Lysenko eta ideologia “zientifikoa”
2019/10/04 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
XX. mendearen erdialdean, Sobietar Batasunean, Trofim Denisovich Lysenko zen Nekazaritza Zientziaren Akademiako lehendakaria. Ez zuen oso gogoko Gregor Mendelen genetika, eta biologiak bazterrean utzitako beste teoria bat defendatzen zuen jo eta su: karaktere bereganatuen herentzia.
Lysenko ez zen zientzialari fina, baina bazeukan beste dohain aipagarri bat: publizista bikaina zen. Bere teoria kutun eta zokoratuari komunismoaren kolore gorria eman zion. Horrela, ez zen beste teoria bat, materialismo dialektikoaren froga “zientifikoa” baizik. Lysenkoren azalpenaren arabera, bazirudien izadia bera komunista zela.
Stalin ez zen zientzialaria. Beharrik ere ez! Ez al zen, bada, nabarmena izadiak, nahitaez, materialista eta proletarioa izan behar zuela? Burgesen zientzia kapitalista zen, eta, hortaz, gaiztoa bezain okerra. Idealismoa euskarri, Stalinek irakaskuntza osoan txertatu zituen Lysenkoren teoriak, eta nekazaritzan erabilitako programa haiek kalte handiak eragin zituzten, ez gutxitan.
Zorionez (edo!), gizakiak ez gara hilezkorrak, eta Stalinek ere hil egin behar izan zuen. Orduantxe birrindu ziren Lysenkoren txakur-ametsak. Izadiaren ortzadarra kolore askokoa zen berriro.