Mark Anderson-ekin solasean
1987/12/01 Barandiaran, Mariaje Iturria: Elhuyar aldizkaria
Elhuyar– "Water Chemistry" Wisconsineko unibertsitateko sailetako bat da. Azalduko al diguzu mesedez zein den sailaren lan-eremua?
Mark Anderson– Uraren kimikak, ura disolbatzailerik garrantzitsuena deneko disoluzio eta esegiduren azterketa egiten du. Duela 25 urte hasi ziren eremu honetan lanean Wisconsineko unibertsitatean osasunaren kimikaren adar moduan. Ikasle graduatuek, masterra edo doktoradutza egiten diharduten ikasleek alegia, egiten dute lan sail honetan eta beren jatorria bariatua da: Injinerutza zibila, ingurugiro-injinerutza, injunerutza kimikoa, geokimika, zoruaren kimika eta kimika orokorra.
Bertan lan egiten duten irakasleak aparte, 22 ikasle graduatuk lan egiten dute egun uraren kimika izeneko sail honetan.
Hasiera batean, proiektu hau laku eta ibaien moduko ur-sistemak aztertzeko antolatu zen. Egun, sistema heterogenoen azterketa eta beste zenbait industri proiektu ere lantzen da.
M. Anderson– Nere taldeak, koloideen kimika aztertzen du; burdin, titanio-, aluminio- eta silizio-oxido hidratatuen koloideak batez ere. Sistema hauen interfasea eta partikula/partikula elkarrekintzak aztertzen ditugu. Guzti hau alor hauetan aplikatzen da: mintz zeramiko, katalisatzaileen prestakuntza, fotokatalisatzaile eta sentsore zeramikoen alorrean.
E.– Langitza hori aurrera era-man ahal izateko, zein teknika erabiltzen duzue?
M. Anderson– Alde batetik "in situ" teknikak erabiltzen ditugu eta bestetik teknika standardak. Azken hauen artean, gainazalean gertatzen diren karga-aldaketak aztertzeko elektroforesia eta titrazio potentziometriokoa erabiltzen ditugu. Partikulen tamaina eta partikulen ordenaketa aztertzeko argi-sakabanatze kuasiestatikoa eta protoi-korrelaziozko espektroskopia erabiltzen ditugu.
Gainazalean gertatzen diren erreakzioen kimika interpretatzeko infragorrizko espektroskopia eta barne-isladapen zilindrikoa erabiltzen ditugu. Erreakzio-beroak neurtzeko mikrokalorimetria egokia gertatzen zaigu. Beste teknika batzuk X izpiko difrakzioa, elektroi-difrakzioa, analisi termiko diferentziala eta termograbimetria dira.
E.– Zure taldeak lurrazpiko uren poluzioa aztertzen du. Zein ondoriotara iritsi zarete?M. Anderson– Mikropoluitzaileak oxidoen gainazalean nola absorbatzen diren aztertzen ari gara. Oxido hauek oso ondo absorbatzen dituzte solutu organiko eta ez-organikoak eta hauen migrazioa atzeratu egiten dute. Guk lortutako mekanismoak modelatzaileek erabiliko dituzte ondoren mikropoluitzaileen jokamoldea aurresateko.
Gaurregun, molekulen mugimendua kuantitatiboki aurresan ahal izateko puntutik urrun gaude. Gainazal solido batean zein espezie absorbatuko diren kualitatiboki esaterik badugu. Horretarako zenbait aldagai fisiko/kimiko kontutan hartu behar izango dugu: pHa, indar ionikoa eta solutuaren kontzentrazioa. Hala ere interpretazio kuantitatiborik ez daukagu.
E.– Etorkizunari begira, zein asmo eta proiektu dauzkazu?
M. Anderson– Gure lan-eremurik kitzikagarriena, mintz zeramikoen alorra da. Guk garatutako partikula/partikula teknologia erabiltzen ari gara solak sortzeko. Sol hauek gelifikatu egiten dira aerogel eta xerogel, zeintzuek mintzak eratzen bait dituzte, bilakatuz. Koloide hauen kimika kontrolatuz poroen tamaina eta mintzaren egitura kontrola ditzakegu. Mintz hauek katalisian, fotokatalisian, ultrairagazketan, alderantzizko osmosian eta mikrorreakziotan erabil daitezke. Uste dugunez beste hamar urtez arituko gara oraindik lan-alor honetan.
E.– Elkarrizketa honi amaiera emateko, galdera orokor bat egin nahi dizut. Zein da uren egoera EEBBtan?M. Anderson– Une honetan EEBBtan uraren kalitateari buruz daukagun arazo larrienetako bat, lurrazpiko uren poluzioa da. Hondakinen botatzeaz ez gara orain arte kezkatu eta egun arazoaren neurriaz ohartzen ari gara. Lurrazpiko tangetan gertatutako isuriak, hondakin toxikoen botatze eta zabortegi inkontrolatuak, gure ur-erreserben kalitatea arriskutan jartzen ari dira. Arazo hauek konpodu beharra dago eta horretarako, urak garbitzeko alegia, teknologia aurreratu eta sofistikatuak erabili beharko dira. Mintz zeramiko aurreratuen bidezko fotokatalisia horretarako teknika egokia izan daiteke etorkizunean.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia