}

Mario Sáenz de Buruaga: "Animaliak ehiza baino lehen fauna dira"

2003/11/01 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ehiza-garaian gaude bete-betean. Ez gara ehizaren eztabaidan sartuko, kudeaketari heldu nahi izan baitiogu. Horregatik jo dugu horretan urteak daramatzan M. Sáenz de Buruaga biologoarengana; Gasteizen duten bulegoan hartu gaitu.

Jada ehiza-garaia ondo aurreratuta daukagu, eta, Euskal Herrian, ehizaren kontrakoez gain, ehiztari asko dago. Zenbat ehiztari edo lizentzia dago?

Aldatu egiten da urtez urte; ez dakit zehazki zenbat diren, baina uste dut 40.000 inguru direla. Euskal Herrian munduko bigarren ehiztari-dentsitate altuena dago; Maltan dago altuena.

Baina ba al dago guztientzat ehizarik? Zer ehizatzen dute?

(Argazkia: E. Imaz).

Euskal Herrian, beste toki askotan bezala, ahal dena ehizatzen da. Baina bi gune bereizi behar dira: Bizkaian, Gipuzkoan eta Iparraldean nagusiki migratzaileak ehizatzen dituzte. Araba eta Nafarroako hegoaldean, berriz, migratzaileak intentsitate txikiagoz ehizatzen dira, eta espezie sedentarioak ere ehizatzen dira, nagusiki eperra, erbia eta untxia. Ehiza xeheaz ari naiz, betiere. Ehiza larriari dagokionez, Euskal Herri osoan ehizatzen da, basurdea, orkatza eta oreina kasu. Ehiza larriarentzat garai onak direla esan daiteke, eta txarrak ehiza xehearentzat.

Ehiza egiteko hainbat modu daude. Zein dira ohikoenak gure inguruan?

Ohikoenak, ehiza xehearen eta migratzaileen barruan, zalantzarik gabe, hauek dira: uso-postuetatik egiten den usoaren ehiza; baita ehiza-zakurrarekin egiten den oilagorraren ehiza ere. Araban, zakurrarekin egiten den eperraren eta galeperraren ehiza ere bai. Eta, ehiza larrian, uxaldiak basurdeetara eta, azken urteetan, orkatzaren zelatako ehiza. Gorbeian (Araba eta Bizkaian) oreinetarako uxaldiak ere egiten dira.

Babesguneak izendatzean edo espezieren bat ehizatzea debekatzean, kexu izaten dira ehiztariak, ez zaie gustatzen, baina neurri hori bera beste lurraldeetan hartzea mesedegarria da hemengo ehiztarientzat.

Aipatu duzuna oso garrantzitsua da; izan ere, Europa mailan ez dago nazioarteko ehiza-planak egiten dituen plataformarik. Hori litzateke benetan interesgarria: Bizkaiko Foru Aldunditik Danimarka, Alemania, Finlandia eta Errusiako erakundeetara deitu, eta, adibidez, zentsoetan oinarrituta, oilagorrak aurten oso gaizki kumatu duela esaten badute, hemen ehizatu ezin izatea. Baina horrelakorik ez dugu. Hori da gure arazo larrienetakoa.

Bestetik, migratzaileen ehizean bada printzipio bat, solidaritate printzipioa, baina ez da kontuan hartzen. Horregatik, inoiz ez zait gustatu kontrapasa. Ez ehizatzen den uso-kopuruagatik. Ez zait txukuna iruditzen joaneko bidaia luzean tirokatu, negu-pasan ere tirokatu eta kumatzera itzultzen direnean berriz ere ehizatzea. Eta, gainera, beste espezie asko kumatzen ari den garaian.

Lehen ehiza egiteko moduak aipatu ditugu; bakoitza desberdin kudeatu beharko da, ezta?

Bai, noski. Migraziokoan, adibidez, nik kupuekin kontuz ibiltzea aldarrikatzen dut. Horrekin, gutxienez, batzuetan, ehiza migratzaileak EHan izaten dituen sedentarismo gogorreko egun horietan —hotzaldiak direla, eguraldi txarra…— izugarrizko harrapaketak egitea eragozten da. Oilagorretan gertatzen dira halakoak, adibidez.

Sedentarioetan kasuan-kasuan aztertu beharko litzateke. Batetik, eskura dagoen populazioa aztertu behar da; bestetik, habitataren oinarrizko azterketa egin behar da. Hori guztia kupo batean islatu behar da eta, azkenik, jarraipena egin.

Jarraipenik egiten al da?

Kezkagarria da, baina zati hori ia erabat albo batera utzita dago. Oso plan ona egin genezake, bost urtera eredu demografikoak finkatuz, baina bigarren urtean kotoa erre egin bada, plana berraztertu beharra dago; edo bi urtez izugarrizko lehortea izan badugu, berdin. Jarraipenaren-fase hori araudian nola artikulatu zen ez zait asko gustatzen.

Kontuz, hala ere. Normalean, kupo eta planekin ehiza gehiago mugatzea izaten dugu gogoan. Baina kontrakoa ere gerta daiteke. Azken bi urteotan, Nafarroan untxi-populazioa asko hazi da; hori zoragarria da ikuspuntu ekologikoaren aldetik. Baina lehengo planean eguneko 2 untxi ehiza bazitezkeen, orain, agian, 10era igo daiteke kupoa. Planak erreminta dinamikoa izan behar du.

Bai, baina, akaso lehengo untxi-kopuruarekin eta kupoekin arrano bakarra elika zitekeen ozta-ozta. Untxia gehitzean, ordea, kupoa igo eta arranoak lehengoan jarrai dezala? Edo horien egoera hobetzeko aukera ere aztertzen da?

Orkatza, Euskal Herrian gero eta gehiago ehizatzen den espeziea. (Argazkia: E. Imaz).

Hori litzateke egokiena bai. Teorian, ordenazio-plan batean predatzaileak, fauna nola dagoen, harrapariak… kontuan izan beharko lirateke, baina ezin dugu inor engainatu; gehienetan ehiza bera da planaren muina. Teknikari batek animaliak ehiza baino lehen fauna diren printzipioa erabili eta ekosistema osoa ikusi behar luke. Baina zentsoetan ez dugu horrenbeste lan egiten harraparien dentsitateekin. Zergatik?

Ehiztariak ezin du doktore-tesi bat ordaindu plan bakoitzean. Galdera honetan teknikarien erabateko etika aldarrikatzen duzu eta horrek kezkatu egiten nau, badakidalako planak mahaitik altxa gabe egin dituzten teknikariak badirela.

Gutxieneko kudeaketa duten lurraldeek lur-eremu libreek baino fauna gehiago dutela esan izan duzu. Ehizarako espezieak edukitzeak eta kudeatzeak beste espezieei ere mesede egiten die, espezie enblematikoekin gertatzen den eran?

Hartza eta horrelakoak aterki-espezie deitzen ditugunetakoak dira. Hartzaren kudeaketa ona egitean, ustez basoaren kudeaketa ona egiten da eta hori beste hainbaten mesederako da. Ehizaren kasuan, ehizakiak espezie harrapakinak izan ohi dira, piramide trofikoan behean daudenak, eta ez dut ikusten aurrekoek bezala jokatzen dutenik. Noski, planifikazioaren ondorioz kupoak errespetau egiten dira eta habitatak hobetu... eta, printzipioz habitat-hobetze horiek ekosistema guztiarentzat ere mesedegarri izan daitezke; ikuspuntu horretatik begiratuta bai, mesedegarri dira.

Historikoki ‘piztiak’ hil egin izan dira kotoetan. Oraindik egiten da horrelakorik?

Harrapariak hiltzen dira, bai, horiek baitira azken finean piztiak, eta arazoa sortzen dituzte zenbait tokitan; bereziki harrapari generalistek. Baina horien kontrola oso tradizio gutxikoa da, interes gutxikoa, neke handikoa, eta, gainera, ez dute batere interes gastronomikorik. Ehiza-garaia bukatzean, ehiztariak ahaztu egiten dira; ondo legoke baimenak eskatzea, korbidoak gutxitzeko, adibidez. Garai batean, astakeria bat egiten zen: pozoia erabili. Gaur egun, ordea, beste teknika batzuetara jo behar da: tranpa-sistema bat homologatu, bizirik edo hilda jasotako animaliak norabait eraman… Gure araudietan hori ez dago finkatuta.

Generalistez gain, benetan erbi, untxi eta eperrak hil ditzaketenak, arrano beltza, eguzki-arranoa, hontz handia, aztore-arranoa eta abar, zoritxarrez, oso gutxi dira. Eta, bestetik, karniboroak daude; nik uste dut, oro har, inon ez direla arazo.

Bai, baina nor gara horien kontrolaz erabakitzeko? Azeriak harrapakinen lepotik ugaritu badira, zenbateraino sar genezake eskua?

Jabeen, titularren eta administrazioaren arteko marko komertzial bat finkatuta dagoen unetik beretik joko-arau batzuk daude. Ez du balio esateak hemen kobratu egiten dugula, kudeaketa egiten dugula…, baina eperren kapitalarekin amaituko duen azeri-ugaritze handia badago, ezin dela azeririk ukitu. Ez litzaidake ondo irudituko. Azkenean, ehizak, jarduera gisa, desagertu egin behar duela esan beharko genuke, eta ekosistemak bere kasa jarraitu beharko lukeela. Baina, logikoki, bere kasa hori ez da eranaturalean jarraitzea.

Bestalde, ez dut ehizaren errentagarritasun ekonomiko hutsa aldarrikatuko, baina ez dut alde batera utziko. Izan ere, landa-populazioa gutxitzen ari den tokietan, ehizak, gutxienez, mugimendu ekonomiko garrantzitsua sortzen du. Estatu espainiarrean 400.000 milioi pezeta mugitzen dituela kalkulatu da.

Elkarrizketa osoa: www.zientzia.net

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia