Maitasunaren arriskuak, hiesetik COVID-19ra
2020/12/17 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
COVID-19a iritsi aurretik, askorentzat, hiesarena izan da pandemiarik beldurgarriena. Eta oso gaixotasun desberdinak diren arren, badituzte parekotasunak. Lehena, biak direla biralak.
Lehen agerraldietan, ez batean, ez bestean, medikuek ez zuten arrastorik ere zein izan zitekeen gaixotasun haien eragilea. Hiesaz hildako lehenak ez ziren diagnostikatu, eta 1980ko hamarkadara arte ez ziren ohartu paziente batzuek antzeko sintomatologia zutela, eta guztiek zituztela linfozitoak (immunitate-sistemako zelulak) maila ikaragarri baxuetan. Hortik abiatuta aurkitu zuten GIBa, ordura arte ezezaguna zen birusa.
Askoz ere azkarrago lortu da jakitea COVID-19ari lotutako pneumonia hilgarri haiek koronabirus berri batek sortuak zirela. Bietan, zientzialariei kostatu egin zitzaien eta zaie ebidentzia onartzea eta, gero, gizarteari ondo azaltzea. Bietan jatorria animalietan badago ere (simioetan, hiesaren kasuan; saguzarretan, COVID-19arenean), oraindik tarteko pausoak guztiz argitu gabe daude. Eta bietan sortu dira konspirazio-teoriak eta laborategian sortuak diren susmoak.
Bietan agintariek ukazioz eta beldurrez erreakzionatu zuten eta dute: larritasuna agerikoa izan arte, gutxietsi egin zituzten; gero, lurraldea ixtea eta kanpokoei sarrera mugatzea izan zen eta da lehen neurrietako bat. Eta hala ere, pandemia bihurtu dira. Bietan, bestea zen eta da gaitza transmititzen duena: homosexuala, puta, drogazalea; migratzailea, gaztea, langile pobrea. Estigmaren itzala, bietan.
Bietan gaitza modu desberdinetara ager daiteke: hiesean, hartutako infekzioen arabera; COVID-19an, akutua, hiperinflamatorioa edo iraunkorra izan daiteke. Bietan asintomatikoak eta presintomatikoak gako izan dira eta dira transmisioa ulertzeko. GIBak urteak eman ditzake ezkutuan, sintomarik eragin gabe; SARS-CoV-2 birusaz infektatutako askok ez dute sintoma nabarmenik. Eta gako dira bietan baita gizarte-baldintzatzaileak ere: talde zaurgarrienetan askoz ere nabarmenagoa da eragina, bai hiesarena, bai COVID-19arena. Badira bi infekzioak dituzten pazienteak.
Biak dira ikergai nagusi mundu osoan. Hiesaren kasuan, urte askoren ondoren, lortu da tratamendu eraginkorrak garatzea; COVID-19rako oso azkar eta emaitza onekin doa txertoen ikerketa.
Biak izan daitezke hilgarriak; ez neurri berean, dena den: Galder Gonzalez Larrañagak gogorarazi duenez, Hego Euskal Herrian 30 urtean hiesak hil dituenen %80 baino pertsona gehiago hil ditu dagoeneko COVID-19ak.
Biek behartu dute prebentzio-neurri zorrotzak hartzera harreman estuetan: hiesean, sexu-jardueretan bereziki; askoz ere egoera gehiagotan COVID-19an. Gaur egun sinesgaitza dirudien arren, izan zen hiesetik babesteko neurriei uko egitea (koitoa kondoirik gabe egitea) maitasun-frogatzat hartu zuenik. Ez dadila gauza bera gertatu datozen jaietan, alderantziz: senide eta lagunekin elkartzen bagara, jarrai dezagun koronabirusaren transmisioa eragozteko neurriak zorrotz betetzen; maite ditugulako, hain justu.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia