Mareen energia, elektrizitate-iturri
2000/10/22 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia
Erdi Aroan, kostaldean bizi ziren nekazariek itsasgoran ibaietako ura metatu egiten zuten eta marea jaistean metatutako ura askatuta ur-errotak ibilarazten zituzten. Jakina, horretarako bai itsasgorak eta bai itsasbeherak nabarmenak izan behar zuten, batetik besterako aldea aprobetxatu beharra baitzegoen. Aspaldikoa da, beraz, mareen energiaz baliatzeko nahia. Oinarrizko erabilera hartatik gaur egunera gauza asko aldatu dira. XX. mendearen bigarren erdian ingeniariek gaia ikertu zuten eta konturatu ziren mareetatik energia elektrikoa lortzea teknologikoki erraza izan arren, ekonomikoki ez zela errentagarria. Horretaz gain, ingurugiro-arazoei ere erreparatu egin behar zitzaien, ordura arte erabiltzen zen teknikak kalte ugari sortzen baitzituen. 1990eko hamarkadan, ordea, teknologiaren alorrean gertatu den aurrerakadari esker, itsasotatik energia merkea lortzea dagoeneko ez da amets hutsa, benetako aukera baizik.
Estuarioak energia-iturri
Duela gutxi arte marea-energia erabiltzeko lekurik hautatuenak estuarioak izan dira, horietan ur-bolumen handia iragaiten baita toki estu batean barrena eta, ondorioz, abiadura handiko ur-lasterrak sortzen dira. Horrelakoetan estuarioaren sarreran presa bat eraikitzen da eta itsasgora hasten denean sarbidea itxi egiten da. Ondorioz, presaren itsasoko aldean uraren maila igo egiten da beste aldekoarekiko. Itsasgoraren azken bi orduetan atakak ireki eta itsasoko ura estuariorantz abiatzen da turbinetan barrena, energia elektrikoa sortuz. Itsasgora une gorenean dagoenean atakak itxi egiten dira berriro eta ura estuarioan metatuta uzten da itsasoan marea behera doan bitartean. Itsasbeheraren amaieran atakak ireki eta ura estuariotik itsasorantz isurtzen da, turbinak mugitu eta orain ere energia elektrikoa sortzen da. Estuario-zentralak teknologikoki egokiak dira, baina ingurugiro-arazo larriak sortzen dituztenez, dikeen teknologia hori baztertu egin da. Izan ere, horrelako zentralen eraginez, estuarioetako habitata hondatu egiten da, arrainak ezin izaten dira behar bezala ibili ¾asko turbinetan harrapatuta hiltzen dira¾, presako sedimentuek estuarioaren bolumena murriz dezakete…. Orrialde hauetan ikus daitezken argazkiak, munduan funtzionamenduan dauden bi marea-zentraletakoak dira, bata Kanadako Eskozia Berriko Atlantic, eta bestea Normandiako La Rance-n 1967an eraiki zena.
Antzerako teknologian oinarrituta baina ingurugiro-arazoak saihesteko beste sistema bat garatu da: itsas azpiko zoruan oinarritutako barruti harresituak, urmaelak. Marea goian dagoela urmaela urez betetzen da eta ura hor metatuta gelditzen da marea jaisten hasten denean. Marea behean dagoela urmaeleko ura eta itsasoko ura ez daude maila berean eta, atakak irekita, urmeleko ura itsasora isurtzen da turbinetan barrena. Hor energia elektrikoa sortzen da. Hustu ondoren, urmaeleko ura eta itsasoko ura maila berean daude. Orduan urmaelerako sarbidea itxi egiten da eta marea igotzen denean berriro ere maila desberdinetan egongo dira itsasoko ura eta urmaelekoa. Balbulak ireki eta itsasoko ura urmaelera sartuko da turbinetan barrena, eta energia elektrikoa sortuko da. Urmaela betetzen denean zikloa hasten da berriro
. Horrelako marea-zentral bukaturik oraindik ez dago munduan, baina proiektuek egon badaude, Indian eta Alaskan esate baterako.
Itsaslasterren atzetik
Mareak igo eta jaitsi egiten direnez, itsasertzaren inguruan itsaslasterrak sortzen dira sarritan.Itsaslaster horiek energia izugarria sor dezakete, eta gainera egunerokoak izaten dira. Beraz, etenik gabeko energia dela esan daiteke. Itsaslasterren energia eskuratzeko marea-hesien eta marea-turbinen teknologiak ari dira garatzen gaur egun. Marea-hesien teknologia estuarioetako presen teknologiaren antzekoa da -itsasarteetan edo uharte txikien arteko kanaletan kokatzen dira- baina ez da ura metatzen, itsaslasterraren energia zuzenean erabiltzen da turbinak higiarazteko. Marea-hesien abantaila nagusia makineria elektrikoa -sorgailuak eta transformadoreak- ur gainean ezarri ahal izatea da.
Beste aldean, marea-turbinak daude. Hauek hesia edo presa behar dutenak baino egokiagoak dira ingurugiroaren aldetik, itsasontzi txikiek jarrai baitezakete ingurua ustiatzen eta eraikitzeko askoz material eta lan gutxiago behar baitute. Eta ez da ikusten, ez entzuten, ur azpian baitago. Ikustezin eta entzunezina izan arren ¾izateagatik behar bada¾ energia-iturri oparoa izan daitezke, mareen energia ustiatzeko gainerako sistemak bezala.
Badirudi itsasoaren energiaz baliatzeari dagokionez etorkizuna marea-turbinen teknologian egon daitekeela, besteen aldean aukera hobeak eskaintzen dituelako. Beste aukerak garatzea hala ere, ez litzateke txarra izango, egoera fosilean egon behar duten erregai fosilak gutxiago erabili eta berriztagarriak bultzatuko liratekeelako.
7kn argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia