Marmokak, gelatinazko arantzak
2005/09/04 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Batez ere abuztu-amaieran eta irailean iristen dira marmokak Euskal Herriko hondartzetara. Eta eragozpenak sortzen dituzte: itsasbeherarekin hondarretan gelditzen dira batzuk, eta urertzean paseatzen dutenek horiek saihestu behar izaten dituzte pauso bakoitzean. Uretan igeri egiteko ere gogaikarri samarrak gertatzen dira: garro bat ukitzea nahikoa da marmokak pozoia ziztatzeko.
Marmokaren ziztada ez da larria izaten normalean, baina mingarria bai. Izan ere, gainerakoan nahiko ezezagunak diren arren, ederki daki edonork marmokekin kontuz ibili behar dela. Dena dela, ez dira pozoitsuak marmoka-espezie guztiak, gizakiarentzako behinik behin.
Hemen datoz marmokak
Ozeano guztietan daude marmokak, hotz zein epeletan; eta ur gezako aintzira handietan ere badira. Izan ere, marmoka-espezie asko dago. Gure kostaldera iritsi ohi dena Pelagia noctiluca izenekoa da, eta Bizkaiko Golkoan eta, oro har, Atlantikoan ez ezik, Mediterraneoan ere ugaria da.
Marmokak itsaso zabalean bizi ohi dira. Baina ez dute bere kabuz mugitzeko gaitasun handirik, eta, ondorioz, itsas lasterrek eta, batez ere, haizeak bultzatuta joaten dira batera eta bestera; eta horrelaxe iristen dira kostara ere. Arazoa izaten da marmoka-multzoak hondartzara iristen direnean. Gizakiari traba egiten diote orduan, eta “marmoka-izurri” bat dagoela entzuten da maiz. Baina hori gehitxo esatea da.
Marmoka-multzoak itsasoak ekarrita iristen dira hondartzetara, baina ez guztietara; hondartza irekietara errazago iristen dira, eta orientazioak ere badu zerikusia. Hondartza horietan, halako marmoka-multzo handiak ikusita, izurri bat dela pentsa daiteke, baina ez dago hori ziurtatzeko daturik.
Esate baterako, marmoka-etorraldi bakoitzean garai batean baino marmoka gehiago dagoela esaten da, baina orain arte ez da marmoka-populazioaren jarraipenik egin. Beraz, uste hori oroimenean eta pertzepzioan soilik dago oinarritua.
Sinpleak bezain ikusgarriak
Pertzepzioak pertzepzio, zalantzarik ez da, marmokak ederrak eta ikusgarriak dira uretan. Batzuek ia ez dute kolorerik, eta asko kolore argikoak dira: arrosak, nabarrak, horixkak... baina kolore bizikoak ere badira: moreak, gorriak, urdinak...
Ikusgarriak dira batez ere ur sakon eta ilunetan argi egiten duten marmokak. Biolumineszentzia deritzo horri, eta konposatu kimiko jakin batzuen eraginez gertatzen da.
Dena dela, gauzarik sinpleenak omen dira ederrenak; eta marmoka benetan sinplea da. Ez du ez eskeletorik, ez garunik, ez bihotzik, ez birikarik, ez urdailik... Mintz-multzo bat baino ez dela dirudi, egoki antolatutako mintz-multzo bat. Esate baterako, mintz horiei esker hartzen du arnasa: oxigenoa mintzetan zehar sartzen da marmokaren gorputzera, eta karbono dioxidoa berdin, zuzenean mintzak zeharkatzen ditu kanpora ateratzeko.
Elikatzeko ere ez dauka sistema konplexurik. Garroak erabiltzen ditu harrapakina hauteman, harrapatu eta ahora eramateko. Arrain eta itsas animalia txikiak edo beste marmoka batzuk jaten ditu. Digestioa oso azkar egiten du, eta ahotik bertatik kanporatzen ditu hondakinak, ez baitauka uzkirik.
Marmoka ia itsua omen da. Ez du begirik, baina argia hautemateko sistema bat badu. Argia sentitzeko organoa marmokak duen txapel antzerako horren ertzetan dago, unbrelaren bueltan, alegia.
Beraz, argia eta itzalak edo ilunpea bereizten ditu. Dena dela, gehien erabiltzen duen sentimena ukimena da; izan ere, oso garro sentikorrak ditu. Arrain batek mugitzean sortzen duen bibrazioa hauteman dezake, eta ziztu bizian garroak horra zuzendu eta pozoia ziztatu.
Ziztada
Gizakiarentzako marmoka batzuk baino ez dira arriskutsuak. Batzuek heriotza ere eragin dezakete; Australiako kostaldera iristen den kutxa-marmoka ( Chironex fleckeri ), esate baterako, oso izen txarrekoa da. Eta izen txar horren atzean izana dago: urtero hamaika lagun hiltzen da kutxa-marmokak ziztatuta. Munduko animaliarik pozoitsuenetako bat da.
Euskal kostaldera ez da halako marmokarik iristen, normalean; eta gaitz erdi. Baina hemengoek ere ziztatzen dute pozoia, eta, sastada hilgarria ez izan arren, zinez da mingarria. Marmokaren garroak azala ukitutakoan, itsatsi egiten zaio, eta pozoia injektatzen du.
Garroa marmokaren gorputzetik askatu arren, ziztatzen jarraitzen du. Horregatik, garroa itsatsita geratzen bada, lehenbailehen kentzea komeni da. Baina aurrez 'hil' egin behar da garro hori nolabait. Azido azetikoa erabiltzen da horretarako; ozpina, azken finean. Ur geza ez omen da inolaz erabili behar, besterik ezean itsasoko ura hobea da.
Esan bezala, marmokaren garroak gorputzetik askatutakoan ere arriskutsuak dira. Horregatik, jendea babesteko ez da baliagarria hondartzak sarez inguratzea; izan ere, marmokek sarean trabatu eta garroak gal ditzakete. Marmokak ez ziztatzeko zuhurrena kontuz ibiltzea da: marmokak ongi irabazia du zor zaion errespetua.
7K-n argitaratua.