}

Malariaren jatorria goriletan egon liteke

2010/10/17 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Malariaren aurkako borrokan lagungarriak izan daitezkeen bi ikerlanen berri izan dugu asteotan. Batek dio goriletan egon litekeela gaixotasuna eragiten duen mikroorganismoaren jatorria, eta ez txinpantzeetan, orain arte uste zen bezala. Bigarren lanak, bestalde, gaitza transmititzen duen eltxoaren immunitate-sistema utzi du agerian.
Richard Ashurst

Aspalditik ezagutzen den arren, malaria (edo paludismoa) hilgarria da egun ere. Munduko Osasun Erakundearen datuak argiak dira: urtean 300 milioi lagun larri gaixotzen dira, eta horietako milioi bat, gutxienez, hil egiten da malariaren erruz. Munduko populazioaren % 40k du gaitza jasateko arriskua, batez ere herrialde pobreenetan bizi direnek.

Malariaren aurkako borrokak ibilbide luzea egin du, baina oraindik ez dago hari aurre egiteko erabateko irtenbiderik. Alde horretatik, esanguratsuak izan litezke aurkikuntza berriak.

AEBko Alabamako Unibertsitatean ondorioztatu dute gaixotasunaren jatorria goriletan dagoela, eta Nature k eman du berria. Plasmodium falciparum mikroorganismoa da malaria-mota gehienen eragilea gizakietan, eta Anopheles gambiae eltxoaren ziztadak transmititzen du gaitza. Baina orain artean ez zegoen argi bizkarroiaren jatorria zein izan zitekeen.

Hori argitu nahian, txinpantzeen, bonoboen eta gorilen populazio basatietan (Saharaz hegoaldeko Afrikan) bildutako 3.000 gorotz-lagin aztertu dituzte, eta horietan aurkitutako Plasmodium en DNA sekuentziatu. Diotenez, kontinenteko mendebaldeko gorilen ( Gorilla gorilla ) laginetan aurkitutako bizkarroiek dute antzekotasunik handiena gizakietan ikusi ohi direnekin. Eta, hala ondorioztatu dute, hain zuzen, espezie hartan egon daitekeela malariaren jatorria. “Mendebaldeko goriletatik gizakira pasako zen bizkarroia, eta ez txinpantzeetatik gizakira, orain arte uste zen bezala. Gainera, espezieen arteko transmisio hori urrats bakarrean, zuzenean, egin zela uste dugu”, dio ikerlaneko arduradunak.

Munduko populazioaren % 40k du malaria jasateko arriskua, batez ere herrialde pobreenetan bizi direnek.
Emma Taylor

Eltxoari so

Malariarekin lotura duen beste ikerketa Marylandeko National Institute of Allergy and Infectious Disease-k egin du; Anopheles en immunitate-sistema sakon behatu du. Gaitza eltxoak transmititzen duenez (gizakietan Plasmodium a sartuta), intsektuak berak immunea izan behar du. Eta horixe da ikertu nahi izan dutena, eltxoa nola immunizatzen den, alegia.

Esperimentuan, eltxoak bi taldetan banatu, eta Plasmodium ekin kutsatutako arratoien odolaz elikatu zituzten. Talde bat laster kutsatu zen; bestea ez, ordea, bizkarroia haz zedin bero larregi egiten zuen gela batean izan baitzituzten intsektuak. Astebetera, berriro elikatu zituzten bi taldeak odol kutsatuarekin. Bada, lehendik kutsatuta zeuden eltxoek “10 aldiz hobeto” egin zioten aurre bizkarroiari; bizirik iraun zuten askok, kutsatuta ez zeudenek baino ugaltzeko gaitasun hobearekin, gainera.

Badirudi horren ardura granulozitoek dutela: ikerlariek ikusi zuten granulozito-kopurua hiru aldiz handiagoa zela aurrez kutsatutako eltxoen odolean. Haien odolean zelula arrotzen bat detektatzean, granulozitoek eraso egiten diote.

Anopheles eltxoaren immunitate-sistema sakon behatu dute ikertzaileek..

Granulozitoak sortzeko, ordea, beharrezkoa da aurretik malariaren mikroorganismoarekin kontaktuan egotea. Izan ere, Plasmodium ek ahuldu egiten ditu eltxoaren hesteetako paretak; hori dela eta, bakterio jakin batzuk intsektuaren gorputzean sartzen dira. Bada, dirudienez, bakterio horiek granulozito bihurtzen dira gero, bizkarroiari aurre egiten laguntzeko.

Hori egiaztatzeko, errepikatu egin zuten esperimentua, baina eltxoei hesteetako bakterioen aurkako antibiotikoak emanez. Aurrez kutsatutako eltxoen granulozito-kopurua ez zen hazi orduan; eta, ondorioz, hil egin ziren hainbat intsektu.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia