}

Maria Sibylla Merian, xomorroekin liluratuta

2013/04/01 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

maria-sibylla-merian-xomorroekin-liluratuta
Arg. Manu Ortega/CC BY-NC-ND

1699an, 52 urterekin, Maria Sibylla Merian itsasontzia hartzera zioan. Kosta zitzaion bidaia ordaintzeko dirua biltzea; 200 margolan baino gehiago saldu behar izan zituen, baina, azkenean, amets hura bete ahal izango zuen. Testamentua idatzita utzi, badaezpada, eta, alaba gazteena ondoan, Surinamerantz abiatu zen. Lurralde tropikal hartako intsektuak gertutik behatzea zen Merianen ametsa, haiek ikertu eta marraztea.

Intsektuekiko lilura nola piztu zitzaion gogoratu zuen. Hamahiru urte izango zituen. "Zeta-arrekin hasi nintzen, Frankfurten, nire jaioterrian --idatziko zuen gerora--; eta konturatu nintzen beste beldarrek ere sits eta tximeleta ederrak ematen zituztela. Ahal nituen beldar guztiak biltzen hasi nintzen, nola eraldatzen ziren ikusteko".

Ordurako marrazkilari trebea zen Merian. Bigarren aita (lehenengoa 3 urte zituela hil zen) pintorea zuen, eta hark erakutsi zion marrazten; berehala ohartu zen alabak dohain berezia zuela. Hasieran loreak marrazten zituen batez ere, eta, noizean behin, intsekturen bat gehitzen zuen loreen ondoan. Baina, pixkanaka, intsektuek gain hartu zioten loreei. Merian liluratuta zegoen beldar eta tximeletekin. Haien bizimodua ezagutu nahi zuen: nola jaiotzen ziren, zer jaten zuten, nola hazten ziren, nola eraldatzen ziren... Aurkitzen zituen beldarrak zaindu, elikatu, eta haien bizi-zikloko fase ezberdinak marrazten zituen.

Hala, ia ohartu gabe, mundu nahiko ezezagun bat argitara ateratzen hasi zen. Izan ere, inor gutxik jartzen zien arreta garai hartan "deabruaren pizti"-tzat hartzen ziren intsektuei. Metamorfosia ez zen ongi ezagutzen, eta ur eta lohi zikinetatik berez sortzen zireneko ustea zabalduta zegoen. Merianek, berriz, garbi ikusi zuen: "beldar guztiak lehenago kopulatu duten tximeleten arrautzetatik jaiotzen dira".

Arg. Manu Ortega/CC BY-NC-ND

Intsektuen marrazkiekin argitaratu zuen lehen liburuan zioen hori, 1679ko Der Raupen wunderbare Verwandlung und sonderbare Blumennahrung -en (Beldarren eraldaketa miresgarria, eta lore-elikagai bitxiak). 1683an liburuaren bigarren zatia argitaratuko zuen. Liburu horietan intsektuak inork ordura arte ez bezala irudikatu zituen. Animalia bizien irudiak ziren, ez hildako eta kontserbatutako animalietatik abiatuta eginak, ohikoa zen bezala. Sits arrak esperma isurtzen eta emeak arrautzak jartzen marraztu zituen, beldarrak hostoak jaten, tximeletak edo baita muskerrak ere mihia elikagairantz luzatuz... Irudi haiek, eta ondoan idazten zituen testuek, argi uzten zuten marraztutakoa sakon ikertzen zuela lehenago.

Gerora oso imitatuak izango ziren konposizioak asmatu zituen: intsektu espezie bat edo bi, haietako baten beldarrak elikagai zuen landarearen inguruan. Intsektu horien eta landareen arteko harremana azpimarratzen zuen horrela. Izan ere, Merianek ikusi zuen beldar asko landare batez bakarrik elikatzen zirela: "Azpimarragarria da askotan izan ditudala lore bakarra jaten duten beldarrak, eta hura ematen ez banien, berehala hiltzen zirela". Adibide arraroren bat ere aurkitu zuen: "nahikoa elikagai ez dutenean, larba hauek batak bestea jaten dute, hainbestekoa da haien gosea". Eta beldarren defentsa-mekanismoak ezagutu zituen: "beldar handi hauek zurtoinean daudela ukituz gero kiribildu egiten dira, baina, estutuz gero, bortizki biratzen dira". Edo "berehala asaldatzen da, gauzarik txikiena ere sentitu orduko, bat-batean kiribildu eta lurrean gelditzen da, hilarena eginez, dena erabat bare egon arte".

Lorategietan aurkitu ohi zituen beldarrak; Frankfurt-en lehenengo, eta Nurembergen gero, hara ezkondu zenean. Izan ere, familia aberatsetako alaba ezkongabeei marrazketa-eskolak ematen zizkien, eta aberats haien lorategietarako ateak ireki zizkion horrek. Gero, 1685ean, 38 urterekin, senarra utzi, eta amarekin eta bi alabekin Holandara joan zen, labadisten komunitate erlijioso batera. Han, lehenengoz, beste mundu batetik zetozen intsektu ikusgarriak ikusten hasi zen: misiolariek eta tropikoetatik ekarritako tximeletak eta abar. Zoragarriak ziren.

Bost urtez labadistekin bizi ondoren, ama hil eta gutxira, Amsterdamera joan zen alabekin. Estudio bat jarri zuten, loreen, txorien eta intsektuen marrazkiak egin eta saltzeko. Eta lurralde tropikaletatik zetozen bitxiak ezagutzen jarraitu zuen: "Holandan, harrituta ikusi nuen zein animalia ederrak ekartzen zituzten Ekialdeko eta Mendebaldeko Indietatik". Baina inork ez zuen intsektu haiei buruzko informaziorik ekartzen. Intsektu zoragarri haiek lekuan bertan eta bizirik behatzeko aukerarik izango balu... Amestu eta egin. Herbehereen kolonia zen Surinamera abiatu zen Merian.

Bi urte pasa zituen han. Ez zen bizitzeko leku erosoa. Azukre-plantazioetako europarrekin ez zuen harreman gozorik izan; sarri, azukreaz baino beste kontu batzuez interesatzen zelako irri egiten ziotela sentitu zuen. Baina oihanak opari ederrak zituen Merianentzat. "Beldar hau etxera eraman nuen, eta berehala egur-koloreko krisalida bihurtu zen --idatzi zuen Europara bueltatutakoan argitaratu zuen Metamorphosis Insectorum Surinamensium liburuan (Surinameko intsektuen metamorfosia)--. Bi aste geroago, 1700go urtarrila bukaeran, tximeleta eder hau atera zen; zilar distiratsuz estalia zirudien, itsas urdin, berde eta more. Edertasun deskribaezina. Edertasun hori pintzelekin irudikatzea ezinezkoa da, seguruenik".

Arg. Manu Ortega/CC BY-NC-ND

Inurriekin ere harrituta gelditu zen: "Ameriketan inurri handi batzuek zuhaitz osoak jaten dituzte, eta eskoba-kirtena bezala utz dezakete zuhaitza gau bakarrean". Beste inurri batzuek "nonbaitera joan nahi badute, eta biderik ez badago, zubiak eraikitzen dituzte; alde batean egur-zati bati edo hozka egiten dio lehenak, bigarrenak lehenaren atzean jarri eta hari heltzen dio estu, hirugarrenak bigarrenari heltzen dio, eta abar. Horrela beste alderaino iristen dira, eta gero, milaka inurri pasatzen dira zubitik". Eta inurriez elikatzen ziren armiarma iletsuak deskribatu zituen. "Nahiko inurririk aurkitzen ez dutenean, txori txikiak hartzen dituzte habietatik, eta haien odola xurgatzen dute. Noizbehinka azala aldatzen dute, beldarrek bezala, baina ez ditut inoiz hegan egiten ikusi".

Intsektuen halako portaerak dokumentatzen zen lehen aldia zen. Europan askok ez zituzten sinetsi. Areago, inurriek zubiak egitea ezinezko zela esan zuenik ere izan zen. Emakume baten asmakizunak...

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia