}

Malariaren kontrako botika eraginkorrago bat aurkitu dute

2011/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Malariaren kontrako botika eraginkorrago bat aurkitu dute
2011/01/01 | Elhuyar
Kininak ez bezala, artesunatoak malariaren bizkarroi gazte-gazteak ere hiltzen ditu, eta, agian, horregatik da eraginkorragoa. Arg.: United Nations Development Programme.

Txaloak egon ziren, Science aldizkariaren webgunean azaldu dutenez, Tropikoetako Medikuntza eta Higienearen Elkarte Amerikarraren urteroko topaketan. Malariaren kontrako substantzia berri batekin lortutako emaitzak izan ziren txalo-zaparradaren eragileak. Malariak jotako Afrikako haurren hilkortasuna orain arteko botika eraginkorrenak --kininak-- baino % 22 gehiago gutxitzen duen botika bat aurkeztu zuen Oxford Unibertsitateko ikertzaile batek.

Mendetan erabili izan da kinina malaria-kasu larrienak tratatzeko, orain arte ez baita aurkitu hura baino botika eraginkorragorik. 2005ean, ordea, Oxford Unibertsitateko ikertzaile hori buru zela, Asiako lau herrialdetan egindako ikerketa batean frogatu zuten beste substantzia bat, artesunatoa, kinina baino eraginkorragoa zela. Hain zuzen, kininak baino % 35 gehiago murriztu zituen malariak eragindako heriotzak.

Ikertzaileek ez zekiten, ordea, Afrikan ere emaitza on horiek lortuko ote zituzten. Izan ere, Afrikan beste gene-osaera bat du populazioak, eta, oro har, neurri handiagoan dago malaria hartzeko arriskuan. Gainera, Asiako ikerketa batez ere banako helduekin egin zuten, eta, Afrikan, berriz, bereziki haurrak hiltzen dira malariak jota.

Zalantza argitzearren, malaria-kasu larria zuten 15 urtetik beherako 5.425 haur afrikar bildu zituzten ikertzaileek, eta bi substantzia horietako batekin tratatu zituzten. Kinina hartu zuten haurren artean, % 10,9 hil zen; artesunatoa hartu zutenen artean, berriz, % 8,5. Hau da, % 22 gutxiago hil ziren.

Zientzialariek azaldu dutenez, artesunatoak malariaren bizkarroi gazte-gazteak ere hiltzen ditu, kininak ez bezala, eta, agian, horretan datza bi botiken arteko aldea.

1
271
2011
1
001
Biokimika; Osasuna; Medikuntza
Albisteak
6

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia