}

Marrazo zuria zopan

2006/01/16 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Marrazo-hegatsarekin egindako zopak estimazio handia du Asiako hainbat herrialdetan; marrazo-hegatsen merkatu handiena Hong Kongen dago. Bada, DNA-azterketak egin dituzte merkatu horretan, eta merkatuaren % 40 hamalau espeziek osatzen dutela ikusi dute. Bada, horietako espezie batzuk legez babestuta daude.

Istorioa duela urte batzuk hasi zen: Floridako Guy Harvey ikerketa-institutuko genetista-talde batek hainbat marrazo-espezie bereizteko DNA-test bat garatu zuen. Orduan, Estatu Batuetako gobernuak laguntza eskatu zien konfiskatuta zituen marrazo-hegats batzuk analizatzeko —900 kilo marrazo-hegats lehor—.

Ikertzaileek, DNA-testaren bidez, marrazo zuriaren hegatsak aurkitu zituzten. Gehienak marrazo zuri txikien hegatsak ziren: bi metro luze gehienez. Agian, trofeo gisa gordetzeko txikiegiak ziren marrazo haien barailak eta haginak, eta etekina beste era batera atera nahi izan zieten. Marrazo-hegatsak ondo ordaintzen dituzte Asiako merkatuetan, eta hara bideratu zituzten.

Kontua da marrazo zuria ehizatzea debekatua dagoela 2004tik Estatu Batuetan —eta beste herri batzuetan—, arriskuan dauden espezieen nazioarteko salmenta kontrolatzeko konbentzioaren arabera (CITES).

Hura ikusita, Asiako merkatua ikertu beharra ikusi zuten. Eta horra hor emaitza: debekatutako marrazo-espezieen hegatsak aurkitu zituzten.

Horrenbestez, espezie horiek babesteko neurri zorrotzagoak hartu beharko dira.

Argazkia: Montereyko badiako akuarioa.