzat eta landareentzat.
Orain, nitrogeno-oxidoen jatorria zein den aztertu dute AEBetako Washingtongo Unibertsitatean, ESAren Remote Sensing 2 sateliteak bildutako datuetan oinarrituta. Eta ikertzaileak harrituta gelditu dira atmosferan dauden nitrogeno-oxidoen % 22 lurzoruan sortzen dela ikusita. % 64 erregai fosilak erabiltzean sortzen da, eta gainerakoa, % 14, suteetan. Alegia, espero baino askoz ere gehiago sortzen da lurzoruan.
Hain zuzen ere, Afrika ekuatorialean euri-sasoia hasten denean eta Ipar-hemisferioaren erdiko latitudeetan uda-hasiera denean askatzen ditu lurrak nitrogeno-oxido gehien. Nonbait, hezetasunak eta tenperatura gozoek lurreko bakterioak suspertzen dituzte. Ondorioz, nitrogenoa prozesatzen hasten dira, eta jarduera horren ondorioz askatutako gasa sateliteen bidez detektatzeko modukoa da.
Nitrogeno-oxido gehien askatzen duten lurraldeak Afrikako Sahel ingurua, AEBetako erdialdea, Asiaren iparraldeko lautadak, Indiaren zati handi bat eta Europaren hego-mendebaldea dira. Sahelen kasuan izan ezik, nekazaritzaren ondorioz sortzen dira hainbeste nitrogeno oxido. Soroetan, bakterio ugari egoten da lurzoruan, eta, gainera, ongarriak erabiltzeak larriagotu egiten du arazoa.