Malaria eragiten duen mikroorganismoaren genoma deskodetu da
2002/10/03 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Orain, hiru biokimikari-taldek P. falciparum mikroorganismoaren genoma deskodetzeko proiektua garatu dute. Talde bat Ingalaterrako Sanger Centre (Cambridge) laborategikoa da, eta bederatzi kromosoma deskodetu ditu. Gainontzeko kromosomak Estatu Batuetako bi taldek deskodetu dituzte, TIGR institutukoak (Maryland) eta Stanford Unibertsitatekoak (Kalifornia).
Horrekin batera, antzeko beste mikroorganismo batena ere deskodetu dute, Plasmodiun yoelii yoelii -rena, arratoietan malaria eragiten duenarena, hain zuzen; biak konparatuta, zerk bihurtzen duen mikroorganismo bat kaltegarri gizakiarentzat eta bestea ez jakingo dute zientzialariek.
Ikerketa horien emaitzak Nature aldizkariaren aste honetako zenbakian argitaratu dira. Aldi berean, malaria transmititzen duen Anopheles gambiae eltxoaren genoma ere deskodetu da. Eltxoaren ikerketaren berri Science aldizkariak eman du. Egin diren lanen garrantzia azpimarratzeko, ikerketen eta bi aldizkarien arduradunek prentsaurrekoak eman zituzten atzo Washingtonen eta Londresen. Giza Genoma proiektuarekin egin zen bezala, emaitza guztiak aldi berean argitaratzea erabaki dute eta indar handiz iragarri dituzte.
Genoma txikia
Denbora asko eman dute zientzialariek lan honetan; hori oso esanguratsua da. Pentsa daiteke edozein organismoren genoma guztiz deskodetzea lan handia dela, eta hala da; baina genoma horren tamaina kontuan izanda, denbora gehiegi izan da.
23 milioi base-parez osatuta dago P. Falciparum -aren DNA, eta 14 kromosomatan banatuta dago. Datuak zenbakiak besterik ez dira; dena dela, nolabait konparatzeko, Drosophila melanogaster euliaren genoma, 120 milioi base-pare dituena, urtebete baino gutxiagoan deskodetu zuten. Mikroorganismo honen genomaren proiektua, ordea 1996an jarri zen martxan, eta hain epe luzea behar izatea topatu izan diren zailtasunen ondorio argia da.
Zailtasun horien jatorria genomaren osagaietan datza; egia esan, beste genomekin arrakastatsua izan den metodologia ez da aproposa Plasmodium falciparum -a ikertzeko. DNAk erabiltzen dituen baseak lau badira ere, G, C, T eta A, mikroorganismo horrek A eta T baseez soilik osatutako oso sekuentzia luzeak ditu. Beraz, genoma deskodetzeko DNA zati txikitan puskatu, puska bakoitza deskodetu eta gero, jatorrizko sekuentzia bilatzeko, informatikoki ordenatzen da. Azken urrats hori izugarri zailtzen da lau baseren ordez bik bakarrik hartzen dutenean parte.
Mikroorganismo horren kromosomen egituretan hainbat ezaugarri bitxi ere aurkitu dira. Adibidez, muturretako telomeroen egitura oso konplexua da, eta, zientzialarien ustez, horrek mutazioak gertatzeko bidea errazten du; mutazio asko genomaren gune horietan gertatzen dira. Beraz, Plasmodium -ak nahiko mikroorganismo aldakorrak dira, eta horrek eragozten du malariaren ikerketan aurrera egitea.
Metabolitoen misterioa
Deskodetzeko zailtasunez gain, sekuentzia horiek interpretazio-arazoak ere sortzen dituzte. Guk dakigula, horrelako sekuentziek ez dute generik kodetzen, baina agian kontzeptu horiek berriz aztertu beharko dira.
Ikerketan, geneak (introi eta guzti) non dauden igartzen duen softwarea erabili da, baina programa horiek ez dira zehatzak eta gene bat identifikatzeko dituzten irizpideak ez dira nahikoak edo zuzenak. Giza genomaren kasuan ere arazo bera zegoen; izan ere, oraindik ez dago modurik gizakiak zenbat gene dituen esateko.
Gaur egun erabiltzen den estrategia gene ezagunekin konparatzea izaten da. Horretarako, antzeko beste organismo batzuen geneak erabiltzen dira. Noski, horrek ez du arrakasta handia izaten, espezie bakoitzaren berezko ezaugarri genetikoekin egiten delako topo. Plasmodium falciparum -aren genomak, gainera, ezusteko handiak ekarri ditu. Adibidez, energia garraiatzen duten oinarrizko molekulak 'kudeatzen' dituzten ohiko proteinak ez dira azterketa horietan azaldu, ez ATParenak, ezta NADHarenak ere.
Horrez gain, garraio-proteina gutxi aurkitu dituzte. Baina mitokondrioaren jardueraren seinalea behintzat detektatu dute ikertzaileek; bestalde, apikoplastoekin zerikusia duten gene asko ere identifikatu dituzte (gantz azidoak sintetizatzen dituzten guneak).
Zer esan nahi du horrek guztiak? Metabolismo-mota berri baten aurrean al gaude? Edo proteinak aurkitzeko metodologia oraindik oso atzeratua da?
Botika berriak?
Plasmodium falciparum -aren metabolismoa ez ulertzeak ez du esan nahi haren kontrako estrategia berriak diseinatu ezin direnik. Hain zuzen ere, bide horretan elikadura-bakuoletan parte hartzen duten bost proteina berri identifikatu dituzte, eta ustez inhibitzaile espezifikoen bitartez blokea daitezke.
Are gehiago, malariaren kontra erabiltzen ziren kininak eta sulfanilamidak zehazki nola jokatzen duten aspaldidanik da jakina. Beraz, itxaropen handia dago. Bide horretan, Anopheles gambiae eltxoaren genoma deskodetu izana ere laguntza handia izan daiteke. Baina proiektuan parte hartu duten zientzialariek beste zalantza batekin egin dute lan: zein da malariari aurre egiteko biderik aproposena? Maila handiko proiektu genetiko garestiak? Osasun publikoa zaintzeko ohiko programak? Beharbada bi bideak batera erabiltzea da konponbidea. Jada beste mikroorganismo batzuen genomak deskodetzeari ekin diote Plasmodium falciparum -arena deskodetu dutenek. Zain egon beharko dugu mota honetako ikerketen emaitzak noraino iristen diren ikusteko.
Artikulu osagarriak:
Malaria edo paludismoa, bi izen osasun-arazo ikaragarri batentzat
Malaria transmititzen duen eltxoaren genoma agerian
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia