}

Malariaren txertoa egiteko beste bide bat

2002/08/28 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Ikertzaileak aspalditik ari dira malariaren txertoa lortzeko ahaleginetan. Baina emaitzak ez dira nahi bezain onak izan, eta malariaren erruz milaka pertsona hiltzen da urtean. Argi dago, beraz, txertoaren premia dagoela.

Txertoen eginkizuna gorputzaren sistema immunea infekzioa gertatzen denerako prest edukitzea da. Horretarako, antigorputz espezifikoak ekoitzarazten dituen substantzia bilatzen saiatzen dira. Normalean, malaria sortzen duen bizkarroiaren proteinekin egiten dira probak: proteinek inolako kalterik sortzen ez duten arren, antigorputzen ekoizpena sustatzen dute; hartara, bizkarroia gorputzera sartzen denerako, erantzun immunea prest dago.

Teorian ez du hain zaila ematen, baina arazoa ez da makala; Plasmodium falciparum bizkarroiak 5.000 proteina baino gehiago kanpora ditzake, eta askok itxura aldatzeko gaitasuna dute. Gainera, bizitzaren zikloaren estadio bakoitzean, proteina batzuk ala beste batzuk ditu azalean. Hori dela eta, txertoak ez dira beti eraginkorrak.

Orain, malariaren txertoa lortzeko ahaleginetan, beste bide batetik jo dute Australiako Queensland Institutuko Michael Good immunilogoak eta bere taldekideek. Ikertzaileek, antigorputzen bidezko erantzun immunea alde batera utzi, eta T linfozitoen eginkizunean jarri dute arreta. Izan ere, sistema immunearen zelula horiek, bizkarroiarekin kontaktua izan eta gero, bizkarroiak infektatutako globulu gorriak antzeman eta suntsitzeko gaitasuna dute. Beraz, T linfozitoen ekoizpena sustatzeko era bilatu eta aurkitu dute ikertzaileek, eta
The Lancet
aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.

Ikerketan, botiken bidez erraz sendatzen den Plasmodium falciparum aldaera batekin kutsatutako pertsonen globulu gorriak erabili dituzte. Globulu gorri horiek beste bost pertsonari sartu dizkiete odolean, eta, horrekin batera, malariaren aurkako tratamendua eman diete.

Ikerketan parte hartu duten bost pertsona horiek ez dute malariaren sintomarik azaldu. Lehenengo ziztadarekin batera, bizkarroiaren DNA haien odolean kantitate altuan azaldu zen. Baina beste hiru aldiz eman diete txertoa, eta laugarrengoan bizkarroiaren DNA desagertu egin dela ikusi dute. Ondorioz, beren sistema eraginkorra dela frogatu dute. Gainera, bizkarroiari T linfozitoek egin diotela aurre baieztatu dute ikertzaileek, eta ez antigorputzak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia