Mamba beltzaren pozoia mina kentzeko
2012/10/08 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Mamba beltza munduko sugerik azkarrena da, eta baita pozoitsuenetako bat ere. Haren pozoiak 20 minutuan hil dezake pertsona bat. Baina pozoi horretatik onura ere atera liteke, Frantziako ikertzaile-talde batek Naturen argitaratu berri dutenez: sugearen pozoia osatzen duten osagaien artean, mina kentzen duten bi proteina aurkitu dituzte. Morfinaren pareko eraginkortasuna dute, eta albo-ondorio gutxiago.
Hain zuzen ere, morfinaren eta gainerako opioideen alternatibak bilatzeko ikerketa baten parte izan da aurkikuntza. 50 animaliaren pozoiak aztertuta iritsi dira mamba beltzaren proteinetara. Saguetan egindako probetan ikusi dute mambalgina izeneko proteina horiek morfinak adina kentzen dutela mina, eta ez direla toxikoak saguentzat. Morfinaren kasuan bezala, tolerantzia denborarekin handitu egiten da, alegia, gero eta dosi handiagoak behar dira, baina efektu hori txikiagoa da mambalginen kasuan. Eta ez dute saguen arnas erritmoa handitzen (opioideen albo-ondorio arriskutsu bat izaten da hori).
Mambalginek beste mekanismo baten bidez kentzen dute mina (ez dute opioideen errezeptoreetan eragiten). Minaren transmisioan zerikusia duten ioi-kanal batzuk inhibitzen dituzte, bai nerbio-sistema zentralean, eta baita periferikoan ere. In vitro egindako proba batzuen arabera, badirudi gizakien ioi-kanaletan ere berdin eragiten dutela. Ikertzaileek uste dute mambalginak edo antzeko molekulak bideragarriak izan daitezkeela klinikoki erabiltzeko, eta, beraz, bide on bat izan daitekeela oinazea kentzeko botika berriak garatzeko.Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia