}

Makina konplexuak, uste baino zaharragoak

2004/06/17 Elhuyar Zientzia

Ikerketa baten arabera, antzinako txinatarrek teknologia aurreratua erabiltzen zuten bitxigintzan. Orain arte uste zen lehenengo makina konplexuak beranduago agertu zirela. Ikerketa berriaren arabera, ordea, litekeena da uste baino hainbat mende lehenago erabili izana.

Ikerketa baten arabera, antzinako txinatarrek teknologia aurreratua erabiltzen zuten bitxigintzan. Ondorio horretara iritsi dira duela 2.500 urte inguruko jadezko eraztunak aztertuz.

Orain arte uste zen lehenengo makina konplexuak beranduago agertu zirela. Ikerketa berriaren arabera, ordea, litekeena da uste baino hainbat mende lehenago erabili izana.

Aztertu dituzten jadezko eraztunak ehorzketetan erabiltzen zituzten, eta guztiek ildaska kiribil batzuk dituzte. Ildaska bakoitza 0,2 milimetro zabal da, eta irudiak zehaztasun handiz daude osatuta. Zehaztasun horrek erakusten omen du ez daudela eskuz eginda.

Ildaskak egungo disko-jogailu baten antzeko gailu batekin egin zituztela uste dute ikertzaileek. Gailu horretan, haien ustez, orratz bertikal bat zegoen biratzen zuen oinarri bati lotuta, eta oinarriaren errotazio-mugimendua orratzaren mugimendu linealarekin konbinatzen zen.

Mugimendu-mota bi konbinatzen dituzten makina konplexuak hori baino hiru mende geroago hasi zirela erabiltzen uste zen orain arte, eta horrelako gailuak aipatzen dituzten lehenengo idazkiak duela 2.000 urtekoak dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia