}

Marrazoek gel bat erabiltzen dute hotza sentitzeko

2003/01/30 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Ur hotz eta beroagoak bereizi eta jana non dagoen jakiteko, marrazoek buru-muturrean duten gel bat erabiltzen dute. Tenperatura-aldaketen eraginez, gel horrek korronte elektrikoa sorrarazten du marrazoen sudurrean.

Marrazoak oso sentikorrak dira tenperaturarekiko, ezagutzen diren bizidunik sentikorrenak dira ziur aski, eta badirudi gakoa muturrean duten gelean dagoela. Gela laborategian berotuz, ikertzaileak konturatu dira 0,1 ºC-ko tenperatura-aldaketari ere erantzuten diola. Horrek esan nahi du marrazoak gai direla uraren tenperatura zehaztasun handiz detektatzeko eta, ondorioz, baita jana ere.

Izan ere, tenperatura desberdineko ur-masen arteko mugetan, arrainen fronte handiak bildu ohi dira, eta marrazoak adituak dira horiek atzematen. Ikertzaileen ustez, gelaren sentikortasun handiari esker dira abilak. Kimikoki, ordea, gela ez da hain berezia, gelatina arruntaren antzekoa baita. Propietate elektrikoak ditu oso bestelakoak.

Oraingoz, marrazoetan, arraietan eta katuarrainetan detektatu dute gela, baina beste itsas animalia batzuek ere izan dezaketela uste da.

Ugaztunok, berriz, zelula-mintzetan dauden egitura bereziak erabiltzen ditugu tenperatura neurtzeko. Egitura horiei ioi-kanal deritze eta han ere korronte elektrikoa sortzen da, baina ez gela dagoelako, ioiak pasatzen direlako baizik. Marrazoek, aldiz, ez dute kanalik erabiltzen, azaleko poroetan duten gela baizik.

Ikerketaren berri Nature aldizkariak eman du gaur.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia