Mahai bihurtzen den harria
2006/12/01 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia | Zubia Gallastegi, Bego - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Arbelaren gainean liburuan, Itsasondoko harrobien berri ematen digu Xabier Mendiguren Elizegik. Sarasola familia zen Itsasondoko arbel-ustiapen handienaren jabe, eta anaietako batek Beasaingo Arriaran auzoko Olea baserriko lurrak erosi zituen, han ere arbela ateratzeko. Baina Olea baserriko jabeek, Mendizabaldarrek, ez zizkieten lur guztiak saldu. Besteen irakaspenei jarraituz, harrobia ireki zuten 1950eko hamarkadan. Gerora, Itsasondoko arbel-ustiapenek hondoa jo zuten, baina Arriarango Mendizabaldarrenak lanean jarraitzen du, XXI. mendean ere.
Paperezko koadernoak luxua zirenean ekin zion lanari harrobi horrek, eta eskola-umeak ziren mendiari kendutakoaz baliatzen zirenak. Arbeltxoak eta koadro elektrikoak egiteko erabiltzen zen orduan arbela.
Lur azpitik azalera
Garai hartan, arbel-meategia lur azpian zegoen. Indarra eta pala lagun, satorrak bezala lur azpian aritzen ziren. Lehendabizi, galeria ireki behar zen, trintxera bat bezala. Trintxera hori irekitzeko dinamita erabiltzen zuten, eta hainbat gas eta hauts arnasten zuten. Lana gogorra zen, benetan. Gaur egun, mendia zeharkatzen duten galeriak dira lurpean egindako lanaren lekuko. Lur azpiko ustiapenak 20-25 urte iraun zuen. Gero, harrobia lur gainera atera zuten. Urtebeteren buruan, gutxi gorabehera, ekoizpena bikoiztu egin zuten. Trintxerarik eta dinamitarik erabili beharrik ez zegoenez, lanak dezente erraztu ziren, Juan Mendizabal Arriarango harrobiaren arduradunak kontatu zigunez.
Beste arbel-harrobien antzekoa da Arriarangoa. Geruzatan banatzen den arroka mozteko zerrak erabiltzen dira. Horixe da, hain zuzen ere, arbelaren ezaugarri nagusia: xaflatan edo geruzatan banatzeko duen ahalmena. Widiazko plaka txiki batzuk dituzten erreminta erraldoiak horman zintzilik jarri, eta 3 metro lodi eta 12 metro luzeko bloketan mozten da harria. Sei-zazpi orduko lana da hori. Harritzarra lurrera bota ondoren, zati txikiagoetan ebakitzen da. Moztutako zatiak, ondoren, lantegira eramaten dira. Izan ere, arbela han lantzen da. Landutako arbel hori munduan zehar zabaltzen da ondoren, baina billar-mahai bihurtuta. Horrexetarako erabiltzen da Arriarango harrobiko ekoizpenaren ia % 80.
Billar-mahaiak
Gutxi gorabehera duela 30 urte hasi ziren Arriarango harriekin billar-mahaiak egiten. Billar-mahaiak egiteko, lehenik eta behin harria telarrean mozten dute, lodiera ezberdineko xaflatan. Jarraian, xafla horietatik bezeroak eskatutako lodierakoak mozten dira zerrarekin.
Hurrengo pausoa xafla horiek leuntzea da. Leundu eta gero, ertzak alakatu behar zaizkio arbel-xaflari. Robot batek 10 minutuan amaitzen du lana. Bolak erortzeko eta arbel-egiturari eusteko erabiltzen diren torlojuak sartzeko zuloak ere egiten ditu.
Billar-mahaien % 80 baino gehiago jatetxeetan, hoteletan eta horrelakoetan egoten da. Alegia, haur, gazte nahiz helduek jolaserako edo aisialdirako erabiltzen dute. Gehienetan, billar amerikarra deritzona izaten da. Billar mota horrek, oro har, 2 zentimetroko lodierako arbel pieza izaten du.
Billar profesionaletan (karanbola...), berriz, 5 zentimetroko arbela behar da. Eta horiek dira lodienak. Gainera, Juan Mendizabalen esanean, adituek antza ematen diote arbela 5, 3 edo 2 zentimetrokoa den. Haien arabera, bolak hobeto korritzen omen du 5 zentimetroko arbel-geruzan, zehaztasun gehiagorekin.
Mahairik onenetan, harriak zenbat zentimetro lodi, horrenbeste bote ematen ditu bolak. Horretarako, adituek oin bateko altueratik, gutxi gorabehera 30 zentimetroko altueratik, erortzen uzten dute bola. Ezustekorik ezean, Goierriko arbelaz egindako mahaietan ere, zentimetro bakoitzeko bote bana ematen dute bolek.
Eraikuntzan, zergatik ez?
Arriaranen billar-mahaiak egiten hasi zirenean, ekoizpen guztia Estatu Batuetara bidaltzen zuten. Gaur egun, ordea, merkatu horretatik kanpo daude, eta gehienbat Erdialdeko Amerikatik (Mexiko eta Puerto Rico) eta Europatik (Espainia, Frantzia eta Ingalaterra) jasotzen dituzte eskaerak. Bestalde, lehia Txinatik, Brasiletik eta Italiatik datorkie.
Horrexegatik, beharbada, Arriarango ekoizpena billar-mahaietara soilik mugatu beharrean, eraikuntzaren sektorera salto txiki bat egin nahi dute. Baina jakin badakite Arriarango arbelaren berezko kolore beltz grisaxka hondatu egiten dela fatxadetan kanpoan jartzean. Alegia, badakite arbela higatu egingo litzatekeela eta kolorea galduko lukeela. Berezko grisaxka kolorea galdu eta kolore zurixka hartuko luke. Marmol gehienei ere antzeko zerbait gertatzen zaie.
Horrexegatik, Cidemco zentro teknologikoan Arriarango arbela aztertzen dihardute, eta eraikuntzan (fatxadetan eta zorutan) erabili ahal izateko nola tratatu beharko litzatekeen zehaztu nahi dute. Horretarako, hainbat entsegu egin dituzte, eta arestian aipatutako kolore-aldaketa hori nagusiki euriak eta eguzki-izpiek eragiten dutela ikusi dute.
Hortaz, haien hurrengo erronka da zehaztea zer produktu behar dituen arbel horrek euriarekin zein eguzki-izpiekin kolorerik ez galtzeko. Horretarako, lagina makina batean sartzen dute eta izpi ultramoreen eraginpean ezartzen dute; nolabait eguzkiaren simulazioa egiten dute, entsegu horretatik lortutako datuak estrapolatu, eta arbelak kanpoan izango lukeen jokaera ezagutzeko.
Ikerketa horiek abiarazi berri dituzte, eta oraindik hainbat eta hainbat entsegu egin beharko dituzte, benetako emaitzek zer dioten ikusteko. Bitartean, Arriarango lantegian billar-mahaiak egiten jarraituko dute.