}

Mari Carmen Gallastegi: "Ekologistak eta ekonomistak ez gara etsaiak"

2006/09/01 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ekonomista da eta Gizarte Zientzietako Euskadi saria jaso du, baina zientziarekin zerikusi estua du. Izan ere, arrantza-gaiekin dihardu lanean: ingurumen-ekonomian aditua eta aritua da. Ez ditu alferrik egin hogeita hamar urte bioekonomiaren munduan. Nor egokiagoa ingurumenaren eta arrantzaren arazoari gainbegiratu bat emateko ikuspegi ekonomikotik.
2005eko Ikerkuntzako Euskadi sariaren irabazlea
Mari Carmen Gallastegi: "Ekologistak eta ekonomistak ez gara etsaiak"
2006/09/01 | Rementeria Argote, Nagore | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Mari Carmen Gallastegi (Bergara, 1945) ekonomian doktorea da AEBko Brown Unibertsitatean eta Ekonomia Analisian katedraduna Euskal Herriko Unibertsitatean.
(Argazkia: N. Rementeria)
Ekologisten zeregina ingurumena babestea da eta ekonomistena ez, antza.

Nik uste dut ekologistek funtzio bat dutela; eta ekonomistok beste bat dugu. Baina ez dut uste ekonomista izate hutsagatik kontserbazionista ez garenik. Gu ere konturatzen gara jarduera ekonomikoak kalteak eragiten dituena, kutsatu egiten duelako, ingurumen-aktiboak gehiegi ustiatzen direlako, agortzeraino kasu batzuetan, arrantzan esaterako.

Ekonomiari ezin zaio egotzi ez duela ingurumena kontuan hartzen. Azken hamarkadetan ahalegin handia egiten ari dira ingurumenarekin zerikusia duten faktoreak ere aintzat hartzeko. Energiari dagokionez, esate baterako, petrolioaren arazoak bultzatuta, agian kontsumoa gutxitzeko politikak egin beharko ditugu. Eta ekonomistok ez gaude politika horien aurka. Gure lana kostuak kalkulatzea da: zenbat kostako litzatekeen politika hori aurrera eramatea eta zenbat ezer ez egitea. Bi aukerak aurrez aurre jartzen ditugu.

Ekologistek, berriz, balio jakin batzuk zaintzen dituzte ingurumenaren alorrean, etika egokia dute nire ustez. Eta ekologistak eta ekonomistak bateragarriak gara, ez gara etsaiak. Elkarrekin egin beharko genuke lan, ez bereiz.

Baliabide naturalei prezioa jartzen diezue, eta horrek ez dirudi lan erraza.

Oso zaila da, baina beharrezkoa da; izan ere, gauza batek zenbat balio duen ez badakigu, ez dugu preziatzen. Dena dela, beste alor batzuetan ere jartzen dira prezioak eta natural hartzen dugu hori. Bizitza-aseguruetan, esate baterako, bizitzari prezioa jartzen zaio.

Mari Carmen Gallastegik argi dauka ordaindu egin beharko litzatekeela guztionak diren ingurumen-aktiboak erabiltzeagatik, itsasoa esaterako.
N. Rementeria

Bizitzarekin gertatzen den bezala, ingurumen-aktiboek zenbat balio duten ez dugu inoiz jakingo; baina balio horretara hurbiltzeko ahalegin horri esker babestu ahal izango ditugu ingurumen-aktiboak. Salgai baten azken prezioak barnean izan beharko ditu ekoizpenean erabili diren ingurumen-aktiboak ere; aktibo horiei prezioa jarri behar horretarako, noski. Eta, esan bezala, ez da oso zehatza, hurbilketa bat da, baina politika ekonomikoaren gaineko erabakiak hartzen laguntzen du, ingurumen-kontabilitateak bezala.

Ingurumen-kontabilitatean kontuan hartzen dira, esate baterako, zuretarako zenbat zuhaitz moztu diren, errepide bat egiteko zenbat hektarea-lur hondatu diren, eraikin bat egindakoan zer kalte egin zaion paisaiari... Europan bertan badira ingurumen-kontabilitatea egiten duten herriak, eta gu ere horretan ari gara lanean.

Baina oraindik ere barne-produktu gordina (BPGd) da adierazle nagusia ekonomiaren garapena, edo hobe esan hazkundea, kontabilizatzeko.

Hala da, baina badira horren ordezko adierazleak. Nik uste dut guztiok ados gaudela: BPGd motz geratzen da garapena eta bizi-kalitatea adierazteko. Izan ere, BPGd ikaragarri hazten ari den lurralde batean bizi bazara, baina arnasten duzun airea zeharo poluituta badago... alferrik da hainbeste BPGd.

Denbora da Nazio Batuek beste adierazle batzuk proposatu zituztela; hala nola, kontuan hartzen dituztenak hezkuntza-maila, osasuna, ingurumena edo herritarren errentaren banaketan dagoen aldea. Grafiko batean jartzen bada azken urteetako BPGd-ren hazkundea eta alderatzen bada beste adierazle horiekin, ikusten da hauek beste hura baino askoz beherago daudela. Bizi-kalitatea BPGd-k erakusten duen baino txarragoa da. Beraz, BPGd oso adierazle eskasa da herrien eta herritarren bizi-kalitatearentzat.

Adierazle horiek orain arte ez dira aintzat hartu nazio-kontabilitatean, baina orain bai, pixkanaka bada ere. Ahalegin handia ari dira egiten, eta, esan behar da, azken 30 urteetan ikaragarri aurreratu da.

Aldaketa hori gertutik bizi izan duzu. Ingurumen-ekonomian hasi zinenean nahiko espezialitate exotikoa izango zen, ezta?
(Argazkia: MEC)

Bai, jende gutxi zegoen ekonomiaren espezialitate honetan; exotikoa zela esan daiteke, bai. Duela 30 urte merkatuaren porrotak ez ziren ia ikertzen (eta ingurumen-ekonomia porrotak izaten dituen alor bat da, argi eta garbi). Garai hartan merkatuaren funtzionamendua aztertzea zen garrantzizkoena.

Baina bizitzak buelta asko ematen ditu, eta gaur egun, berriz, merkatuaren baitako porrotak ikertzeak hartu du garrantzia, hain zuzen ere: nolatan dugun hainbeste ingurumen-arazo, zergatik ez dugun arrantza-baliabiderik, zergatik agortu ditugun itsasoko baliabideak eta abar.

Ingurumena, itsasoa, arrantza... guztionak dira, eta guztiona den zerbait kudeatzeko garaian beti daude arazoak.

Jabetza komunen tragedia esaten zaio horri. Eta alor guztietan gertatzen da. Guztiona den zerbait kudeatzeko zailtasunak izaten dira beti. Guk kalea ez dugu gure etxea bezain ondo zaintzen, esate baterako.

Ekonomiaren ikuspegitik sakon aztertu izan da gaia, guztion jabetzarekin zer gertatzen den, alegia. Eta ikusi da kanpoko eragile batek arauak jartzen ez baditu (sektore publikoa izan ohi da arau-jartzailea) baliabidea gehiegi ustiatzen dela. Arrantzan esate baterako, arrantzaleak badaki berak harrapatzen ez duena beste batzuentzat izan daitekeela, eta, ez du inongo bermerik aurrerantzean arrantza izango duela; horregatik, ahalik eta gehien harrapatzen du.

Gauza bera gertatzen da erabilera libreko erregimeneko jabetza guztiekin (atmosfera, itsasoa...), gehiegi ustiatzen direla, alegia. Eta horixe da, hain zuzen ere, jabetza komunen tragedia; guztiona denez ez da inorena. Terminoa Hardin-ek egin zuen ezagun duela urte asko. Eta arrantzan, esate baterako, tradizio handia du stocken ustiapena ikertzeak: biomasa guztiona da, bada, nola arautu behar da agortu ez dadin?

Ahaleginak egin dira arrantza arautzeko, baina...
Europako arrantza-politikak ez du emaitza onik izan; estatu bakoitzak bere onura baizik ez du bilatu, eta horrek kalte egin die guztiei.
MEC

Arrantza bai, arautu dute, baina kale egin dute. Erkidegoaren arrantza-politikak bi arrazoi nagusigatik egin du kale: estatuek erabakitzen dutelako zenbat harrapatu, eta kontrola ere haien esku dagoelako --eta ez dute kontrolatzen--. Berez, Europako Batzordearen esku dago arrantza-politika, baina kontrola estatu kideen esku dago. Kontrol hori egiteko ez dute pizgarririk izan, ordea; eta kide batek ez dakienez besteek kontrola egiten duten ala ez, bada ez du egiten.

Dena dela, arazoa konpontzekotan dira; gutxienez arazoaz jakitun dira. Eta jakitun dira baita ere zientzialarien txostenei jaramon egin behar dietela, nahiz eta kalkuluetan errore-tartea izan. Bestela, antxoarekin gertatu dena gertatzen da. Zientzialariek behin eta berriz esan zuten arrantzarako zegoen biomasa oso txikia zela, espeziea babestu beharra zegoela, gehiegi ustiatzen zela. Baina maila politikoan zaila da banaketa egitea, batez ere banatzeko gutxi dagoenean (asko dagoenean errazagoa da banatzea). Eta zientzialariek aholkatutakoa baino gehiago banatu zuten.

Antxoarena bezalako porrotei esker hasi dira zientzialarien lana aintzakotzat hartzen?

Jakina. Argi dago politikariek zientzialarien lanaren beharra dutena, haien aholkuak behar dituzte, eta kasu egitea. Izan ere, beti izan dute zientzialarien aholkua, baina ez diete jaramonik egin. Eta gaur egun beharrezkoa da zuhurtziaz jokatzea. Zuhurtziaren printzipioa indarra hartzen ari da, batez ere ziurgabetasun handia dugulako ingurumen-gaietan. Ditugun datuak ez dira zehatz-zehatzak, beraz, komeni da datuek diotena baino gehiago kontserbatzea, gutxiago ustiatzea.

Rementeria Argote, Nagore
3
223
2006
9
031
Elkarrizketak; Giza zientziak; Ekologia; Arrantza; Ingurumena
Elkarrizketa
13