}

Maria Jesus Esteban «Matematikan aspaldiko gaiak batzuetan berreskuratzen dira»

2000/03/28 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Paris-Dauphine unibertsitatean ikerketa egiten duen matematikaria da. Orain Leioako unibertsitatean irakasle bisitaria da doktoretza ikastaro bat emateko. Egunkariako zientzi orrietan zutabegilea da.

• Matematikaria •

«Matematikan aspaldiko gaiak batzuetan berreskuratzen dira»

Dibulgazioaren esparruan ere aritzen da eta tarteka hitzaldiak ere ematen ditu, matematika ez dela zientzia agortua gogorarazteko. Askotan jendeak galdetu dio ea matematikan ikerketarik egin daiteken... noski. Maria Jesusek dio, gainera, gero eta gehiago egiten dela. Hilabetean behin, astearteroko zientzi orri hauetan zutabea eskaintzen digu. Berak dioen bezala, idatzi nahi den guztia zutabe bakarrean sartzea ikaragarrizko sintesi lana da.

Matematika ez dago agortuta, baina, adar agortuak al ditu?

Inoiz ez dakizu arlo bat agortuta dagoen edo ez. Zenbakien teoria oso adibide ona da. Lehen uste zen oso arlo teoriko eta abstraktua zela. Baina gaur egun oso garrantzitsua da kodeketa sistemak garatzeko, alegia, mezu sekretuak, lengoaiak, txartelen zenbakiak eta horrelakoak kodetzeko zenbakien teoria erabiltzen da. Aspaldian ikertutako gaiak berreskuratzen dira. Zerbait egiten duzunean ezin duzu jakin geroago erabilgarria izango den ala ez.

Fermat-en teorema anekdota hutsa al da?

Fermat-en teoremaren frogapena lan sinbolikoa izan da. Egia esan, nire ustez, ez da berez oso garrantzitsua frogatu duten ala ez, baina horren inguruan lan asko egin da eta gauza berri asko garatu dira. Beraz, teorema bera baino garrantzitsuagoa inguruko lana izan da.

Gaur egun matematikaren barruko arlo deigarrienak estatistikarena eta fraktaleena izan daitezke, ezta?

Estatistika asko-asko erabiltzen da; fraktaleak ere garrantzia dute. Baina ez dut uste beste arloak baino garrantzitsuagoak direnik. Fraktaleekin gertatzen dena da oso irudi politak ateratzen direla eta modan dagoela. Aplikazio bitxiak ditu, baina ez da beste arloak baino garrantzitsuagoa, hau da, bada jendea horretan lana egiten duena baina ez beste esparruetan baino gehiago.

Ordenagailuetan erabiltzen diren oinarrizko algoritmoak matematika hutsa dira baina, bestalde, ordenagailuak kalkulatzeko ezinbesteko tresnak dira. Nolako lotura dago informatika eta matematikaren artean?

Batzuetan problema konplexuen soluzioak ezin dira explizituki aurkitu. Beraz, emaitza hurbilduak bilatu behar dira. Hori lortzeko, problema hurbildu bat eta honi lotutako algoritmoa idatzi behar dira eta ordenagailuan sartu. Algoritmoa hobetu eta pixkanaka soluziora gero eta gehiago hurbidu. Algoritmoa eta problema hurbildua idaztea matematika da. Informatikan erabilitako lengoaian, programazio motetan (paraleloa edo bektoriala den) eta horrelako gauzetan dago. Beste arlo bat da. Bien arteko muga jartzea oso zaila da. Informatika teorikoa eta matematika, gauza batzuetan gutxienez, oso hurbil daude.

Informatikariekin batera egiten al duzue lan?

Bai. Fisikariekin ere lan egiten dugu. Taldean egin behar da lan eta bakoitzak berea egin behar du. Askotan oztopoaren jatorria lan egiteko modua da. Hasieran, adibidez, fisikariekin hitz egiteko beldurrez joaten nintzen lehen baina gero konturatzen zara haiek beldur berarekin joan direla. Besteari ez ulertzeko beldurra izaten da, ezezagunaren beldurra. Baina garbi badaukazu haiekin lan egitea onuragarria izango dela, beldurra gainditu behar da. Ahalegina egin behar da. Adibidez, nire departamentuan irudien tratamenduaren inguruan nahiko lan egiten da, eta talde horretan informatikari bat dago, matematikaria ez dena. Eta unibertsitate batzuetako multimediako departamentua matematikariek antolatu dute. Han ere, noski, informatikariekin batera egiten da lan.

Hainbat bankuetan gero eta matematikari eta zientzialari gehiago kontratatzen da. Zergatik?

Bankuetan betidanik kontabilitatea egon da, baina hor ez da benetan matematika berria. Aldiz, orain oso produktu konplexuak egiten dira eta beraien prezioa neurtu behar da. Aseguruen munduan ere, adibidez, arriskua neurtu beharrean gaude. Gauza horiek modelo matematikoen bitartez kalkulatzen dira. Oso konplexuak dira modelo horiek. Gainera, emaitzak oso arin aurkitu behar dituzte. Abiadura erabat garrantzitsua da. Segunduetako kontua izan behar da. Besteek zu baino arinago erabakitzen badute, asko galtzen duzu. Beraz, hor lana dago guretazat eta beste zientzilarientzat. Bestalde, kontutan eduki behar da ere ekonomia osoa ezin dela modelo batean sartu, baina gauza batzuk deskribatzeko nahiko modelo onak daude.

Patentatu egiten diren modeloak al dira?

Patentatu benetan ez.; bakarrik nahiko publiko direnean. Hasieran ondo gordetzen dute sekretua noski. Banku batek erabiltzen duen programa ez da publiko izaten. Baina bestalde badaude modeloak eta programak oso ezagunak eta publikoak direnak.

Beraz, unibertsitateko matematikariak lankidetza handia izango duzue enpresekin, ezta?

Ba, adibidez, nire departamentuko aurrekontuaren erdia baino gehiago kontratuetatik datorkigu. Gu nahiko proiektu aplikatuetan gaude inplikaturik, baina ez denak. Eta ez dugu bakarrik lan aplikaturik egiten. Hau da, gure lana alde desberdinak ditu: alde batetik, lan guztiz teoriko eta funtsezkoa (teoremak frogatzea eta abar), eta gero, kasu askotan, horren aplikazioetaz arduratzen gara ere. Adibidez, nire departamentuko zuzendari ohiak, Pierre-Louis Lions-ek, Fields domina (Nobel sariaren parekoa matematikako arloan) jaso zuen duela bost urte, bere lan matematiko eta teorikoengatik. Bada, hola izanda ere, lan teorikoetatik aparte, bera oso inplikatuta dago ere arlo aplikatuetan eta finantza matematikan eta fluidoen mekanikan aritzen da lanean. Beraz, gauza biak egiten ditu eta egin ahal dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia