}
Maite Goñi Eizmendi Informazioaren eta komunikazioaren teknologietan aditua

“Inorengan konfiantza izateak efektu positiboa dakar”

2022/06/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

EITBko Audio eta Digitaleko zuzendari bihurtu berritan hartu du Elhuyar-eko elkarrizketatzailea Maite Goñi Eizmendik (Ordizia, 1967). Kostatu zaio, beraz, galderei erantzuteko tartea topatzea. Hala ere, ez da ezetz esateko edo atzeratzeko gai izan; eta horrexek definitzen du, neurri handi batean, profesional honen izaera eta ibilbidea. Izan ere, beti izan da aitzindari, eta parean jarri zaizkion erronka guztiei baiezkoa emateko joera izan du. Besteak beste, irakaslea izan da Jakintza ikastolan eta Mondragon Unibertsitatean, euskal blogosferaren lehen kideetako bat, euskara lantzeko euskaljakintza.eus proiektuaren sortzailea, Euskararen Aholku Batzordearen kidea, konpetentzia digitalen irakaskuntzan erreferentea, 10 minututan podcastaren egilea, hainbat komunikabideetan kolaboratzaile ere aritzen da, eta jarraitzen du erronka berriei heltzen.
maite-goni-eizmendi-inorengan-konfiantza-izateak-e
Arg. Oier Aranzabal
Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?

Ez dakit harritu, asaldatu, txunditu… mutur horretara eramateko modukoa den, baina nire ibilbide profesionalean hainbat tokitan izatea egokitu zait, eta, bereziki, pertsonei dagokien esparruak eman dit atentzioa. Pertsonen arteko harremanak, elkarreraginak… eta horrek nola markatu dezakeen bide bat, onerako edo txarrerako. Saiatuko naiz azaltzen.

Une honetan beste arlo profesional batean banabil ere, 30 urte baino gehiago egin ditut irakaskuntzan. Bada, nire hasierako urteetan, irakaskuntzan hasi nintzenean, konturatu nintzen ikasleengan nituen aurreikuspenak bete egiten zirela. Alegia, ikasleengan itxaropen handiak nituenean, ikasleek emaitza hobeak lortzen zituztela, itxaropena txikia zenean baino. Gerora ikasi dut horri Pigmalion efektua deitzen zaiola: itxaropen handiek Pigmalion efektu positiboa dakarte, eta ikasleengan konfiantza gutxi izateak, Pigmalion efektu negatiboa.

Adibide horretaz harago, horrelako jardunbideek norbaiten egoeran, ibilbidean, etorkizunean edo ongizatean aldaketa bat eragin dezaketela konturatzea mugarri garrantzitsu bat izan zen nire jardun profesionalean, baita nire bizitzan ere.

Hortik zenbait ondorio atera daitezke. Batetik, hezitzaileen garrantzia, ez baitakit gizarteak hain barneratua duen eta baliabide nahikoak ipintzen dituen; eta, bestetik, maila pertsonalean, etengabeko prestakuntzaren eta eguneratzearen garrantzia.

Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahiko zenuke?

33 urte inguru pasa dira Tim Berners-Leek World Wide Web (WWW) edo weba sortu zuenetik. 33 bakarrik! Hain gertu eta hain urrun! Komeni da gogora ekartzea zein zen hasierako helburua: pertsona guztien eskura ipintzea edozein tokitatik informazioa trukatzea, kolaboratzea, askotariko aukerak izatea... ahalbidetuko zuen plataforma irekia. Hau da, muga geografikoak eta kulturalak gainditzera eramango zuen plataforma bat de-nontzat eskuragarri ipintzea. Gizateriaren historiako aldaketa handienetako bat, zalantzarik gabe.

Alderdi askotatik begiratuta, webak bete izan du eta betetzen jarraitzen du helburu hori, baina, azken urteetan, bestelako helburu, egitasmo eta jokabideak bultzatzeko erabili izan da. Hortxe daude, gure datuak erabilita, enpresa teknologiko handiek duten negozio-eredua; adimen artifizialari lotutako duda-mudako egitasmoak; fakenews ak; publizitate politiko ez hain gardena; sare sozialek nerabeetan sor dezaketen antsietatea; algoritmo sekretuak… Asko dira arriskuak, eta komeni da erreparatzea nagusitzen ari diren joerei.

Bada, hari horretatik tira eginez, eta ezinezkoa bada hasierako asmo horietara bueltatzea, hauxe eskatuko nuke, gutxienez: herritarren konpetentzia digitala eta kritikotasuna areagotzea, arrakala digitalarekin amaitzea, eta aurretik aipatutako jardunbide maltzur eta ez-etikoekin bukatzea. Horren lekuko izan nahiko nuke etorkizun hurbil batean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia