}

Maien erreinuaren gainbehera klima-aldaketaren erantzule?

2002/05/05 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Klima-aldaketari buruzko ikerketetarako interesgarria izan daitekeen informazioa polen-hazietan aurki daitekeela erakutsi du lan berri batek. Bide batez, paleoekologistek arkeologiako misterio handienetako bat argitu dute.

Turistentzat ez ezik, ikertzaileentzat ere erakargarriak dira maien erreinuaren arrastoak. Herrialde guztietako hainbat arkeologo ibili da hango arrastoak ikertzen, baina oraintsu arte inork ez zekien maien erreinuaren gainbeheraren eta klima-aldaketaren artean loturarik ote zegoen; eta egonez gero zein izan zitekeen lotura hori.

Maia erreinuaren nekazaritza ohiturak zein ziren jakiteak klimaren aldaketak zergatik gertatu ziren erakutsi dute.

Ameriketako zibilizazio garrantzitsuena osatu zuten maiek, 2.000 urte inguru iraun zuena. Oso gizarte hierarkizatua antolatu zuten. Nekazaritza zen jarduera nagusia; artoa eta indibabak bereziki. Eta arkitektura ere oso garatua zuten. Horren lekuko dira bisitari guztiak txunditzen dituzten harrizko tenpluak eta piramideak. Aberastasun eta jakintza hori esker, berrogei bat hiritan bi milioi biztanle izatera iritsi ziren. Maien aldian hiru aro nagusitu ziren, azkena inperio berria

950-1500

Maiei buruzko informazio hori guztia aspaldiko ikerketen ondorio da, baina erreinu horren arrastoetan, oraindik ere, informazio interesgarri asko ezkutatzen da. Horren lekuko da Amsterdamgo unibertsitateko ikertzaile-talde batek duela hilabete pare bat argitaratu ikerketaren emaitza. Izan ere, jakinarazi dutenez, maien erreinuaren gainbeheraren ondotik Mexiko hegoaldeko klima aldatu egin zen. Zehatzago esanda, gainbehera horretatik lekora klima idortu egin zela adierazi dute.

Ondorio horretara heltzeko ez dituzte piramideetako harriak aztertu. Hori baino zehaztasun handiagoko lana izan da; garai hartako polena da aztergai izan dutena. Eta emaitzak oihartzun handia izan du klimaren aldaketak ikertzeak arkeologiako misterio handienetako bat argitzeko balio izan baitu.

Beste ondorio zenbait

Polen-haziak ikertuz, Amsterdamgo paleoekologistek eskualde batzuetako garai bateko klima definitu ahal izan dute. Izan ere, landare-espezie batzuk kondizio jakin batzuetan soilik hazten dira eta, beraz, klima identifikatzeko oso baliagarriak dira.

Maiak bizi ziren Mexiko hegoaldeko eta Guatemalako iparraldeko eremuetan, gutxi gorabehera 1000. urtean klima aldatu egin zela erakutsi dute ikertzaileek. Maien erreinuaren gainbehera hasi eta 100 bat urte geroago gertatu zen hori.

Ikertzaileek uste dute hain ondo antolatuta zegoen erreinuaren gainbehera eta gero, biztanleek faunaren zati bat eta nekazaritza-eremuak deuseztatu zituztela. Horrek erosioa azkartu zuen eta, ondorioz, lurruntzea; beraz, euri-jasak gutxitu egin ziren.

Ondorio horietara heltzeko, Hego Poloko izotz-puskatan harrapatuta gelditutako aire burbuilek emandako datuak eta haziak alderatu dituzte. Izan ere, Hego Poloko aire burbuilen ikerketei esker garai horretako atmosferako karbono dioxidoaren kantitatea zenbatekoa zen jakin ahal izan zuten.

Bestalde, paleoekologistek azken 450.000 urteetan zein landare hazi den zehaztu dute. Horretarako, Kolonbiako eskualde garai batean aurkitutako azken hiru milioi urteetako haziez baliatu dira. Horrela, garai bakoitzari dagokion landare-hazia eta atmosferako karbono dioxidoaren kontzentrazioa alderatuta, klimaren bilakaera ezagutu da.

Argi dagoena zera da: landareen hazkuntza oso lotuta zegoela aireko karbono dioxidoaren kontzentrazioarekin eta klimari buruzko ikerketetan polena elementu garrantzitsua izan dela. Analisiek erakutsi dutenez, ez zen soilik tenperatura aldatu; prezipitazioak eta sasoiak ere aldatu egin ziren.

Polen-haziak ikertzeak garai hartako nekazaritzari buruzko informazioa ere eman dute.Perun arto- eta zereal-laboreak populazio-taldeetan nola zabaltzen ziren erakutsi dute paleoekologistek.

Horrenbestez, espainolen inbasioa hasi zenean batez ere ehizatik eta harrapatzen zutenetik bizi ziren komunitateek lehenago nekazaritza aberatsa zutela ikusi da.

Gara-ko Geltokia gehigarrian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia